Iñaki Altuna
asteari zeharka begira

Eserlekua lortu edo ez

Hauteskundeak ditugu bihar Euskal Herrian. Euskal Herri osoan. Estrasburgoko Parlamentua hautatzeko bozketak dira, eta, horrenbestez, Europa izan da hizpide egunotan. Behar baino gutxiago, kanpainak ez baitu interes handirik piztu, egia esan. Aldi berean, hauteskundeok, beste guztiek bezalaxe, bertako egoera politikoaren gaineko irakurketa egiteko aukera emango dute.

Mapa politikoa deritzan hori azalduko da, eta indar bakoitzaren sendotasuna eta garapena ikusi ahal izango da. Halere, egiari zor, hauteskunde hauetan izango den abstentzio izugarriak mapa politikoa dezente desitxura dezake. Alegia, hautu zehatz bat hauteskunde hauetan eremu geografiko batean lehen indarra izateak, esate baterako, ez du esan nahi beste hauteskunde batzuetan (dela udalerako, dela parlamentu autonomiko jakin baterako, dela Madrilgo Kongresurako...) nagusi izango denik, ezta gutxiagorik ere. Hauteskunde bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Aldi berean, bozaren banaketa ere asko aldatzen da ehunekoetan abstentzioa handia edo txikia izan. Izan ere, abstentzioa gutxitzeak edo handitzeak ez du eragin proportzional bera izaten alderdi guztietan.

Nolanahi ere, jende gutxik bozkatuko duela aurrera daiteke, eta, beraz, boz poltsa txikiak, beste hauteskunde batzuetan baino txikiagoak, izango dituzte alderdi guzti-guztiek. Orain dela bost urteko hitzorduan, alderdi bozkatuenak (PSOEk) ez zuen 270.000 bozeko muga gainditu Hego Euskal Herrian. Bigarrenak (EAJk) 212.000 atera zituen. Huskeria EAEko azken bozketatan atera zituenekin alderatuz gero.

Europako hauteskundeetan lortutako boz kopuruak askoz ere handiagoak izan dira Estrasburgoko bozketak beste hauteskunde batzuekin batera egin direnean. Azkenekoz, 1999an gertatu zen, Lizarra-Garaziko garaian. Udaletako eta Europako hauteskundeak egun berean izan ziren, eta giro politikoa bizi-bizi zegoen. Adibidez, emaitza historikoak izan zituen Euskal Herritarrok hautagaitzak Europako hauteskundeetan; 280.000 boz lortu zituen Hego Euskal Herrian, %35,45 abstentzioarekin, bihar egongo dena baino dezente txikiagoa. Koldo Gorostiaga atera zen eurodiputatu.

Horrenbestez, esan daiteke oraingoan lehen indarrak ere nekez gaindituko duela lau lurraldeetan 250.000 bozeko muga. Inor 300.000 boz lortzera iristea mirakulua litzateke. Datu horiek oso kontuan hartu behar dira bere indarra Euskal Herrian duten hautagaitzen aukerak aztertzerako garaian. Hobe esan, EH Bilduren hautagaitzaren aukerak aztertzerako garaian. Gainerako euskal hautagaiek, izan ere, badakite jada helburua lortuko duten ala ez.

CiUrekin aspalditik duen koalizioari esker, EAJk seguru du berea. Estatu mailako alderdi handietan dauden euskal hautagaiek zerrendan duten posizioari lotuta dute etorkizuna. EH Bilduko Josu Juaristirentzat, berriz, ezinbestekoa da Euskal Herrian bertan bilduko duen boz kopurua. Duela hilabete pare bat adituek ziotenez, eserlekua 270.000 bozen bueltan ibiliko da oraingoan, nahiz eta azken asteotan kopuru hori txikiagoa izan daitekeela dioen batek baino gehiagok, abstentzioa oso handia izango delakoan. Juaristik puska handiena, nabarmen, euskal lurraldeetan bildu beharko du (beste garai bat zen HBk, Txema Montero hautagai zuela, Estatuan 100.000 boz lortu zituen hura). Orain dela bost urte, Iniziatiba Internazionalistak eta ERCrekin koalizioan zihoazen Aralarrek eta EAk 200.000 mila boto lortu zituzten denen artean lau lurraldeetan. Bi galdera daude orain mahai gainean: kopuru horren inguruan ibiliko ote da EH Bildu? Eta halako kopuru bat nahikoa izango al da –Galizian eta Estatuan lor daitezkeen bozekin batera– Josu Juaristiren Europako aulkia lortzeko? Bi galdera horiek bihar izango dute erantzuna.

Edozein balorazio egiteko eserlekua lortzea edo ez faktore zentrala izango da. Bozen portzentaje txikia ez du izango EH Bilduk. Leku askotan lehen indarra izango da. Baina eserlekua atera edo ez izango da jendartearentzat daturik adierazgarriena. •