Estaturik gabeko herrialdeen doinura eta erritmora dantzatuko da Galdakao
Galdakaoko Andra Mari taldeak 59 urte daramatza euskal kultura ezagutu, gorde eta zabaltzeko lanetan. Bide horretan pauso berri bat eman eta lehenengoz antolatu du estaturik gabeko herrien musika jaialdia. Maiatzaren 9an eta 10ean Euskal Herriko, Eskoziako, Okzitaniako eta Kataluniako taupadak sentituko dira Galdakaon.

Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak dagoeneko bide luzea egin du. Ez alferrik badira 59 urte martxan hasi zela. Eta denboraren joanean ez dituzte ahaztu bere sorrerako arrazoiak. Jose Angel Sagasti, taldeko presidenteak, ekarri ditu gogora: «Bi helburu nagusirekin jaio zen Andra Mari. Alde batetik, identitate abertzalea gordetzea. Garai gogorrak ziren eta beharra zegoen horretarako. Eta, bestetik, gure sustraiak, folkloreari dagokionez, ezagutzea, gordetzea eta zabaltzea. Horiek izan ziren taldea sortzeko arrazoiak».
Azken 59 urte hauetan ez omen dute ahaztu zertarako sortu zen taldea eta nola sortu zen herrigintzatik. Eta beti daukate begirada herrian jarrita, Sagasti berak nabarmentzen duenez: «Hilero-hilero antolatzen ditugu emanaldiak herrian. Urteotan dagoeneko hitzordu finkoak dauzkagu jarriak eta mugimendu dezente darabilgu. Baina, esan bezala, beti daukagu buruan Galdakaoko herria eta hain une gogorrak bizi dituen honetan, krisi ekonomikoa eta bestelako krisiak medio, herria gozatzeko zerbait egin behar genuela pentsatu genuen».
Hortik sortu da estaturik gabeko herrien lehendabiziko musika jaialdia. «Asmoa da bi egunez musika kalera ateratzea, herria eta herritarrak alaitzea eta, bide batez, gure egoera berdinean dauden herrien berri ematea». Izan ere, maiatzaren 9an eta 10ean Galdakaon bilduko diren musikariek tasun komun hori izango dute: estaturik gabeko herrietako herritarrak dira. Euskal Herria, Eskozia, Okzitania eta Kataluniako taldeek osatzen dute egitarau aberatsa.
«Talde bezala urteotan bidaia asko egin ditugu, Europara nagusiki, jaialdi desberdinetan parte hartzera. Eskoziarrak, kataluniarrak, okzitaniarrak... horiekin dagoeneko harremana dugu, eta ondo ulertzen dugu elkar, ez bakarrik kulturalki, herritar bezala egoera berdintsuak bizi ditugu eta horri buruz berba asko egin dugu. Eta horrek asko lotzen du», kontatu du Sagastik.
Andra Mari taldeko kideek oso garbi izan dute sorreratik kulturaren ezagutzak nolako garrantzia eta pisua duen herri batentzat. «Zuk ez badakizu nondik zatozen, gatzagoa izango da jakitea non zauden eta nora ailegatu behar duzun. Gure iragana aztertzen jarraitzen dugu badakigulako ez dagoela ez orainik ez etorkizunik iragan barik», nabarmendu du Sagastik. Hartara, taldearen lelo nagusia “Gurasoak umeari dana zor” esaera da. Izan ere, Andra Mari taldeko kideek oso garbi daukate «kulturarekiko ezagutzak hezi eta garatzen lagun dezakeela, gure nortasuna euskal munduan aurkitzen eta Euskal Herria munduan kokatzen».
Ondo pasatzea eta herrira alaitasuna ekartzea ere badago lehenengoz ospatuko den jaialdiaren helburuetan, «baina bestea ahaztu gabe, estaturik gabeko herrien errealitatea ahaztu gabe alegia», nabarmendu du Sagastik.
Maiatzaren 9rako eta 10erako egitarau aberatsa antolatu dute beraz. Kalean animazioa izango da bi egunetan eta, horrez gain, Kurtzeko plazan jarriko duten karpa batean kontzertuak izango dira bi egunotan.
Maiatzaren 9an, ostiralez, Andra Mari Musika taldea (Euskal Herria), Kherau (Euskal Herria) eta Mànran (Eskozia) taldeak arituko dira 21.00etatik aurrera. Eta larunbatean, maiatzaren 10ean, Xarnege (Okzitania), Korrontzi (Euskal Herria) eta Stukat del Bolet (Katalunia) taldeak, ordu berdinean hasita. Lehen eguneko kontzertuak dohainik izango dira eta bigarren eguneko sarrerak bost euro balio ditu.
Maitasun aitortza bat

«Teletetxoak», erretrobisoreak eta motxilak: torturaren itzala euskal gazterian

«Estatuak zuzenean egikaritu du indarkeria matxista bere funtzionarioen bidez»

Zikin, zaratatsu eta euskarazko hitzaren jabe
