Maider Eizmendi
ESPAZIOA ETA DENBORA

Leku dikotomia hautsi eta emakumeak aintzat hartuko dituen memoria eraiki

«Desberdintasun sistemak sortu, zabaldu egiten dira, eta, zorionez, transformatu ere egin daitezke». Hala uste du Teresa Del Valle antropologoak. Espazioak, denborak eta memoriak kritika feministan eta bere ikerketan izandako zeresana ahotan hartu eta komunikabideen erantzukizunean jarri du arreta Leioan egindako saioan.

Teresa Del Valle, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean eskaini zuen hitzaldian. Marisol RAMIREZ | AZGAZKI PRESS
Teresa Del Valle, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean eskaini zuen hitzaldian. Marisol RAMIREZ | AZGAZKI PRESS

Espazioak, denborak edota memoriak duten sostengu kulturala ahotan hartuta aritu zen Tesera del Valle antropologo entzutetsua Leioan egin berri diren VI. Emakumeak eta Komunikabideak jardunaldietan.

Bere lan eta ikerketa ibilbidean ezinbesteko izan diren azterketa gai eta kontzeptuenganako interesetik abiatu zuen bere hizketaldia, eta kontzeptu horiek ikuspegi feministan nola txertatu dituen azaldu zuen. «Nire lanaren oinarria gizartea hobeto ezagutzen saiatzea izan da, gizarteak nola sortzen diren, nola ezartzen dituzten beren arauak eta nola sortzen diren desberdintasun prozesuak aztertu dut», laburbildu zuen. Izan ere, «desberdintasun sistemak sortu, zabaldu, eta, zorionez, transformatu ere» egin daitezkeela nabarmendu zuen: «Feminismotik eta kritika feministatik –jarraitu zuen–, azken hori bilatzen jarraitzen dugu».

Bi espazio

Kritika feministan «lekuak» duen garrantzia azpimarratu zuen Del Vallek, batez ere, lekuen baitan sortu diren dikotomiak gainditzearekin lotuta. «Gure gizartean dikotomia sendoak sortu dira leku publiko eta pribatuen artean. Emakumeen aurkako indarkeria leku horietan presente dago, eta agerikoa da indarkeriak espazio pribatuetan habia egiten duenean askoz ere zailagoa dela berau begiztatzea». Hala ere, zera argitu nahi izan zuen: «Argi dago indarkeriak espazio pribatuan errotzeko askoz ere aukera handiagoa duela; horrek ez du esan nahi, ordea, espazio publikoan ibilbidea egiten duten pertsonak indarkeriatik salbu daudela». Emakumeok, beraz, bi espazio horien baitan nabigatzeko saialdi berezia egin behar dugula aipatu zuen.

Arlo horretan mugimendu feministak espazioen garrantzia mahaiaren gainean jartzeko saialdi berezia egin duela adierazi zuen, bestak beste, euren protestetan leku publikoak hartu dituztelako feministek, kasu askotan, «oso esanguratsuak» direnak.

Memoria osatu

Lekua eta denborari lotuta, “mugarri” kontzeptuari heldu zion Del Vallek, bai eta honek memoria osatzeko orduan duen zeresanari ere. «Mende aldaketa mugarriak aztertzeko une garrantzitsua izan da; eta haiek aztertzen konturatu nintzen emakumeok ezin dugula mugarri izan, ez gaituztela mugarri gisa hartzen, gutxiengoan gaudela».

Zentzu horretan, komunikabideei zeresan handia aitortu zien. «Komunikabideek botere handia dute, espazio publikoak direlako, eta, aldi berean, mugarriak sortzeko gaitasuna dutelako», nabarmendu zuen Del Vallek.

Garrantzitsu jo zuen, hala ere, bere aniztasunean mugimendu feministaren eta komunikabideen arteko artikulazioa indartzea. «Nik ez dut burtsaz ulertzen, eta, ondorioz, gaiaz idatzi beharko banu, lehenik eta behin alor horretan aditu den pertsona batengana joko nuke, eta gaian sakontzeko dokumentazioa ere topatuko nuke; gauza bera egin beharko litzateke, esaterako, emakumeen aurkako indarkeria jorratu behar denean», aipatu zuen Del Vallek. Eta proposamen gisa aipatu zuen, esaterako, Leioan egin berri diren jardunaldien pareko ekimenetan emakumeen aurkako indarkeriaren edota mugimendu feministaren inguruko notizien tratamendua bermatzeko dekalogoak osatzea.

Bere hizketaldia amaitzeko, esku hartuta, helburuak lortzeko pausoak eman behar direla aipatu zuen Del Vallek, bai norbanako gisa bai arlo desberdinetako profesional gisa ere. «Ez da behar-beharrezkoa ezer garrantzitsua izatea, aldaketa behar duen hori eraldatzeko prozesua abian jartzea da, izan ere, garrantzitsuena», nabarmendu zuen antropologoak.