Amalur Artola
INTXORTAKO GUDA

Lau eguneko oldarraldiari eutsi ziotenen larruan sartuta oroituko dute urteurrena

Gure historia oroitzeko era ezberdinak daude, baina, maiz, ez da erraza izaten memoriaren biziraupena aisialdiaren esparrura eramatea. Intxorta 1937 kultur elkartearen ekimenez, Elgetan sartuta frankistek Bizkairako sarbidea izan zuteneko unea birsortuko dute dozenaka lagunek, orain 77 urte oldarraldia izan zen leku berean.

 Intxortako guda: Lau eguneko oldarraldiari eutsi ziotenen larruan sartuta oroituko dute urteurrena
Intxortako guda: Lau eguneko oldarraldiari eutsi ziotenen larruan sartuta oroituko dute urteurrena

Inor gutxi ausartzen da memoria historikoa berreskuratu eta belaunaldi berrietara hedatzeak duen garrantzia ezbaian jartzera, gertakari horiek aski balio baitute “nondik gatoz” eta “nora goaz” galderei erantzuna ematerako orduan. Hori ondo baino hobeto dakite Intxorta 1937 kultur elkarteko kideek ere eta horregatik antzeztuko dute, aurten bigarrengoz, orain 77 urte Elgeta eta Elorrio artean dauden Intxorta mendietan gertatutakoa: lau eguneko oldarraldiaren ostean, Molak gidaturiko frankistek Intxorta hartu eta handik Bizkaia bere egiteko bidea ireki zuten. Bihar, hilak 27, dozenaka pertsona oldarraldi horretan parte hartu zutenen larruan sartuko dira, eta, historiako pasarte hura gogora ekartzeaz batera, hildako gudariak omendu eta egun osoko jaia ospatuko dute. Esan gabe doa deialdia interesa duen edonori zabalik dagoela.

Elgeta: Bizkaia hartzeko gakoa

Bi bataila garrantzitsu eman ziren Elgetan, bata 1936ko urriaren 4an eta, bigarrena, 1937ko apirilaren 20tik 24ra bitartean. Bigarren hori da bihar Intxorta mendietan antzeztuko dutena, baina, hura ulertzeko, aurrekariak nabarmendu dizkigu Josuren Murgizu Intxorta 1937 kultur elkarteko kideak: «36ko urrian hartu zuen Molak Gipuzkoa. Debaraino iritsi eta, Arrasate hartuta, Bergarara iritsi zen». Bere asmoa lurraldea hartzen jarraitzea zela gaineratu du Murgizuk eta, hala, hasiera batean Bizkaian jarri zuen begia. Tropa frankistak Bergara eta Arrasaten finkatu eta handik Elgetan zegoen frontea eraistea zen bere lehen asmoa. Murgizuren hitzetan, Molak bazekien Elgeta hartuz gero Elorriora jaitsi eta Bizkaia «erraz samar» hartzeko modua izango zuela, «baldin eta bi lurraldeak bereizten zituen barrera defentsiboa desegitea lortzen bazuen». Baina gauzak ez ziren hark uste bezala suertatu: Gipuzkoan batailak galtzen zihoazen neurrian, miliziano eta gudariek atzera egin zuten eta Elgetan bildu ziren, Bizkaia eta Gipuzkoa arteko muga desiratu horretan indarra egin asmoz.

Aldi berean, urriaren hastapenetan Jesus Monzonek eskuratutako armamentua iritsi zen herrira: «Material mordoa erostea lortu zuen, txekiarra batez ere, eta Lezora iritsi behar zuen nabigatzaile baten bidez milaka arma sartu zituen portura. Ordura arte gudariek eskura zutenarekin egiten zuten borroka, Gipuzkoa lau gauzarekin defendatu zuten, eta orain, zaharrak izanda ere, armak zituzten».

