joseangel.oria@gaur8.info
JAPONIA

Fukushimako arriskuak aipatzen dituen komikiak agintarien haserrea eragin du

Joan den astelehen goizaldean Japoniako mangazale ugari 24 orduz zabalik egoten diren establezimenduetara joan ziren «Oishinbo» izeneko komikia lehenbailehen erostera. Aipatu lanak Fukushimako zentral nuklearraren inguruko arazoak ekartzen ditu gogora, Japoniako egungo agintariek normaltasun itxura eman nahi dutenean.

JAPONIA
JAPONIA

Kazetaria da “Oishinbo” izenburuko manga edo komiki japoniarreko protagonista nagusia. 2011ko martxoaren 11n lurrikarek eta tsunami batek suntsitutako zentral nuklearra bisitatu ondoren, aipatu kazetaria sudurretik odoletan hasten da.


Hori gertatzen da argitara emandako azken aleetako batean, eta Japoniako agintariak haserretu egin dira, komikiak herritarrek zentralaren egoeraren inguruan duten pertzepzioa kaltetu dezakeela-eta.


1983az geroztik astero argitaratzen den komikiak eztabaida bizia eragin du Japonian. 2011ko istripuaren ondorioz askatutako erradiazioa aipatzen du mangak eta hori ez da normaltasun itxura eman nahi duten agintarien gustuko.


Komikian Katsutaka Idogawa Futaba herriko alkate ohia ere agertzen da. Istripuaren ondorengo kudeaketa gogor salatu du Idogawak, bera ere kutsaduraren biktima dela esateaz gain. Salaketa indartzeko, Facebooken ipini ditu bere sudurrari odola dariola egindako argazkiak. Futabako herritarrak beste leku batera eraman zituzten istripua gertatu eta berehala, suntsitutako zentral nuklearretik gertuen dauden herrietako bat baita.


Eduki «onartezina»


Futabako alkate ohiak eta eskarmentu handiko zientzialari batek zentral nuklearraren inguruan bizi ziren herritarrei adierazten diete bertara itzultzea ez dela ideia ona, kutsadura garbitzeko lanak egiten ari diren arren, eremua ez baita inoiz bizitzeko segurua izango, betiere komikiak dioenez.


Mangaren edukia «onartezina» dela esan dute Fukushimako prefekturako agintariek. «Eskualde osoko biztanleak bazterketa arriskuan ipini ditu komikiak», esan dute. Shogakukan argitaletxearen aurrean protesta formala egin dute. “Asahi” egunkariak eskainitako informazioaren arabera, argitaletxeak “Big Comics Spirits” izeneko manga astekarian eman du argitara iskanbila eragin duen lana.


Agintariek emandako esplikazioak ez dira inor lasaitzeko modukoak. Alde batetik diote Fukushimaren inguruan egindako aipamenek «eskualdearen irudia kaltetu» dezaketela. Nola kaltetu daiteke istripu nuklear larri bat jasan behar izan duen eskualdearen irudia?
Agintariek eransten dute irakurleek pentsa dezaketela komikian azaldutakoa benetako deskribapen bat dela, eta era horretan «turismoari eta nekazaritzari kalte ekonomiko larriak» eragiteko arriskua dagoela. Berri agentziek eskainitako informazioan ez da ageri zer-nolako turismoa hartzen duen gaur egun Fukushimako prefekturak. Beraz, zaila egiten da turismoak izan dezakeen kaltea neurtzea.


Nekazaritza kaltetu?


Baina mangak nekazaritza ere kaltetu egin dezakeela esatea edonor kezkatzeko modukoa da. Ba al dago nekazaritza jarduerarik zentral nuklearraren eskualdean? Zer ekoizten dute? Non saltzen dute? Zer-nolako analisiak egiten zaizkie hor ekoitzitako produktuei?


