Xole Aramendi
Arteliburu21

Artista-liburuen eta arte-koadernaketaren inguruan sortutako elkartea abian da

Denok izan dugu libururen bat esku artean. Gutxiago dira artista-liburu batez inoiz gozatu dutenak. Ikusi, irakurri, entzun, usaindu... egin daiteke. Artelanak dira bere horretan. Egileari zein hartzaileari irudimena bezain zabala den leihoa zabaltzen zaie. Artista-liburuez gain arte-koadernaketa ere lantzen dute arteliburu21 elkartean.

Arteliburu21
Arteliburu21

Bi zaletasunen inguruan biltzen dira arteliburu21 elkarteko kideak: liburua eta artea. «Zehatzago esanda, liburuaren arte eta ofizioekiko zaletasunak biltzen gaitu», adierazi dute. Ezinbestean, liburuz eta artelanez inguratuta aurkitu ditugu. Pozarren. Ez du ohiko liburutegi baten itxurarik. Arte tailerra da. Lanerako materiala ikus daiteke han-hemen. Eta nola ez, sormen lanak, zein baino zein bitxiagoak eta ederragoak.


Liburua eskuan duela norbait ikustea gero eta ezohikoagoa den garaiotan, liburuari berari balioa ematen diote, objektu bezala. «Hori garai hauetan ia nostalgikoa da», esan dute.


Luis Barrios arte-koadernatzailea da lanbidez. Pasioz hitz egiten du. Bizi duen bezalaxe. «Hogei urtetik gora daramatzat artista-liburuen eta arte-koadernaketaren alorrean lanean;nire bizitza da», kontatu du. Irakasle modura ere esperientzia luzea du. Makina bat pertsonari irakatsi dizkie arte-koadernaketaren sekretuak hemezortzi urtez Oreretako Xenpelar Etxean.


Hantxe ezagutu zuen Eva Rodriguezek, duela lauzpabost urte. Arte grafikoen enpresa batean egiten du lan Rodriguezek. Norbaitek pentsa lezake eguna gauza bera egiten ematen duela, eguneroko lanaldia bukatu ondoren ere koadernaketa tramankuluak izaten baititu eskuan. «Batzuetan, lankideek, harrituta galdetzen didate: ‘Horretan jarraitu behar al duzu?’», kontatu du irribarrez. «Baina ez du zerikusirik. Nire eguneroko lanean koadernaketa industrialean aritzen naiz. Hau artisau lana da. Gauzak beste fintasun batekin egiten dituzu. Gainera, ez duzu presaka datorren bezerorik», azaldu du.


Barriosen «eskuzabaltasuna» nabarmendu du. Izan ere, bere ezagutza besteekin partekatzeko batere erreparorik ez du. Ondo dakite Donostiako Arteko arte plastikoen tailerrean ematen dituen ikastaroetan parte hartu dutenek.


Silvia Sehäffer da euretako bat. Aita alemaniarra eta ama tolosarra ditu. Sttutgarten jaio zen, nahiz aspalditik Donostian bizi den. Sormenerako grina oso berea du. Akuarelak eta argizari lanak margotzen ditu.


Artista-liburuak bide berriak eskaintzen dizkio. «Bizioa da», aitortu du. Ia oharkabean sortu zuen lehenengoa. «Pixkanaka sortuz joan zen», dio.


Eluska Kortajarena ere gurekin da. Arte Ederrak ikasia, erretratuak margotzen ditu. Arteko arte plastikoen tailerreko zuzendaria da eta lokal propiorik ezean, bertan eskaintzen die arteliburu21 elkarteko lagunei biltzeko tokia. Arteko arte galerian laguntzaile lanak egiten ditu eta bertan artista-liburuak gertutik ezagutzeko aukera izan du.


Kontzeptuak argituz


Gure artean ezezaguna da artista-liburuaren kontzeptua. «Jendeari zer egiten dudan kontatzen diodanean normalean ez didate ulertzen. Margolaria, eskultorea... zarela esan eta denek dakite gutxi-asko zertan ari zaren. Baina artista-liburua... ‘Liburua bai, baina aurrekoak zer esan nahi du? Zer espazio hartzen du?’, galdetzen dute», kontatu du Barriosek.


XX. mendean garatu zen artista-liburua. Artelana da bere horretan, edukia edozein dela ere. Ohiko liburuan ditu sustraiak, baina ez ditu ohiko liburuaren mugak zertan onartu. «Papera erabiliz, forma karratua duen betiko liburuak daude, batetik. Etxeko apalategian, ikusi batera, ez zenuke beste liburuetatik desberdinduko. Baina beste lan batzuek gutxi dute ohiko liburutik. Liburuaren munduarekiko erreferentzia poetikoa, sinbolikoa dute, baina ez dute muga zehatzik», argitu dute elkarteko kideek. «Hemen ditugun lanen artean gutxi dira ohiko liburuak», diote, mahai baten gainean ikus daitezkeen lanak seinalatuz. Artista bakoitzak bere sormen prozesuan duen askatasunaren isla garbia dira.