Gauzak hala, urriaren 4an saiatu zen lehendabizikoz Mola Elgeta hartzen. Baina ez zituen Intxortako milizianoak ustekabean hartu eta jeneral frankistari etorri zen bidetik joatea besterik ez zitzaion geratu: «Sekulako jipoia eman zioten Molari. Hamalau pertsona gatibu hartzea ere lortu zuten, baita hainbat agintari eta armamentua ere. Frontea egonkortu egin zen eta hala eman zituzten zazpi hilabete. Aldi berean Euzko Jaurlaritza sortu zen [1936ko urriaren 7an eratu zen, EAJko Jose Antonio Agirre lehendakari zuela]. Historiako lehenengoa izan zen eta armada erregular bat ekarri zuen berarekin; ordura arte alderdi edo ideologien arabera eratzen ziren batailoiak eta, egoera berriarekin, armada osotuagoa eta egokiago armatua sortu zen».

Emakume gerlari ahaztezinak

Lehen oldarraldi hartatik bitxikeria bat ere kontatu du Murgizuk: gudari guztien memorian iltzatuta geratu diren bi emakume gerlariak. «Irunen borrokan aritu ziren miliziano belgikar batzuk agertu ziren gudarien ondoan borroka egin asmoz, horien artean bi emakume. Metraileta astun bat ekarri zuten beraiekin. Asentzio inguruan finkatu ziren, lekurik kritikoenean, eta erasotzaile frankisten artean sekulako sarraskiak eragin zituzten. Infanterian baja asko eragin zituzten, eta gero desagertu egin ziren». Urriaren 4ko oldarraldiaren ostean frontea egonkortu eta Madrilera borroka egitera joan zirela uste da. Izan ere, Bizkaia hartzeko ezintasunaren aurrean Francok Madril hartzeko asmoa erakutsi zuen, estrategikoki eta batez ere nazioartera begira, hiriburua hartzeak garrantzia zuelakoan.

Murgizuk gaineratu duenez, belgikarrak berehala desagertu baziren ere, Elgetan oraindik ondo baino hobekiago oroitzen dituzte haiekin zeuden bi emakumeak: «Intxortan egon zen inori ez zitzaion emakume horiek han egon zirela ahaztu, gora igo ziren emakume bakarrak izan zirelako. Bitxia da, inork ez daki esaten zenbat kide zituen belgikarren taldeak, baina emakumeez ederki asko gogoratzen dira! Denen memorian geratu dira. Ikertu ditugu, haiekin egon zen jendearekin hitz egiteko aukera izan dugu, baina oso zaila da emakume haien identitatea ezagutzea. Espainian borroka egitera iritsi ziren lehen brigadista internazionalistak izan zirela badakigu, lehenak Irunera etorri baitziren. Boluntario gisa etorri ziren, Frantziatik hona ekartzen utzi zieten armamentua zekarten eurekin, eta Elgetaraino behintzat iritsi ziren».

Belgak joan, frontea egonkortu eta Mola Madrili begira jarrita, zazpi hilabete eman zituzten Intxortan aparteko oldarraldirik gabe. Murgizuk azaldu du «tiroketaren bat edo beste» izan zela, baina frontea egonkor mantendu zen frankistek Madril hartzeko ahaleginetan amore eman eta, «batez ere alemaniarren gomendioz, Francok iparraldea hartzea erabaki zuen arte». Eta, 36an bezala, Molak berriro ere Elgetan, Bizkaiko atean, finkatu zituen begiak: «Bertan sekulako jipoia jasotakoa izanda ere, itzultzea erabaki zuen Mola jeneralak. Baina, zer gertatu zen? Italiarren gurdi blindatuekin etorri zela lehendabizi, eta, horiek Elgetara iritsi aurretik gerarazita, abiazio italiar eta alemaniarrarekin etorri zela. 37ko apirilaren 20a zen. Zurrumurruak etengabeak ziren. Lehendabizi, hiru orduz tiroka aritu ziren. Gero abiazioa sartu zen joko-zelaian. Eta, azkenik, oldarraldia etorri zen. Indar-oreka bat eta zazpikoa zen; gure gizon bakoitzeko euren zazpi zeuden. Eta, hala ere, lau egun horietan zehar milizianoek jipoi bat bestearen atzetik eman zieten, azkenean frontea haustea lortu zuten arte», azaldu du Murgizuk.

