Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria
geltokiak

Gipuzkoa plazako ahate arreok

pd20
pd20

Gipuzkoa plazako ahate arreok, ba al duzue aberririk goizero berritzen den ur putzu horretatik kanpo? Ba al duzue hizkuntzarik belarriak mintzen dizkiguten karrakez aparte? Euskaraz hitz egiten al duzue zuen artean? Negar egin al zenuten Xalbadorri txistu jo zitzaionean? Ikurrina zuen gainean dantzan ikusten duzuenean tentetzen al dira zuen luma bustiak? Ala, gaur egun modan dagoen bezala, munduko hiritarrak zarete, banderetan sinesten ez duzuenak? Zuen artean ere ba al daude euskaldunak, espainiar-euskaldunak, euskaldun-frantsesak, espainiarrak soilik edo frantsesak soilik? Ba al duzue diasporarik? Sabino Aranaren teoriak irakurri al zenituzten? Eta Xahorenak? Erabakitze eskubidea gauzatzearen alde al zaudete? Ze iritzi daukazue Kataluniaz? Eta Eskoziaz? Ekainaren 8an emango al diguzue eskurik, edo hegorik, edo hankatxorik, edo dena delakorik? Gure historiaren lekuko izan zareten ahate harrook, aurrera al goaz? Edo atzera? Ikasiko al dugu sekula bidean “v”-ak edo “b”-ak marrazten edo, alderantziz, beti bezala joango gara, bakoitza bere alfabetoko letra banderatzat hartuta?
 
Gipuzkoa plazako ahate arreok, ikusten al dituzue ilunabarretan zuen aldameneko banku zurietan esertzen diren maiteminduak? Ironikoa al da zuen moko okertuetako irribarrea? Bankuetan musuka ikusten dituzuenean, lehen musuka ibilitako horiekin gogoratzen al zarete? Irakurtzen al dituzue egurrean egindako seinaleak, “betirako”, eta “bizitza osorako” eta halakoak, handik egun batzuetara udaletxeko langileek berriz zuriz pintatuko dituztenak –denborak ez du barkatzen–? Sinesten al duzue maitasun erromantikoan edo harreman libreak bizi dituzue zuen unibertso mugatu horretan? Ba al dago zuen artean kastitate botoa egin duen inor? Eta maitemintzen bazarete, poemak idazten pasatzen dituzue ilunabarrak edo, alderantziz, maitasuna sentitzeko ez, egiteko zerbait dela pentsatzen duzue? Eta egunkarietako sucesos orrialdeetara begiratu eta, zer pentsatzen duzue gutaz? Guri bezala lehertzen al zaizkizue zainak? Zuek, dena hain lasai, dena hain autonomo bizi duzuen ahate harrook, zergatik ez diguzue guk begiratzen dizuegun adinako harrokeriaz begiratzen?
 
Gipuzkoa plazako ahate arreok, irakurtzen al dituzue Marx, Kropotkin, Bakunin, Proudhon, Lenin, Troskiren teoriak? Ba al dago zuen artean komunistarik edo anarkistarik edo marxista-leninistarik edo anarko-sindikalistarik edo ateorik sikiera? Praktikatu al duzue desobedientzia zibilik sekula, turisten flashei ipurdia erakutsita edo ogi apurrei uko eginda? Ikasi al zenuten “Internazionala” euskaraz kantatzen edo oraindik ere lehenengo esaldiaren ondoren burua behera makurtzen duzue? Ibili al zineten Parisko 68an edo 68ko Parisen, ardo merkea edanez adokinen azpian hondartza bila? Joan al zineten Maiatzaren Leheneko manifestazioetara zuen langile eskubideak defendatzera? Urtero milaka turistaren begietatik pasatzen zaretenok, agertu al zineten egunkarietako lehenengo orrialdeetan? Entzun al zenituzten gazteak oihuka larunbat batez, Alde Zaharrean? Eta pilotakadak? Pilotakadak entzuten dituzuenean amorratzen al dira zuen hegoak? Ikusten al dituzue uso zuriak han goian? Ez al doaz zuriegi, goregi? Zuek, hankak lokatzetan behin baino gehiagotan sartzen dituzuen ahate harrook, sinesten al duzue Iraultzan?
Gipuzkoa plazako ahate arreok, ahate erreok, zergatik utzi zenioten hegan egiteari putzu xume baten eta ogi apur batzuen truke? Ez al duzue klase borrokan sinesten ogi apur guztiak zisne zuriek jaten dituztenean, turistek zuen hizkuntza zaharra mespretxatzen dutenean zisneen kantu eder unibertsal ustekoen aldamenean? Putzuak zerua islatzen duen egun eguzkitsu horietan libre izatea, libre izatea al da?•