Artista-liburuak ez dira beti ulertzen. «Margolaritza abstraktuarekin gertatzen den bezala, badira, artelana ulertzen ez dutenez, mespretxatu egiten dutenak. ‘Honek zer du liburutik?, galdetzen dute. Guri ez digu axola. Lan horrek sinbolikoki edo plastikoki transmititzen duena interesatzen zaigu guri».


Ezagunagoa egiten zaigu koadernaketaren ofizioa. Baina arte-koadernaketa urrunago doa. «Koadernatzaileak esku artean duen liburuaren gaineko interpretazio artistikoa egiten duenean hasten da», zehaztu dute.


Abiapuntua beste norbaitek egindako liburua da eta fideltasuna zor dio. «Arte-koadernatzaileak nahiko muga zehatzen barruan mugitu behar du. Biblia bat hartzen badut, adibidez, koadernaketa egiteko, bere edukiak mugak jartzen dizkit. Bere izpiritua jaso behar dut, ezin diot traizio egin», dio Barriosek.


Ezagutzaren galera


Koadernaketa lanaren atzean dauden arte eta ofizioen garrantzia nabarmendu du Eva Rodriguezek. «Ofizio asko dira koadernaketari lotutakoak. Eta zoritxarrez, galtzen ari dira. Neurri batean, erlojuaren kontra ari gara. Izan ere, zenbat pertsona geratzen dira honetaz dakitenak? Frantzian, adibidez, askoz gehiago gorde da tradizio hori», dio. Horren harira, zera aitortu du: «Txundituta geratu nintzen mendeetan zehar garatu diren teknikak ezagutzean. Hainbeste esparru lantzen dituzu: larru bozelketa, grabatua, estanpatua...».


«Geratzen diren tailer apurrak ixten badira, akabo! Betiko galduko da ezagutza», ohartarazi du albotik Barriosek.


Badira koadernaketa lanak egiten hasi eta artista-liburuak lantzen bukatzen dutenak. Badira arte-koadernaketa bakarrik egiten dutenak. Elkartean denetarik dago. Eluska Kortajarenak oraindik ez du artista-libururik sortzeko pausua eman. «Badakizu zer den onena? Zuk aukeratzen duzun materiala erabiliz nahi duzuna egin dezakezula. Diziplina guztiek dute kabida».


Barrios bat dator: «Ez dut ezagutzen hainbeste ofizio eta jakinduria biltzen duen beste objekturik. Ez dago artista-liburuan sartzen ez den diziplinarik. Dena kabitzen da: arte grafikoak, musika, margolaritza, argazkigintza, eskulturgintza, poesia, literatura, ekoizpen elektronikoa, koadernaketari lotutako ofizioak... Usaindun liburuak ere egin daitezke».


Baliorik ez


Euskal Herrian ezezaguna izateak ez du esan nahi lantzen ez denik. «Are gehiago, nik esango nuke ez dagoela artistarik era horretako libururik osatu ez duenik», esan du Kortajarenak.
Kontua zera da, artista askok ez diotela baliorik ematen. Zirriborro-koaderno soiltzat hartzen dute. Hori izan daiteke ezezagutzaren atzean dagoen arrazoietako bat. Horrekin batera, oso bakanak dira artista-liburuak erakusgai jartzen dituzten arte galeriak Euskal Herrian. «Zentzu horretan, Arteko galerian oso lan polita ari da egiten Cristina [de la Fuente]. Ireki zuenetik hasi zen artista-liburuen erakusketak antolatzen», nabarmendu du Kortajarenak.


Hogei kide inguru dira momentuz arteliburu21 elkartean (www.arteliburu21.com). Luis Barriosen aspaldiko nahia bete du. «Modu kolektiboan zerbait egiteko gogoa neukan. Gipuzkoan badira artista liburuak beren kasa egiten dituztenak baina ez dago inolako esperientzia kolektiborik. Zergatik ez geuk egin? Bizkaian, Portugalete inguruan talderen bat badago. Iaz oso erakusketa polita antolatu zuten, baina Euskal Herrian, oro har, apenas ezer dagoen», adierazi du arte-koadernatzaileak.


Indarrak batu nahiak bultzatu du. «Sendo sentitzeko, elkarrekin ekoitzi eta hausnartzeko bide ematen du elkarteak, baita egitasmoak planteatzeko ere», Barriosen esanetan. Elkartearen bidez jendartean ikusgarritasuna lortutako dutelakoan daude. «Esparru artistiko-kulturalean tokia egitea da asmoa», esan du.