Hala ere, nabarmendu du frontea ez zela Elgetatik zetorren oldarraldiaren ondorioz erori: Besaiden sortu zen haustura, Bizkaia alderago eginda, bertan zeuden brigadista nafarrei aurrea hartu, Elorrio euren egin eta Elgeta babesten ari ziren gudariei atzetik eraso izanaren ondorioz. Elgeta utzi eta gehienek Eibar eta Bizkaia aldera ihes egitea lortu zuten.

Lau eguneko oldarraldiari eusten

Fronteak ia lau egunez iraun izana azaltzeko gakoengatik galdetuta, Murgizuk erabilitako estrategia aipatu du: «Hor nabarmentzen da Elgetako alor defentsiboa ongi aztertuta zegoela, bizkorrak zirela, eskura zituzten bitarteko murritzak ondo baino hobeto erabiltzen jakin zutela. Laurehun gudari baino apur bat gehiagok zazpi mila gizonen oldarraldia jasan zuten eta, gainera, egurra eman zieten». Zehaztu duenez, gudariek babeslekuak eraiki zituzten eta bertan gordeta egin zieten aurre bonbardaketa guztiei. «Bazekiten abiazioaren oldarraldi hura amaitzen zenean infanteria sartuko zela eta, orduan, korrika batean bakoitza bere postura joaten zen, armak hartzen zituzten eta aurre egiten zieten. Hortik sarraskia».

Frankistek Intxortan 70 baja izan zituztela esan zutela ekarri du gogora Murgizuk baina, ziurtasunez, askoz gehiago izan zirela baieztatu du: «Guk badakigu, gutxienez, bost komandante galdu zituztela bertan eta, bost komandante erortzerako, auskalo zenbat soldadu galdu zituzten... Bost komandante, teniente mordoa, alferezak... Ziurtasunez dakigu esan zutena baino askoz baja gehiago izan zituztela».

Italiarrek bonbardatu zuten

1937ko apirilaren 24an erori zen Intxorta eta, harekin batera, Elgeta. Bizkairako atea zabalik zuten tropa frankistek. Ordurako, baina, Elgeta suntsituta zeukaten. «Orain arte ez genekien ziurtasunez Eibar eta Elgeta italiarrek edo alemaniarrek bonbardatu ote zuten, Kondor legioa edo italiar legioaren abiazioa izan ote ziren. Orain gutxi jakin dugu italiarrak izan zirela», argitu du Murgizuk. Kontatu duenez, Durangoko bonbardaketa ikertzen ari zirela, Gerediaga elkarteko kideek Elgeta eta Eibarreko oldarraldiak argitzen dituen materiala aurkitu zuten. «Bonbardatzen ari ziren bitartean airetik argazkiak atera zituzten italiarrek, eta Gerediagak irudi horiek aurkitu ditu. Abiazio italiarrak Erroman duen artxibategian aurkitu dituzte. Bonbardaketez hitz egitean Kondor legioa aipatzen da beti, baina italiarrek sekulako sarraskiak egin zituzten hemen, eta sekula ez dute barkamenik eskatu». Aurrez italiarrak izan zitezkeela pentsatzen zutela azaldu du Murgizuk, eta argazkiek zalantza argitu diela.

