Jose Angel Oria
hondakinak

Indiako Ozeanoa bera ere plastiko zabortegi bihurtuta daukagu

Bost milioi kilometro koadroko azalera duen zabor orbana aurkitu dute Indiako Ozeanoan, hau da, Euskal Herriaren azalera halako 250. Malaysian Airlines konpainiaren hegazkinaren kutxa beltzak aurkitzeko ahaleginari esker adituek oso garbi ikusi dute uste baino askoz ere plastiko gehiago dagoela ozeanoaren azalean.

Malaysian Airlines konpainiaren hegazkinaren bila jarraitzen dute Indiako Ozeanoan, Australiaren eta Afrikaren artean, baina inolako fruiturik lortu gabe. Joan den asteartean eten egin zituzten bilaketa lanak, zikloi baten eraginez. Edonola ere, martxoaren 8an desagertutako aparatua aurkitzeko itxaropenak erabat galduta daude, eta Boeing 777 hegazkinak lurra hartu izanaren hipotesia berriz indartu dute begirale batzuek, horrenbeste diru eta energia inbertitu ondoren ez baitute ezer aurkitu.

Bilaketa lanek argi utzi dute beste ozeanoetan atzemandako arazo bera dugula Indiako Ozeanoan ere: zabor uharte ikaragarriak. Abioiaren kutxa beltzak aurkitzeko ahaleginari esker adituek oso garbi ikusi dute uste baino askoz ere plastiko gehiago dagoela Indiako Ozeanoaren azalean; «jitoan dauden plastikozko benetako ekosistemak», Carlota Mingek Playgroundmag.net webgunean idatzi duenez.

Beste ozeanoetako plastikozko uharteak gehiago aztertu izan dira Indiako Ozeanoan aurkitutakoa baino. 2010ean jakinarazi zuen Marcus Eriksen 5 Gires Institute erakundeko sortzaileak hondakin orban erraldoia aurkitu zuela ozeano horretan. Perth Australiako mendebaldeko hiritik Afrika aldera joan zen eta, bere kalkuluen arabera, bost milioi kilometro koadroko azalera duen orbana aurkitu zuen, hau da, Euskal Herriaren azalera halako 250. Plastikozko uharte erraldoia Australiaren eta Afrikaren artean dago, erdi bidean, azken irudien arabera. Itsaslasterrek Afrika aldera bultzatzen dute, bertan hegoaldera egingo du eta Australia aldera itzuliko da, zientzialariak esplikatu duenez. Sei urteko bidaia, gutxi gorabehera. Eriksenek erantsi du Malaysiako hegazkina usten den lekuan erori bazen, bere hondakinak honezkero mendebalderako bidean direla, Madagaskarreko bidean, orban handiarekin bat egiteko. Ozeanoaren erdian geratzen ez baldin badira, adituak ez du aukera hori baztertu, hondakinek urtebete beharko dute Afrikara iristeko.

Arazoa aztertu duten zientzialariek diotenez, Ozeano Barea da plastiko gehien pilatu duena: 46.000 zati kilometro koadro bakoitzeko. 18 milioi tona plastiko dago ozeano horren azalean (askoz ere gehiago hondoan, hamar aldiz gehiago kalkulu batzuen arabera), eta hondakin horiek Texas AEBetako estatuaren azalera duen uharte bat ere sortu dute (uharterik handiena aipatzeagatik).

Honela genion GAUR8n orain bost urte: «Lurretik itsasora doan plastiko gehiena, ordea, hondora doa. Hondora doanak ere kutsatzen al du? ‘Normalean gehiago aipatzen da azaleko plastikoak duen eragina: dortokak, zetazeoak, hegaztiak... Plastiko piezaren formaren arabera, hondoko abere asko ere harrapatuta geratzen dira –Ana de la Torriente itsas zientzialariaren arabera–. Gure espedizioetan askotan ikusi izan ditugu sare zatietan harrapatutako abereak, plastikozko botilatan nahastuta geratu diren arrainak, krustazeoak... Zati horiek hondoan batetik bestera joaten direnean, kaltea eragiten diete bertan dauden espezie batzuei, mugitzen ez diren espeziei... Koralezko uharriak ere kaltetzen dituzte. Edonola ere, hondora doan plastikoak eragiten duen kaltea bestea baino gutxiago ikertu da’, esan digu Oceana nazioarteko erakundeko adituak».

Ozeanoan sortzen ari diren orbanak aurkitzeko teknologia garatu gabe dago oraindik. Horregatik, itsasoko kutsadura ikertzeko hegazkinek eta sateliteek bidalitako irudiak oso garrantzitsuak direla esan dute zientzialariek.

Kathleen Dohan Seattleko Lurraren eta Espazioaren Ikerketa Zentroko adituak uste du irudi horiek erabili behar direla une honetan hondakin orbanak dokumentatzeko: «Lehen aldiz, mundu guztia horra begira dago; herritarrek ulertu behar dute gure ozeanoak zabortegi bihurtuta daudela».