Xabier Mikel Errekondo

Euskaraz bizi nahi dut

Euskara da bertako hizkuntza, besteak atzerritarrak dira, eta nik euskaraz bizi nahi dut euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herrian. Ez dit axola euskara munduko hizkuntzarik ederrena denetz, nirea delako maite baitut. Baina, harro nago lehengo konkistatzaileenak bezala egungoen irain eta mehatxuen gainetik aurrerapen nabarmenak egiten jakin duelako. Lagunartean, medioetan, maila tekniko zein zientifikoan, unibertsitatean, notaritzan, administrazio agirietan... Gainera, sare sozialak lekuko, oker idatzita ere uler daiteke behintzat eta… Eta, hori bai, bizia, alaia eta koloretsua da, pentsa Pirritx, Porrotx eta Marimototsen hizkuntza!

Erre egiten dit ordea egoera diglosiko itogarria gainditu ez izanak. Begira Katalunia, bat-batean populazioaren herena adina etorkin jaso arren murgiltze ereduak lagunduta gizarteratzen asmatu duena. Beraz, arazoa soilik gurea da, euskararen normalizazioa lortzeko ezinbestekoa dugu hizkuntza politika aurrerakoi eta ausarta, eta murgiltze eredua ikasgela guztietara zabalduko duena. Baina, tokitan gaude. Iparraldean, egoera eskasari eusten ere nahikoa lan bada. Ekialdean, zonifikazioaren minbiziak eta baliabide ezak euskal lurralde desertizatua bilakatuko du Nafarroa neurri zorrotzak hartu ezean. Baina, mendebaldeko hiru probintzietako Hezkuntza eta Hizkuntza Sailburu Kristina Uriartek kezkatu nau gehien, egungo errealitate soziolinguistikoa mantentzea duela helburu aitortu duenean. Hots, A eta B ereduen bidez elebakarrak erdaldun huts jarrai dezaten egoera diglosikoa areagotuz. Hain justu, CIUko hezkuntza parlamentariak aitortu zidana, hurrengo LOMCEren hizkuntza dekretuak Kataluniako murgiltze eredua zartarazi nahi duela gurea bezalako eredua ezarriz.

Jaurlaritzak ez du konturatu nahi Wert-Uriarte akordioa pozoi hutsa dela Kataluniako murgiltze ereduarentzat? Ala beste akordioren baten ordaina da? Bada, merkatu kontutan ari bagara, arrazoi bat gehiago trukean aldatzeko kataluniar eta euskal gobernuak! •