Italiarrek, beraz, gudariek Elgeta utzi aurretik suntsitu zuten herria. «Baina ordurako zibilak herritik aterarazi zituen Euzko Jaurlaritzak. Bonbardaketak etenik gabekoak zirenez, handik atera eta Elorrioko baserrietara edo senideen etxeetara joan ziren. Francok ez zuen behin ere halakorik egin, ez zitzaion inporta populazio zibila etengabe bonbardatzea, baja zibilak izatea. Elgeta hustu bazuten ere, zenbait baserritan geratzea erabaki zuten eta, egun ezagutzen ditugun biktimak, batez ere baserri horietan geratu zirenak dira. Izugarrikeriak egin zituzten». Bada basakeriak zenbaterainokoak izan ziren adierazten duen istoriorik: «Egindakoak gehiegikeriak izan zirela ikusita, frankistek beraiek mairu bat fusilatu zuten, apur bat ondo geratzeko edo, gaizki egindakoak ere zigortzen ziren itxurak egiteko. Eta Anttonirena ere hor dago. Oso istorio gogorra da. Mairuek jakin zuten Anttoni bizi zen baserrian jendea zegoela eta bertara joan ziren. Gauez azaldu zitzaizkien. Ama eta aita bere aurrean hil zizkioten eta, aitari buruan tiroa emateko puntuan zeudenean, senez, Anttonik eskua jarri zuen parean, aita tiroka ez zezaten. Atzamar bat galdu zuen. Gero, bortxatu egin zuten. Anttoni da gertatu zitzaiona kontatzeko adorea izan duen bakarra, baina badakigu antzeko kasu gehiago ere badaudela. Zazpi bai gutxienez. Oso indartsua izan behar da hura inori kontatzeko». Anttoniren kontakizuna, beste hainbatena bezalaxe, orain urte batzuk bildu zuen Intxorta 1937 kultur elkarteak “Hazia erein zenutenoi. Omenaldia” dokumentalean. Hura argitaratu eta urtebetera hil zen Anttoni.

1937ko gudaren errekreazioa

1937ko apirilean izan zen frontearen erorketa irudikatzen dute Elgetako errekreazio historikoan. Hura ikustera doazen guztiek bertan jazotakoaren berri zehatza izango ez dutela jakinda –eta, jakinda ere, historia tarteka oroimenera ekarri behar dela–, narratzaile batek jartzen dio zentzua bisitariek ikusi eta entzuten dutenari. «Iaz taula baten gainean jarri genuen, eskuartean makil bat zuela, eta bataila hasi baino apur bat lehenago historia kontatzen hasi zen. Aurten gauza bera egingo dugu. Narratzailea erdian egongo da; eskuinean gudariak daude, eta ‘gaiztoak’ gero sartzen dira jokoan. Garrantzitsua iruditzen zaigu bertan daudenek zer gertatzen ari den ulertzea, ez izatea tiro truke bat soilik. Datak, alde banatan zeuden formazio ezberdinak, batailoiak, milizianoak... Narratzaileak horien gaineko informazioa emango die ikusleei», azaldu du Murgizuk. Narrazio «nahiko sinplea», bere hitzetan, baina bertan gertatzen ari denaz jabetzeko baliagarria.

Antzezpenerako erabiltzen dituzten jantzi eta materialengatik galdetuta, gudariz janztea «ikaragarri erraza» dela azaldu du Murgizuk, «gizajoek ezer gutxi zutelako. Buzo zahar bat, gomazko botak, zira... 36ko negua hotza izan zen eta bero mantentzeko arropa behar zuten, baita euritik babesteko zirak ere. Arrantzaleek erabiltzen zituzten zira guztiak Bizkaia aldera bidali zituzten». Errekreazio historikoan erabiliko dituzten gainerako jantziak eta banderak jostun batek egin dizkie enkarguz eta batzuek Euzko Jaurlaritzako bereizgarria daramate gerrikoaren belarrian: «Indusketa batean topatu zuten eta guk haren letoizko erreplika egin dugu. Garaian Zornotzako fabrika batean egiten zituzten, baina gureak Txinatik datoz», aipatu du, barrez. Batez ere saltzeko atera zituztela dio eta bihar Elgetan jarriko diren postuetan eskuratu ahal izango direla. «Batailoien pinak ere baditugu. Orain gutxi atera dugu lurpetik EAJko gudariren baten pina eta haren erreplika ere egin dugu», nabarmendu du. Eta urteurrenaren karira propio atera duten “Intxortako irrintzia” argitalpena eskuratzeko aukera ere izango da: garaiko eta egungo gaiak biltzen ditu, bi aldien arteko loturak eginez.

Armamentuari dagokionean, garaikoen erreplikak eta jatorrizkoak ere erabiltzen dituztela nabarmendu du: «Ezgaituak, noski. Garaiko mauserrak [jatorri alemaniarreko fusilak] erosi ditugu, eta 9 mm Parabellum kartutxoak erabiltzen dituen pistola bat ere badugu. Ez dugu denontzat adina eta batzuk eskuko bonbekin doaz. Eta museoan ditugunak ere erabiltzen ditugu: bi metrailadore, mortero bat eta, aurten, kainoi bat ere erabiliko dugu». Zaurituak ateratzeko andazainak ere izango dituztela gaineratu du.

