amalur.artola@gaur8.info
«Xaldun Kortin»

Nafarroako ondareak emandako kantu, jolas eta abestien bilduma eraberritua

Euskararen transmisioan eman den etenak eta bizimoldeen aldaketak galbidean jarri ditu betiko jolas, kantu eta ipuinak. Horretaz jabetuta, Nafarroako ondarean arakatu eta haurrekin aritzeko baliabideak bildu eta hiru euskarritan (diskoa, bideoa eta liburua) argitaratu berri dituzte. Proiektuak «Xaldun Kortin» du izena.

Bortziriak
Bortziriak

Arantzako (Nafarroa) jolas bat da Xaldun Kortin. Zerbaiten ale batzuk eskuan gorde, bi eskuak itxi eta, ukabilak gora eta behera ibiliz, zera esaten da: «Xaldun kortin, pittit kortin, zenbaten artin?». Jolaskideak zenbat ale gorde dituzun asmatzen badu, aleak harentzat. Bestela, zuretzat. Jolas hori eta Nafarroa Garaiko tradioziozko beste dozenaka kanta, ipuin eta jolas biltzen ditu “Xaldun Kortin” proiektuak. «Betikoak, tradiziozkoak, gure kantu, kontu eta jolasak dira», laburbildu du Maite Lakar egitasmoko kideak. Bera da, beste hainbatekin batera, proiektua mamiz hornitu duenetariko bat.


Funtsean, haurrekin aritzeko baliabide sorta bat da “Xaldun Kortin”. Finean, hori baino askoz gehiago da: gizartean eman diren eraldaketen eta euskararen transmisioan izan den etenaren ondorioz galbidean zeuden Nafarroako tradiziozko ipuin, kantu eta jolasen herriz herriko bilketa lana egin, horiek sailkatu eta antzekotasun/ezberdintasunak ikusi, egokitu, eta, “Xaldun Kortin” izena emanda, haur zein helduek erabiltzeko moduan jarri dituzte, hiru euskarritan (bideoa, diskoa eta liburuxka).


Proiektuan buru-belarri sartuta batez ere azken bi urteak eman dituzten arren, haurrekin aritzeko baliabideak berreskuratzearen ideiak aspaldi ikusi zuen argia. Zehazki, hamarkada beteko lanaren fruituetariko bat da: «Orain hamalau urte hasi ginen Bortzirietako Mankomunitateko beka baten ondotik grabazioak egiten. Antzinako bizimodua ezagutzeko 50 elkarrizketatik gora egin genituen, horiek aztertu, transkribatu eta halako liburuxka bat atera zen». Herriz herri eta bekaz beka, azterketa etnografiko berbera garatu zuten beste zenbait udalerritan, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) ondare ez-materialarengatik interesatu eta, Euskokulturrekin elkarlanean, proiektuaren norabidea finkatu zuten arte. Orain bost urte batu zen proiektura Labrit Multimedia sortu berria eta, hala, hiru erakunde horien eta profesional zein boluntario gisa parte hartu duten dozenaka pertsonen lanaren emaitza da Nafarroako ondarearen zati garrantzitsu bat biltzen duen proiektu hau. Prozesua luzea bezain emankorra izan dela dio Lakarrek. Guztira, 1.500 adineko elkarrizketatu dituzte eta grabazioek, batez beste, bi ordu eta erdiko iraupena dute. Horietatik herena, 500 inguru, egin ditu Lakarrek eta bere hitzek agerian uzten dute berarentzat horietan biltzen dena altxorra dela: «Arrunt kontziente nintzen behar-beharrezkoa zela bilketa lana egitea. Ezagutu nuen grabatu eta handik gutira hil zen jendea eta, konturatzen zarenean pertsona bakoitzarekin zenbat galtzen den, hori biltzearen garrantziaz jabetzen zara. Une hartan, nik argi nuen egin behar zena zela grabatzea, eta gero ikusiko genuen materialetik zer irteten zen», azaldu du.