Fukushimako Gobernuak plazaratu duen agiriak dio ez dela bidezkoa mangaren protagonistak zentral nuklearrera egindako bisitaren ondoren osasun arazoak izatea bisitaren eraginez. Gainera, agintariek uste dute ez dagoela esaterik zentral nuklearraren inguruko eremuan inoiz bizitzerik ez dela izango.


Mangak dio Fukushimako hondakinak erretzen dituzten Osaka hiriko biztanleek ere osasun arazoak izan dituztela erradiazioaren eraginez.


Nobuteru Ishihara Ingurumen ministroak berak komikia salatu badu ere, Shogakukan argitaletxeak ez dauka atzera egiteko asmorik. Jakinarazi du agintariek esandakoa eta adituen iritziak argitara emango dituela aldizkariaren hurrengo alean, datorren astelehenean salgai jarriko den komikian.


72 urteko gidoilaria


Eztabaida eragin duen mangaren gidoilaria 72 urteko Tetsu Kariya da. Bere gain hartu du komikiaren edukiaren erantzukizun osoa. Jakinarazi du bere lana azken bi urteotan kutsatutako eremura egindako bisitatan berak bildutako informazioan oinarrituta dagoela.
«Ez ditut ulertzen komikiaren inguruko gaizki esanak, han bertan ikusitakoari buruz idatzi besterik ez dut egin-eta», adierazi du Kariyak bere blogean.


Gidoilariak dio gertatzen ari denaren aurrean «begiak ixteko» asmorik ez daukala, «norbaiti komeni zaizkion gezurrak idazteko asmorik ez dudan moduan». Egileak bazekien Fukushimako zentral nuklearraren inguruko herritarrak sudurretik odola dariela egoten direla esateak protestak eragingo zituela, baino ez zitzaion burutik pasa ere egin horrenbesteko ekaitza sortuko zenik. «Guztiok nahiago dugu irakurri Fukushiman dena ondo dagoela eta berreraikuntza aurrera doala, baina hori ez da egia», esan dio France Presseri.


Kariya prest dago agintariek ezarritako omertà edo “isiltasunaren legea” apurtzeko, baina ez du baztertzen Gobernuak argitaletxea estutu eta azkenean “Big Comics Spirits” izeneko manga astekaria ixtea.


Shinzo Abe lehen ministro kontserbadorearen Gobernua energia nuklearraren aldekoa da. Japonian itxita dituzten zentral nuklear guztiak zabaldu nahi dituzte, baina herritarren kontrako jarrerak aukera hori atzeratu egin du, oraingoz.


“Asahi” egunkariak aste honetan bertan jakitera eman duenez, Fukushimako zentraletik hogei kilometro eskasera dauden kirol instalazio batzuk Tokion 2020an egitekoak diren Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten futbol taldeek entrenatzeko egoitza moduan erabili dezaten nahi du Exekutiboak.


Olinpiar Jokoak


J-Village izeneko instalazioak TEPCO konpainiak erabiltzen ditu egun, suntsitutako zentral nuklearrak eragindako kutsadura garbitzeko lanak kudeatzeko. Besteak beste, Fukushimako kutsadura garbitzen ari diren milaka langile bizi dira egun J-Villagen.


«Eremuko baldintzak hobetu behar ditugu Japoniako zein beste herrialdeetako futbolariek bertan entrenatu ahal izan dezaten», esan du Hakubun Shimomura Japoniako Kirol ministroak, “Asahi” egunkariaren arabera. J-Village 1997an inauguratu zuten Entrenamendu Zentro Nazionala izateko asmoz.


Orain dela lau hilabete TEPCO konpainiak esan zuenez, 2019rako gunea Japoniako Futbol Elkarteari itzuli nahi diote, kirolariak berriz ere instalazioak erabiltzen has daitezen. Naomi Hirose TEPCOko presidenteak urtarrilean esan zuenez, Tokioko Olinpiar Jokoak aukera ezin hobea izango dira instalazioetara «normaltasuna» itzul dadin.