Zarata irudikatzeko megafonia erabiliko dute (hegazkinen zarata, tiroketak...) eta efektuen plangintza Asondo pirotekniak egin die (tiroak, kea...).

Aurten bigarrengoz egingo dute Intxortako gudaren antzezpena eta, iaz izandako arrakasta ikusita, jendetza eta giro bikaina gailentzea espero dutela aitortu du Murgizuk. «Iaz egin zigun eguraldiarekin ez genuen askorik espero, eta, ikusitakoa ikusita, aurten giro bikaina espero dugu. Bezperan egin ohi dugu entsegua, eta, iaz, elurra izan genuen: goitik behera lokaztuta amaitu genuen. Sekulako hotza egiten zuen gainera! Hurrengo egunean euria izan genuen, dezenteko haizea zebilen eta jende gutxi izango genuela uste genuen, baina bi mila pertsona inguru bildu ziren berregitea ikusteko. Iazkoa lehendabiziko aldia zenez, aurten jende gehiago batuko dela uste dugu».

Bi mila ikusle batu zituen iaz Intxortako batailaren berregiteak, baina, antzezpenean bertan, 90 pertsona inguruk hartu zuten parte. «Eta beste asko behar izan ziren trafikoa mozteko, mugak zehazteko...», azaldu du Murgizuk. Aurten, denera 130 pertsona izango dira, eta, antzezpenaz gainera, jaia egun osora hedatuko dela aurreikusten dutela onartu du. Horretarako egitaraua ere prestatu dute: «Aurten Intxorta 1937 kultur elkarteko materiala saltzeko postua jarriko dugu, txistulariak egongo dira, parranda giroa sortu nahi dugu eta giro hori Elgetaraino eraman. Han arituko gara antzezlanean parte hartu dugunok, gure jantzi, pistola eta tramankulu guztiekin poteoan...». Izan ere, antzezpena amaituta manifestazioan jaitsiko dira Elgeta aldera eta, iaz bezala, geldialdia egingo dute Salbadorreko ermitan hildako gudariei omenaldia egiteko. «Gerran gurasoak hil zizkioten Elgetako bizilagun batek dirua eman zuen han hil ziren guztiak omenduko zituen monumentu bat egiteko. Goian badago bat, baina EAJk jarri zuen, [Pablo] Beldarrain eta bere batailoiari [Martiartu] omen egiteko. Egia da batailoi hura izan zela erasoaldiei gehien aurre egin ziena, baina Intxortan ez ziren eurak bakarrik egon».

Sentsibilitatea

Intxortako Gudaren errekreazioak bi atal edo zati dituela esan daiteke. Lehena, antzezleak eta ikusleak ezberdintzen dituena; hau da, Intxortako gainean egiten den antzezpena bera. Eta, bigarrena, ikusleak ere antzezpenean sartzen dituena. Murgizuk azaldu duenez, iaz behinik behin, Salbadorrerako bidea hartu orduko igarri zuten ikusle askok gertakariarekiko duten sentsibilitatea: «Aurten, iaz bezala, erreketeen kapitaina izatea egokitu zait. ‘Gaizto’ guztien buru izango naiz, inork ez baitu horien papera jokatu nahi, denek gudari izan nahi dute! Iaz sekulako giroa izan genuen. Antzezpena amaitu eta Salbador aldera jaisten hasi orduko konturatu ginen errekreazioak jendearen sentikortasunean zuen eragina, eta egon zen jendea, batez ere adineko batzuk, malaletxe guztiarekin guri ‘fatxa’ deika aritu zirenak. Bazekiten, noski, errekreazioa zela, baina barru-barrutik irteten zitzaien. Orduko kontuak oso barnean daramatzate batzuek eta ona da ateratzea. Barre asko egin genuen, baten batek ‘¡Viva Cristo Rey!’ oihukatu zuen eta guk, haren ordez, ‘¡Viva Barbara Rey!’ erantzun genion», oroitu du, barrez. Aurten, garaiko kantuak berreskuratu eta ikasten ari dira, beherako bidean antzezpenak segida izan dezan: «Erreketeek kantu asko abesten zituzten euskaraz, ‘Oriamendi’ esaterako [karlisten ereserkia], baita ‘Txantxibiri’ eta halako abesti herrikoiak ere. Horiek beherako bidean abestuko ditugu, baina baita gero herrian ere, txikiteoan gabiltzala».

