Unai Belaustegi

Langile mugimendua

Langile mugimenduari buruz Eric Hobsbawm Britainia Handiko historialari eta komunista ospetsuak idatzi zuen liburua irakurtzen ari naiz, eta urte dezente igaro badira ere, egungo egoerarekin konparaketak egitera bultzatzen nau etengabe. Liburuaren pasarteetako batean, Leninen “berezkotasunaren” teoria bere azalpenekin osatu zuen. Leninek, kontzientzia sindikalaren eta kontzientzia sozialistaren arteko banaketa egin zuen. Kontzientzia sindikala, talde antolatu baten baitan langile mugimenduan berez sortzen den kontzientzia litzateke, arazo ekonomikoei nolabaiteko erantzun bat eman nahi zaionean. Esperientzia horretatik, ordea, ez da sekula kontzientzia edo estrategia sozialistarik sortuko, horretarako klaseen arteko harremana/talka beharrezkoa baita.

Hobsbawmek, Leninek aipatzen dituen bi ikuskerak uztartu zituen. Batetik, langile klaseak berez aldarrikapen zehatzak betetzen dituela, eta gainera sistemarekiko aurkakotasun bat adierazi ohi duela, nahiz eta bigarren hau, krisi garaian ezik, oso ahula izan. Beraz, sistema kapitalista egonkorra den testuinguruan, langile mugimendua kapitalismoa onartzera iristen da.

Hobsbawm eta Leninen teoriek krisi garaian beste esanahi bat hartuko lukete: sistema kapitalista langileen gutxieneko beharrak asetzera iristen ez denean, aldarrikapen zehatzen gainetik sistemarekiko aurkakotasuna nagusituko da. Zenbait historialarik langile klasearen heriotza duela hamarkada batzuk iragarri zuten, langileen aniztasuna bitarteko, baina langile klaserik ezean ere, milioika langabe dituen Estatuan gehiengo bat bil dezaketen ezaugarri asko daude. Orduan, zergatik sistemaren aurkako aldarrikapenek ez dute oraindik bi autore hauek aurreikusi zuten oihartzunik hartu? Nahiz eta haserrea sentitu, sistema bera uste baino barneratuago dugulako guztiok. •