Hamarkada beteko bilketa lanaren ostean jasotako materialari forma emateko unea iritsi zenean sortu zen “Xaldun Kortin” proiektua: «Patri Arburuak aipatu zidan haurrekin zerbait egin beharra geneukala eta hala hasi ginen. Nafarroako gurasoen gehiengoa bikote mistoek [erdaldun-euskaldun] osatzen dute eta ikusten genuen haurrekin euskaraz aritzeko baliabideak eskaini behar zitzaizkiela». Lakarren iritziz, gizartearen eraldaketa eta euskararen transmisioan izan den etena da jolas, kantu eta ipuin horiek galdu izanaren arrazoia, «lehen familiak sutondoan biltzen zirelako, baina egun telebistak eta autoak beste eremu batzuetara garamatzate. Euskara debekatua egon izanak ere badu eragina, noski. Transmisioan eten ikaragarria egon da».
Hala, jolasteko eta kanturako ez ezik, egunerokotasunean haurrekin erabiltzeko baliabideak ere eskaintzen ditu liburuxka honek. Esate baterako, “bake ttitt” formula: «Bakeak egiteko, haserretu direnen behatz erakusleak elkar ukitu eta ‘bake...ttitt!’ esaten da». Lokartzeko kantuak, eskuekin eta behatzekin jolasteko formulak, trostan ibiltzekoak, taldean jolastekoak, laztantzekoak, zotz egitekoak, min hartzen denean erabiltzekoak... «apur bat denetik» biltzen du liburuxkak. Baita haur hiztegia eta baliabide bakoitza nola erabili azaltzen duen atala ere, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez: «Euskara ikasten ari denak edo erdalduna denak kantua ikasi eta, azalpenarekin, ulertuko du zertarako den, nola erabili behar duen, zer egin behar duen eskuekin... Etxetik euskara bultzatzeko eta maitatzeko aholkuak ere badaude, horretarako ez baita beharrezkoa euskaldun izatea».


Liburuxka batez ere guraso eta hezitzaileei zuzenduta dagoen bezala –aipagarriak, baita ere, Josune Iturzaetaren ilustrazio zainduak–, ikus-entzunezkoak eta diskoak 6 urte arteko haurrak ditu hartzaile nagusi. Bideoan, Porrotx pailazoak hartu du parte: herririk herri ibiliko da eta horietan topatzen dituen haurrek tokiko jolas eta kantuak irakatsiko dizkiote. Diskoak, bere aldetik, kantuak eta ipuinak biltzen ditu, tradiziotik hartuak baina eraberrituak: «Horiek familietan eta eskoletan txertatzea da asmoa, eta, horretarako, XXI. mendera egokitu ditugu, tradizioa modernizatuz», azaldu du Lakarrek. Horretarako, errezitatzekoak ziren zenbait jolas, “Ama, ekarzu papa” memoria jolasa esaterako, musikatu egin dituzte Nerea Urbizu eta Aitor Ortizek, eta grabaketan zazpi leku ezberdinetako eskolek hartu dute parte: Iruñea, Atarrabia, Leitzaldea, Larraun, Elizondo, Ribaforada eta Bortziriak. «Nafarroako errealitatea ikusita, ikusi genuen oso inportantea zela hizkuntza munduan hainbat esparru garrantzitsu ukitzea eta hartu genituen D eredu publikoa, ikastola pribatuak, A eredu publikoa, bertso eskolak, musika eskolak eta abesbatzak. Bakoitzak ematen dio bere ukitua, eta, guztiekin batera, lan aberatsa egin dugula uste dut».


Proiektuaren laugarren zutabea sortu duten webgunea da (www.xaldunkortin.com). Itziar Luri Labrit Multimediako kidearen hitzetan, «gune elkarreragilea» izateko jaio da eta, apurka-apurka, edukiz hornitzen joateko asmoa dute, «baita, inork Nafarroako jolas, kantu edo ipuinen bat ezagutzen badu, bertara bere bideoa igotzeko aukera izanik ere».


Baliabideen ikastaroak


Baliabide hauek hainbat formatutan eskaintzeaz batera, horiek erabiltzeko ikastaro praktikoak ere antolatu dituzte. Hurrengo bi hitzorduak Lesakan (maiatzak 22, Harriondoa kultur etxea, 17.00-19.00) eta Beran (hilak 27, Muxiku haur eskola, 17.00-19.00) dira. “Xaldun Kortin” materiala ere banatuko da bertan. Proiektuak eskaintzen duena aintzat hartuta, ez da Nafarroako ondarea berreskuratu eta haurrekin euskaraz ez aritzeko aitzakiarik.