ENEEK
NEKAZARITZA ETA ELIKADURA EKOLOGIKOA

Eusko Jaurlaritzak nekazaritza ekologikoari ematen dion babesa indartuko du

Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetza eta ENEEK Euskadiko Nekazaritza Ekologikoaren Sustapenerako Plana lantzen ari dira, 2014-2016 eperako. 2013ko ekoizpen ekologikoaren datuen aurkezpenean Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak adierazi bezala, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lehentasunetako bat da nekazaritza ekologikoaren ekoizpen eredua bultzatzea, ingurumenaren iraunkortasuna hobetzen aurrera eginez. Hori dela eta, gehitu zuen, une honetan idazten ari den 2014-2020 Landa Garapen Programan ekoizpen eredu ekologikoari pisu handia ematen ari zaio.

Nekazaritza ekologikoaren datuak 2013an

ENEEKren datuen arabera, eragile ekologikoen kopuruak %8 egin du gora EAEn, 2012ko datuekin alderatuta (28 eragile gehiago, guztira 389). Lurraldeka, eragileen %40 gipuzkoarrak dira, %30 bizkaitarrak eta %30 arabarrak. Labore ekologikoek hartzen duten azalerak ere %8 egin du gora, 2.627 hektarearaino. Azalera osotik, %59 larre, belardi, bazka eta labore proteaginosoak dira; %20 mahastiak; %6 zerealak eta lekale aleak; %6 fruta arbolak; %5 beste labore batzuk; eta %4 ortuariak.

Mahastia da azalera gehien hartzen duen labore ekologikoa, nahiz eta 2012tik 2013ra mahastion azalera %13 txikitu (521,5 hektarea mahasti ekologiko daude orotara, gehienak Araban). Antzeko joera izan zuen lekale aleen azalerak: %23 gutxiago izan ziren 2013an. Hazkundea izan duten landaketen artean, ortuariak (104,4 hektarea guztira, %44ko hazkundea), ekilorea (23,3 hektarea), olibondoak (13,1 hektarea) eta tuberkuluak (21,9 hektarea) nabarmentzen dira. Abeltzaintzan, etxalde kopurua txikitu egin da, 77 azienda izateraino (2012an baino bederatzi gutxiago). Azpijardueraka, arrautzatarako hegazti hazkuntza (%23), okelatarako behiak (%21) eta okelatarako ardiak (%18) dira orientazio nagusiak.

Elikadura ekologikoaren arloan EAE eraldatzaile kopuruan eta aniztasunean nabarmentzen da (128 eraldatzaile guztira, gehienak enpresa familiarrak). Enpresa hauen laurdena inguru Bizkaian daude (%23); beste laurden bat Araban (%25), eta erdia pasatxo Gipuzkoan (%52). Lehengai begetalen eraldaketan, duten garrantziagatik sailkatuta, okintza, ardogintza eta sagardogintza nabarmentzen dira. Animalietatik eratorritako elikagaien elaborazioan, azpimarratzekoak dira gaztandegiak, arrautzen ontziratzea eta arrain kontserbak.

Diru sarrerei dagokionez, EAEko eragile ekologikoen fakturazio bateratua 13 milioi eurokoa izan zen 2013an (2012koa baino %30 handiagoa).

Urtez urte, elikagai ekologikoen ekoizpena eta kontsumoa handituz doa, joera baten adierazgarri. Orozek datuen aurkezpenean esan bezala, nekazaritza ekologikoak hazkunderako aukera asko dauzka EAEn. Roman Bengoa ENEEK-ko lehendakariak kontseiluaren helburu zehatza ere adierazi zuen: 2016rako Euskadiko eragile kopurua bikoiztea. Helburu horiekin, 2014-2016 Euskadiko Nekazaritza Ekologikoaren Sustapenerako Plana garatzen ari dira Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetza eta ENEEK. Oraindik planaren zehaztasunak ezagutzen ez badira ere, lan ildoen artean ekoizpen ekologikoari buruzko prestakuntza eta informazio transferentzia bultzatzea dago, aholkularitza zerbitzuak emateko egitura indartuz. Arlo honetan, emaitza esanguratsuak eman ditzake berriki Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak sinatu duten lankidetza hitzarmenak. Ezagutzak transferitzea bultzatuko da, lantalde euskaldun-katalan bat eratuz, ekoizpen ekologikoa bultzatzea helburu duten lankidetza proiektu zehatzak abian jartzeko.

Planean ekoizpen konbentzionaletik ekologikora konbertsioa egiteko eta lehenengo instalakuntzentzako laguntzak, azpiegituren hobekuntzarako eta zirkuitu laburren sustapenerako laguntzak (ekologikoari lehentasuna emanez), eta elikagai ekologikoen sustapen eta promoziorako bideak ere zehaztuko dira. Ekoizle ekologikoek jasotzen dituzten laguntza zuzenek bere horretan jarraituko dute, ekoizpen eredu ekologikoak dauzkan gainkostuak konpentsatu eta gizarteari baserritar ekologikoak “dohainik” eskaintzen dizkion onura anbientalak nolabait ordaintzeko.

Nekazaritza ekologikoa erabakigarritasunez bultzatzeko asmoarekin, Eusko Jaurlaritza Europar Batasunaren bidean jarri da. Martxoaren bukaeran Europako Batzordeak kaleratutako Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Sustapen Planaren helburuetariko asko bat datoz Euskadin marraztutako lan ildoekin. Izan ere, Europako Batzordearen dokumentuak berak sarreran azpimarratzen duenez, ekoizpen ekologikoak iraunkortasunerako giltzetariko asko dauzka, eta bere izaera berritzailea mantendu eta sustatu behar da, eredugarri izanez, ekoizpen konbentzionalean ematen diren jarduera kaltegarrietan aldaketa positiboak eragin ditzan.