Ramon Sola
asteari zeharka begira

Tenperatura igotzeko asteak

Prozesu politikoek ibilbide orriak, adierazpenak, itunak eta abar behar dituzte, baina, arrakastatsuak izateko, horien guztien hoztasunaz gain, jendearen berotasuna ezinbesteko dute. Ilusioa, energia, indarra. Aldarte hori neurri handi batean prozesuaren erritmoak berak baldintzatzen du. Azkarregi joateak, adibidez, hainbat arrisku ditu, urratsak airean eman eta azkenik erortzearena esaterako. Mantso-mantso aurrera egitea, aldiz, zuhurragoa da; hori bai, gizartearen indarra ahultzeko eragina ere badu moteltasun horrek.


Hain zuzen ere, konponbide prozesua estatuen aldetik jasaten ari den blokeoari aurre egiteko asmoz iazko martxoan burututako Gizarte Foroan aipatutako auzia aztertu zen. Gogoan dut Irlandan armagabetzea lortzeko lanean ibili zen Aaro Suonio abiaduraren moteltzeari garrantzia kentzen ahalegindu zela: «Euskal Herrian urpekari asko daude, eta horiek ondo dakite honako hau: norbait itsasoaren urpean sakonean dagoenean, ezin du aire zabalera azkarregi igo, deskonpresio egokia lortzeko geldialdiak egin behar ditu-eta».


Horrela izango da, baina gogora datorkit ere George Howarth Westminsterreko parlamentari laboristak GARAri elkarrizketa batean esandakoa, Irlandako bake prozesuan ateratako irakaspenetan oinarrituta: «Berebiziko garrantzia du unearen eta bultzadaren zentzua sortzea, eragile guztiek begirada beti etorkizunari begira jar dezaten, iraganari begira baino». Suoniok uste zuenaren aurka, gaur egun urpekari baino surflari gehiago dago Euskal Herrian, eta, horregatik, gustukoago izan ohi dugu olatuaren metafora, Howarthen ustea, alegia.
Aiete eta borroka armatuaren amaiera eman zirenetik hirugarren ikasturtea bukatzear da, eta, objektiboki aztertuta azken urte honetan hainbat aurrerapen eman badira ere, aurreko ikasturtean bezala, gizartean termometroa jarrita hoztasuna berotasunaren gainetik nabarmentzen da. Gora egindako gradu bakoitzeko ur hotzeko botilakada isurtzeko baliabiderik ez zaie falta: Estrasburgoko epaiaren ondoriozko presoen kaleratzeei hainbat neurri berri eta gogorrekin erantzun diete (zigorren «zenbaketa bikoitza» ezartzen duen doktrina edo kaleratutako presoei subsidioa kendu izana adibidez); EPPKren urratsa izozkailuan sartu dute, Euskal Herriratzeko egindako eskaerak denboran luzatuz; ETAren armagabetzerako lehen pausoa indargabetzen saiatu dira, keinua mespretxatuz eta nazioarteko egiaztatzaileak auzitegietara eramanez; eta abar, eta abar.


Hortaz, udazken-neguko itxura hartu du prozesuak hirugarren ikasturte honetan ere, zintzoki ikusita prozesua bera hondamendira eramateko moduko denborale, elurte edo uholderik gertatu ez bada ere. Tenperatura igotzeko beharra sumatzen da, eta orain da unea, maiatzak eta ekainak berez dakarten epelaldiarekin. Europako hauteskundeak ez dira jendea bereziki erakartzen ari, baina une oro prozesua aurrera eramateko lanean dabilen EH Bilduk eskura du Estrasburgon eserlekua lortzeko aukera, eta bata bestearen atzetik etorri beharreko lehen kolpea izango litzateke. Ekainaren 8rako Gure Esku Dago ekimenak antolatutako giza katea edonoren ilusioa pizteko modukoa da, eta, espero bezain jendetsua izanez gero, negua betikotu nahiko luketenen aurkako bigarren kolpe gogorra litzateke. Hil horren 14an konponbidearen eta presoen eskubideen aldeko manifestazio handia iragartzen da Baionan; hurrengo egunean Joseba Azkarragak, Teresa Todak eta beste hainbat lagun ezagunek osatutako erakundearen sorrera etorriko da; hauteskundeak pasa arte geldirik zeuden beste hainbat ekimen berriz ere abia daitezke uztaila heldu aurretik...


Ur hotza prest izango dutela segurua da (hainbat presoren egoera izugarri kezkagarria da, espainiar auzitegietan hiru epai politiko dituzte aztergai uneotan...), baina su gehiegi piztuko zaizkie batera. •