Iratxe Urizar
Datorrena

Non dago Brusela?

Europa jarduera esparru zabal eta indartsu bat bezala ulertuta, ezin dugu alboratu bertan erabakitzen diren auziek oihartzun eta eragin handia dutela. Horregatik, batzuetan oso geldoa bada ere, inurri lan neketsu bezain beharrezkoa da bertan burutu beharrekoa

Zintzoak izan gaitezen: artikulu hau geografia ikastaro bat bihurtu gabe ere, Brusela mapa batean kokatzeko gai izango al zinateke? Eta Estrasburgo? Baina ez da soilik geografikoki urruti sumatzen ditugun tokiak direlako; bestelako unibertso bat, han, Europan. Bruselan egiten den edo egin daitekeen lanaren inguruko desafekzioaren isla ere bada. Ez dugu inolako lan ezkertiarrik, progresistarik… aurkitzen hango lurretan, hango parlamentuetan. Baina lana egon bada, ugari gainera. Bere eragin esparru barruan gauden guztiok modu zuzenean ukitzen gaituzten erabaki guneak dira Europakoak, eta, erabaki horiek gainera, positiboak ere izan daitezke, progresistak, edo, gutxienez, bai behintzat eskuinarentzako deserosoak. Eskuinaren gehiengo bati ez zaio inolaz ere interesatzen Europan ezkerreko perspektibatik aurrera eraman daitekeen lanaren kontziente izan gaitezen, banakako eskubideen alde baina baita eskubide kolektiboen alde egin daitekeen lan eraginkorraren kontziente. Ez naiz europar esparruarekin edo bertan nagusi den filosofiarekin ados egoteari buruz ari, ezta nagusi den ideologiarekin bat egiteaz ere. Erabakiak hartzen diren esparru instituzionaletako bat (beste bat) lantzeaz ari naiz; egon, lan egin.


Gure ahotsa entzunarazi behar dugu Europako erakundeetan: gure kexak, erreklamazioak entzun behar dituzte, baina baita egin ditzakegun ekarpenak ere. Ez gara instituzio horietako gehiengoarekin bat egitera joango, ezta beraien pentsamolde edota lan egiteko formak defendatzera ere; ez dugu uste, gainera, instituzioak gure lan esparru bakarrak direnik. Lan egiteko beste esparru bat gehiago da Europa, oso garrantzitsua gainera. Izan ere, Europa jarduera esparru zabal eta indartsu bat bezala ulertuta, ezin dugu alboratu bertan erabakitzen diren auziek oihartzun eta eragin handia dutela. Horregatik, batzuetan oso geldoa bada ere, inurri lan neketsu bezain beharrezkoa da bertan burutu beharrekoa. Maiz suertatu izan zait gure artean inoiz albiste nagusi izan ez diren esparruetan lan egin behar izatea, baina, aldiz, esperientziak ondo baino hobeto erakutsi dit zurrunbilo handi horren barruan egin daitekeen isilpeko lanak emaitzak ekarri dizkigula.


Europa eta bertako instituzio eta erakundeak beti oso urruti dauden esparru moduan ulertu izan dira, eta bertan erabakitzen ziren auziek ezer gutxi ekarriko zigutela, txarrerako gainera. Aldiz, Euskal Herrian eta gatazka politikoaren ondorioen auzian eragin handienetakoa izan duen erabakietako bat Europatik etorri da: Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako epaia, hain zuzen ere, Espainiak Europako Giza Eskubideen Hitzarmena bortxatu zuela baieztatuz eta Parot doktrina bertan behera utzi behar zuela argi eta garbi ezarriz.


Horrela bada, non dago Brusela? Bada, galderari erantzunez, bururatzen zait Europa eta Brusela, nahiz eta geografikoki eta bertako instituzioen inguruko ezagutzari begira urruti sumatu, guk erabakitzen dugun tokian egongo direla: gure esku daudela esatea gehiegi esatea bada ere, gure ahotsean, gure herriko antolakunde guztien ahotsean egon daitezke. Ezkerreko beste talde batzuekin lan egiteko gure gogoan, estatu gabeko beste herriekin lan egiteko gogoan, ideia eta ezagutzak ezagutu eta entzunak izateko gogoan.


Europa, Brusela, Euskal Herriak nahi duen tokian egongo dira. •