Eleno Alkain eta Saioa Aginako
Psikoterapeutak
osasuna

Estresaren zurrunbiloan

pd10
pd10

Aste Santuko eta maiatzekojaiegunak amaitu dira; plazererako tarteek, lasaitasunak, egun pausatuekirrist egin dute. Etenik gabeko egunek lekua hartu diete presarik gabeko eta zernahi egiteko egunei. Erlojuari etengabe begiratu beharreko egunek txanda hartu diete erlojurik gabeko egunei. Hamaika lekutan batera egoteko gaitasuna izan nahi dugu, gure burua arnasestuaren musika errepikakorra entzutera kondenatu dugu, gure bihotza esprint erritmoan etengabe taupatzen dugu. Ondorio horiek guztiek izena dute: estresa. Gurekin bizi den hitza, erritmoa, ondorioa. Zer da estresa?Zertarako behar da?Zer ondorio ditu?
Estresa animali guztiok bizirauteko dugunmekanismoa da:bat-bateko egoerei aurre egiteko, momentu larrietan erabiltzeko, ihes egiteko… erabiltzen dugu. Bihotz taupadak gehitzea, arnasa azkartzea, giharren tentsioa handitzea, estresak dituen eraginetako batzuk dira. Mekanismo horiek bizitzan aurrera egiteko beharrezkoak ditugu, baina egoerok motzak, iraupen gutxikoak eta une zehatzetan erabiltzekoak dira. Estresa denboran zehar luzatzen bada–orduak, egunak, hilabeteak, urteak–, gure organismorako kaltegarria izatera pasatzen da. Gaur egungo gizartean, gainera, estresaez da bizirauteko bakarrik erabiltzen; eraikitako gizarte moderno honek estres batean bizitzera bultzatzen gaitu. Maila pertsonalean, familiarrean, sozialean eta laboralean estresaren eta bere ondorioenpresentzia etengabea eta handia da.
Inguru familiarra, esatebaterako,ingurumen kutunena da pertsona askorentzako; babes handiaeskaini ohi du eta gure bizitzaren lehen esparru soziala izan ohi da. Horregatik, familia giroan tratu txarrak, senideen arteko iskanbilak, gurasoen maitasun eza eta abarreko gertaerak pairatzeak estresean bizitzera eramaten gaitu. Maila sozialean estimulu asko ditugu, eta tentsio handiko giroetan bizi gara: etengabeko soinuak, mila koloretako mezuak, telebista, irratia, telefonomugikorra, autoa, desberdintasun sozialak… Eraiki dugun gizartea azkar eta bizia da; erlojuari begira dabil eta atsedenerako tarte eskasak eskaintzen ditu. Askotan bizitzari eskaintzen diogun gozamen tartea zirrikitu txiki bat besterik ez da.
Egoera sozialarekin batera, gaur egun gure gizartearen kezka nagusietako bat lanarena da. Suizidio kopurua handitzearen arrazoietako bat gaur egungo krisi egoera da:langabezia, lanordu amaigabeak, soldata eskasak… estresaren elikagai dira. Askotan,baldintzak kezkagarriak izan arren, lan eskaintza kaskar bati ezin diogu muzin egin egoerak bultzatuta. Buruari buelta asko ematen dizkiogu, ezinegona nagusitzen da, koherentzia eta beharra elkarrekin mokoka hasten dira, nahiak eta ezinak aurrez aurre topo egiten dute. Antsietatea, depresioa, erra… estresak eragindako ondorio zuzenak dira,gure bizipozean, ilusioan eta kemenean ondorio larriak sortzen dituzten ondorioak, bai maila pertsonalean bai gizarte mailan.
Krisia desagertzea, familia ingurumen egokian bizitzea, egoera sozial txukuna izatea izango lirateke estresari aurre egiteko irtenbide egokienak. Beste era batera esanda:gaur egun mirari bat beharko genuke gizarteari estresaren zama gainetik kentzeko. Kontua da mirariak Lourdesen gertatzen omen direla, eta, itxura denez, Lourdesezko AmaBirjina despistatu xamar dabil azken bolada honetan.
 
Horiek horrela, bizitza erritmoa aldatzea gure esku dago. Gure bizitzan, sarritan, aldaketa txikienak ere ondorio handiak izaten ditu; samina, egonezina, tristura, poza, irria eta malkoakgure kolkoan gorde beharrean desio dugunarekin konpartitu, atera, astinduko bagenitu, sabeleko, bularreko edo eztarriko estutasunek karga gutxiago izango lukete. Paseo bat ematea, gustuko zaletasun bat izatea, eguneroko zurrunbilotik aldentzea… erritmo frenetikotik irten eta sosegua aurkitzeko lehen urratsak izan daitezke. Familia, lagunak, maitatzen gaituztenak, guretzako garrantzitsuak diren pertsonak, egoera zailetan aterpe izan daitezke. Tuareg batek esan omen zuen:«Basamortua zeharkatzerakoan ur tanta guztiak dira garrantzitsuak bizirauteko».•


durundia@gmail.com