Mikel Olasagasti
Sistema administraria
teknologia

Lurperatutako jokoen bila

ET estralurtarraren Atari 2600 bideokontsolarako sortutako jokoaren irudi bat.
ET estralurtarraren Atari 2600 bideokontsolarako sortutako jokoaren irudi bat.

Pasa den astean, Bilboko aireportuan, nire ordenagailu eramangarriko F5 tekla gastatu nuen ia-ia. Astebete da jada Domeinuak.eus webgune berria martxan jarri zenetik. Dena prest utzita bazegoen ere, prentsaurrekoaren ostean plazaratzekoa zen webgunea eta ez nuen hegazkinera igo nahi berau ikusi gabe. Urte askotako lanaren emaitza positiboa denean bat lasai joaten da oporretara.

Behin Oslon, 24 gradura eta gure hondartzetara etortzen diren kanpotarren modura karramarro bat bezain gorri jartzeko arriskua ekidin nahian, taberna batera sartu ginen. Prezioek zenbateko bihotzeko mina sor dezaketen alde batera utzita, egunkari batean agertzen zen berri bat barrez komentatu zuen lagun batek. Nonbait AEBetako Mexiko Berriko desertuan Atari 2600 plataformarako garatutako “ET” jokoaren diskoak berreskuratzea lortu omen dute. Lagunek berria oso ondo ulertzen ez zutenez, aspaldi ikasitako istorio bitxi honen inguruko azalpenak eman nizkien.

Hasteko, koka gaitezen Mexiko Berriko desertu batean. “Breaking Bad” telesaila ikusi duenak badu bertako orografiaren eta idortasunaren berri baina besteok jakin ezazue ez dela igandeko ohiko txango bat egiteko tokirik aproposena. Desertu horretara edo espresuki zerbaiten bila zoaz edo burugabe hutsa zara. Bestetik, jakin Atari 2600 bideojoko kontsola 1977an kaleratu zela eta Europara 1978an iritsi zela, arrakasta itzela lortuz. Urte batzuk geroago, 1982ko udan, Steven Spielbergek zuzendutako “ET” pelikula famatua estreinatu zen, berehalako fama lortuz.

Arrakasta horri esker, Warner Communications etxeak, egun Time Warner eta garaian Atariren jabea, Gabonetarako bideojoko bat garatzea pentsatu zuen Universal Pictures eta Spielbergi egitasmoa burutzeko baimenaren truke 20 eta 25 milioi dolar artean ordaindu ostean. Gabonetarako garaiz iristeko asmoz, garatzaile talde bati bost aste eta erdiko epea eman zioten jokoa gara zezan. Egia da garai bateko jokoak diseinatzeko ez zela beharrezkoa urteak lanean ematea egungo diseinuek eskatzen duten bezala, baino bost aste eta erdi oso epe laburra da. Spilberg berak aukeratu zuen garatzailea, Howard Scott Warshaw, aurretik sortutako bideojokoetan arrakasta handia lortua zuena. 1982an plazaratu zituen jokoak garatzeko bost eta zazpi hilabete behar izan zituenez, bost aste eta erdiko epeak zirrara sortu eta erronka onartu zuen. Produkzio osoaren kostua 125 milioi dolarrekoa izan zen.

Filmak izandako arrakasta lagun, bideojokoak ere bide bera zeraman, Gabonetarako milaka eskaera egin zirelarik. Hasieran jokoak salmenta kopuru altua izan arren, denbora gutxian hainbat denda jokoak itzultzen hasi ziren eta bide bera jarraitu zuten hainbat bezerok ere. Antza, Atari etxeak bost milioi kopia egin zituen eta hiru milioi eta erdi kopia baino gehiago geratu zitzaizkion saldu gabe. Izugarrizko porrota, handiegia.

Saldu gabeko kopia kopuruak bideojokoen merkatua gogor kolpatu zuen eta Atariren emaitza ekonomikoak erabat kaltetu zituen gertatutakoak. Bideojokoen industria osoari egin zion kalte “ET” bezalako hala-holako joko bat ekoitzi izanak. Egia da Atariren arazo ekonomikoen arrazoi bakarra ez zela “ET” filmean oinarritutako bideojokoa izan, lehenago ere arazoak izan baitzituen beste joko batzuekin. Aldiz, ziurrenik, “ET” jokoak izan du Atariren historian izen eta traturik txarrena.

Atari etxeak biltegian zituen milaka joko horientzat irtenbiderik egokiena Alamogordo hiriko kanpoaldean lurperatzea zela pentsatu zuen, eta kamioiak hainbat egunez ibili ziren materiala mugitzen. Alamogordoko gazteek jokoak non lurperatuta zeuden jakin zutenean bila hasi ziren, eta Atarik egindako hobian zementua botatzea eskatu zuen inork bilatzen jarrai ez zezan. 2013an, aldiz, Fuel Industries enpresa kanadarrari lurperatutako materiala berreskuratzeko baimena eman zitzaion.

2014ko apirilaren 26an, ordu batzuk lurpean bila ibili ostean, hobia aurkitu eta bertatik milaka joko atera zituzten. Microsoft etxea bera ere proiektu honen atzean izan da eta lurperatzearen zein ondorengo berreskurapenaren inguruan dokumental bat grabatu du, laster plazaratuko dena. Bitartean, norbaitek “ET” jokora jolastu nahi badu, eskuragarri dauka Archive.org proiektuari esker http://bit.ly/1ckacpx helbidean. Ni bost minutuz saiatu naiz jokoa ulertzen eta ulertu dudan bakarra jokoa lurperatu eta suntsitzeko arrazoiak asko zirela izan da. •