Antolatutako lehen topaketak eta arteliburu21 elkartearen sorrera bera elkarren eskutik etorri dira. “Bidaia bat liburuaren arte eta ofizioetan barrena” izenburupean martxoaren 27tik apirilaren 1era egin zituzten jardunaldiak. Pozik daude lortutako emaitzarekin. Helburuak bi ziren:batetik, elkartea bera plazaratzea, eta, horrekin batera, artista-liburua eta arte-koadernaketa ezagutaraztea. Errenteriako Merkatuzarren egin ziren topaketak. Euskal Herriko lehenak izan dira. «Erakusketa txikiak egin izan dira, baina ez hain topaketa zabalik».


Artista-liburuen aniztasun bertatik bertara ikusteko aukera izan zen. Bertaratu zirenek elkarteko kideek zein artista gonbidatuek egindako lanak ikusteko aukera izan zuten, 200 inguru. Mahai gainean zein horman zintzilik erakutsi zituzten artelanak, ohiko mugak txiki geratzen diren seinale.


200 lan inguru


Heldu zein txikientzako tailerrak, hitzaldiak, mahai inguruak... denetarik antolatu zuten. «Merkatuzar leku ederra da. Oso handia da, argitsua, eta guretzat ezin aproposagoa. Hainbeste argitalpen izanik, han guztiak oso modu egokian ikusi eta preziatzeko aukera izan genuen», nabarmendu du Silvia Sehäfferrek.


Gaur egun mugatua da arte koadernaketaren munduan sartzeko aukera. Gipuzkoan, esaterako, bi dira tailerrak:Donostiako Udalak antolatzen duena eta Arteko tailerrarena. Barriosek eta Rodriguezek ez dute ezkutatu Oreretako Xenpelar Etxeko tailerra bertan behera geratu izanak eragiten dien tristura. Izan ere, Barriosek irakasle lanak utzi zituenetik inork ez du hartu erreleboa. «Beharrezko ekipamendu guztia hor dago, zain. Atea itxita, hiltzen ari da. Profesional bat behar da, eskolak emateko profil egokia duen norbait; eta ez dago inor», esan du Rodriguezek.


Arte-koadernaketa ikasteko interesa egon badago. «Pentsa, bukatu gabe genituen lanak amaitzen beste urtebete eman genuen tailerrera joanez, irakaslerik gabe». Rodriguezen garaian hogei bat ikasle ziren, baina tailerrean 35 ikasle izatera iritsi zen Barrios. «Talde bati ezezkoa eman behar izan nion, ezin nintzen iritsi. Denetarik zegoen, baziren 20 urtez azpikoak eta 60 urtetik gorakoak ere bai», adierazi du.


Etengabeko ikasketa prozesua da. Baita Barriosentzat ere. «Beti. Ikasleek zirikatu egiten zaituzte, gainera. Asko ikasten dut eurekin», dio. Bere esanetan artista-liburua ezin aproposagoa da talde lanerako. «Zure lagunekin egin dezakezu eta denen artean gozatu!».


Donostia 2016 egitasmoari lotutako Olatu Talkan egindakoa da adibidea. Duela bi urteko jaian “El gran libro de la crisis” egin zuten eta hilaren 25erako deialdia egin dute beste liburu erraldoi bat burutzeko. Alderdi Ederren da hitzordua eta esku denak ongietorriak izango dira.


Ez dute uste arte-koadernaketan aritzeko abilezia berezirik behar denik. «Sormen artistikoa bereziki landu gabe zutenak ikusi ditut oso gauza ederrak eta interesgarriak egiten», adierazi du Kortajarenak.


«Teknikak ezagutuz eta gutxieneko laguntzarekin zer egin dezaketen ikusten dutenean aurrera egiten dute. Ordura arte ez zuten irudikatu ere egiten!», gaineratu du Barriosek. Aurrera begira dituzten ideien artean ateneo artistiko-kulturala sortzearena aipatu du. «Xenpelarren egin genuen bere garaian. Bakoitzak bere ezagutza partekatzen zuen. Laburra baina oso esperientzia polita izan zen», bere esanetan.


Artista-liburuetan eta arte-koadernaketan interesa dutenek Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean dute egiten dutena erakusketa batean ikusteko aukera. «Erakusleiho ona da. Topaketetako lanetatik 40 inguru aukeratuko ditugu», azaldu dute. Maiatzaren 9tik 31ra izango da zabalik.


Ondoren, ekainaren 6tik 8ra Madrilgo Mas Que Libros artista-liburuen azokan (www.masquelibrosferia.com) erakutsiko dituzte liburuetako batzuk. «Milaka pertsona biltzen da», adierazi dute.