Iñaki Altuna
asteari zeharka begira

Prozesua taxutzeko elikagai berria

Azken hilabeteotan gatazkaren konponbidearen arloan urrats oso esanguratsuak egin dira: euskal preso politikoen jokabide aldaketa, armak eta leherkariak zenbatzeko eta armategiak zigilatzeko ETAk eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak (NEB) lortutako akordioa, eta euskal iheslariek jaioterrietara itzultzeko eginiko urratsa. Horietan faktore oso positiboak izan dira –egin ahala emaitzak lor daitezkeela erakutsi dutenak–, baina baita hutsuneak ere, batzuetan egindakoaren potentzialtasun osoa askatzen ez delako.

Bistan da ekimen horiek ezker abertzaletik edo ezker abertzaleak egindako estrategia aldaketatik etorri direla. Egia da, aldi berean, urratsok beste eragileak baldintzatu dituztela, eta, zenbaitetan, mugimendu onuragarriak ekarri dituztela. Adibidez, urtarrileko manifestazioan emandako erantzun bateratua edota Egiaztatze Batzordeak Euskal Herrian jasotako babesa. Zer esanik ez errepresaliatuak etxera bueltatzeak herrietan sortutako giroa.

Halere, ezin dezakegu ez ikusiarena egin ekimen horien ondotik etorri diren arazo zaharberrituak direla-eta. Ondorio kaltegarriak izango ditu Estatu espainoleko muturreko sektoreek, Parisko epaile bat lagun, nazioarteko eragileei egindako erasoak (Egiaztatze Batzordeko kideen zitazioa Auzitegi Nazionalean eta Harremanetarako Nazioarteko Taldekoena Baionako polizia-etxean), eragileon mugitzeko gaitasuna mugatuko duelako. Bestalde, EAJk –eta PSEk– konponbideak eskatzen duen sekuentzia adosteari eta betetzeari ihes egin diote justu, aipatu ekimenak eginda, bidean aurrera egiteko aukera berpiztu denean. Diotenez, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen defentsan hainbeste protagonismo hartzearekin beharbada urrutiegi joan zela uste du Urkulluk –konponbidearen ikuspuntutik hain txalogarria izan bazen ere–.

Horrelakoetan, betikora bueltatu ohi dira jeltzaleak, ezker abertzalea presionatzera eta Madrilgo Gobernuaren posizioa erraztera. Nola ulertu behar da Aberri Egunean Andoni Ortuzarrek euskal aberriaren etsairik handiena ETA izan dela esatea? Gernikako bonbardaketaren urteurrena baino egun gutxi batzuk lehenago halakorik esatea... Bista da EAJk beti plazaratu duela ETAren izanaz eta eginaz balorazio negatiboa, eta horrela izango da aurrerantzean ere, baina, konponbidean aurrera egin nahi bada, ezin dezake pentsa Ortuzarrek botatako premisa horren gainean taxuzko kontakizunik eraiki daitekeenik. Ezker abertzaleak Euskal Herriaren askatasunaren arazorik handiena EAJren traizioa izan dela tesi nagusitzat hartzea bezalakoxea litzateke. Ez dago horrelako oinarrien gainean gutxieneko begirunerik ere eraikitzerik.

Hauteskundeen gertutasunak ere eragina du, eta hautestontziekin hitzordua pasa arte alor honetan ezin daiteke inolako berririk espero.

Nolanahi ere, ondorioen konponbideak konponbide osoa eta aldaketa politikoa erraztuko balitu ere –horregatik, hain zuzen, PPk eusten die itxikeriari eta boikot jarrerari–, prozesua taxutzeko elikagai berria sortzen ari da. Erabakitzeko eskubidea oinarri, dinamika sozial eta politiko indartsuak eraiki daitezkeela dakusagu. Bai akordiorako –dela euskal eragile eta herritarren artean dela estatuekin– bai inposizioaren mugak hausteko bitarteko eraginkor gisa. Ibarretxek azaldutako “voice-exit” (“hitza ematen digute edo bagoaz”) horrek bide ematen dio aldebakarreko estrategiaren garapen gorenari. Aldebakartasuna ez baita “aldebikotasuna” iritsi arteko estrategia, une jakin batean aldebiko izaera onar/barnera dezakeen (hala izan dadin nahi duen) ibilbide osoko estrategia baizik.

Maiatzaren Lehenak parada eskaini beharko luke Euskal Herrian bideratu eta, zenbaitetan, behartu beharreko aldaketak ikuspuntu sozio-ekonomikoa ere barnebildu behar duela nabarmentzeko. Baita beste gizarte eredu baten alde borroka egiten dutenak edo borroka egiteko prest direnak fase historiko honetan erdietsi beharreko “haustura demokratiko” ezinbestekoaren elikagai bihurtu behar direla barneratzeko ere. •