Festak, beraz, Elgetan izango du segida eta, parte hartzen dutenek, gure historiako pasarte garrantzitsu batean murgildu eta gero herrian jai giroaz bustitzeko aukera izango dute. Murgizuk azaldu bezala, «asmoa gertatu zena era ludiko eta parte-hartzailean gogoratzea baita, baina baita jendeak adierazi eta barruan duena ateratzea ere, eta, noski, historia kontatzea, Intxortan gertatu zena jendeak sekula ahantz ez dezan».

HISTORIA EZAGUTZEKO BITARTEKO GEHIAGO

Errekreazioaren helburua Intxortan jazotakoa gogoraraztea eta bertan hildakoak omentzea da, baina baita historiaren zati hori gordetzen duen espaziora jendea erakartzea ere: Elgetako Memoria Historikoaren Interpretazio Zentroa. Espaloia kafe antzokiaren eraikinean dago museoa, eta, bertan, Elgetan gertatutakoa azaltzen duten panel eta ikus-entzunezkoak, garaiko armen erakusketa eta Intxortako lubakietan bildutako material ezberdina (koilarak, bonbak, txanponak, txapak, banderak...) ikusteko aukera dago. Elgetako herriak bizi izan zuen errepresioaz, bortxaketez eta euskararen zapalkuntzaz ere hitz egiten da espazio horretan.
Museoaz gainera, Intxorta 1937 kultur elkarteak bi orduko bisitaldi gidatuak proposatzen ditu (aurrez ordua hartuta), Intxortako historia eta lubakiak ezagutzeko. Museoari bisitaldia egin eta dokumental labur bat ikusi ostean, Elgetatik Asentziora doa ibilbidea, bertan izan ziren oldarraldiak azaltzeko. Intxorta aldera eginda azaltzen dira elkarteak berreskuratu dituen lubaki eta babeslekuak. «Gudariek erabili zuten defentsa sistema ezagutzeko aukera dago: hasiera batean baserritarren harresiak erabili eta lur-zakuak pilatu zituzten, baina gero hura artilleriarentzat jomuga erraza zela konturatu eta, oldarraldien arteko zazpi hilabeteko geldiunean, defentsa sistema hobetu zuten. Lerro zuzenean beharrean sigi-sagan antolatu zituzten», azaldu du Josuren Murgizu elkarteko kideak. 
Hura ikusita, Intxorta Txiki mendiaren magalera igo eta, Anboto eta Elorriok eskaintzen duten paisaia ikusita, Salbadorreko ermitara jaisten dira, gudariek lau mortero astun ezarri zituzten lekura hain zuzen. Intxortan hil zirenen omenaldia bertan egingo da biharkoan. Handik Elgetara jaisten dira berriro, ibilbideari amaiera emateko.
Informazio gehiago nahi izanez gero, aipatzekoa da Intxorta 1937 elkarteko kideek gaiaren gaineko liburu, dokumental eta material mordoa dutela argitaratua. Informazio gehiago: www.intxorta.org.

EGITARAUA

10.15: Gudari eta milizianoen hamarretakoa plazan.

10:30: Agintariei ongietorria Espaloia kafe antzokian.

11.00: Kanpai hotsarekin batera, gudariak trintxeretara igoko dira.

11.30: Antzezpena Intxortako Atean.

12:00: Erretratuak atera eta lubakiak ikusteko aukera.

12.30: Manifestazioa Elgetara.

12.45: Lore eskaintza Salbadorren.

14.45: Bazkaria.

Egunean zehar, Elgetan: Memoria Historikoko taldeen material salmenta, trikitilariak, mugarik gabeko txuntxuneroak, umeentzako gunea...