OIHANA LLORENTE
Elkarrizketa
LAURA
sexu langilea

«Bakoitzak bere estigmekin hausten ez badu, nork hautsiko du?»

Ez du «puta» etiketarekin lotzerik nahi, horregatik ez du ez izena ezta aurpegia eman nahi. Haren testigantza, baina, gurekin partekatu du, eta guk oihartzuna eman nahi diogu

SEXU LANGILEA
SEXU LANGILEA

Argentinarra da Laura, 40 urte ditu eta 11 daramatza gurekin. Alaba eskolan utzita, gainerako amekin ibiltzera joan ondoren hartu gaitu. Txandala soinean eta freskagarri baten bueltan kontatu dizkigu bere lanbidearen sekretuak.

Nola ezagutu zenuen prostituzioa?

Ni dantzaria nintzen, baina 29 urterekin Buenos Aireseko klub batean sartu eta bertan ezagutu nuen mundu hau. Hasieran espektakuluak egiten nituen bakarrik, baina bezero bat dirua eskaintzen hasi zitzaidan. Nik ezetz eta ezetz nioen, baina, hark, berriz, gero eta diru gehiago eskaintzen zidan. «Eta zergatik ez?», esan nion nire buruari. Probatu eta esperientzia oso ona izan zen. Hala hasi nintzen. Dantzari izatetik akonpainante izatera pasa nintzen.

Ordura arte ez zenuen harremanik mundu honekin?
Ez, ez, ez. Are gehiago, nik ordura arte mundu hori marjinatu egiten nuen. Nik 23 urterekin nire senar ohia pelikula porno bat ikusten harrapatu eta sekulakoak esaten nizkion! Adarrak jarriko bazizkidan bezala sentitzen nintzen... Mundu honetan sartu arte ez nuen sexua naturaltasunez ikusten. Prostituzioak askatu nau! Klubean aritzen ziren sexu langileak ezagututa aldatu nuen iritziz. Orduan ohartzen zara, emakume arruntak direla, zu eta ni bezalakoak, bakoitza bere beharrekin, baina denak berdinak.

Noiz etorri zinen Donostiara?
Orain dela 11 urte. Hasieran, hiru hilabetez bakarrik etorri nintzen, baina Argentinara bueltatu eta 5 urteko alaba ekarri nuen nirekin. Ordutik hemen nabil.

Nola heldu zinen Donostiara?
Argi nuen Argentina ez zela nire lekua. Donostian lana hitzartu eta etortzea erabaki nuen.

Beharrak eraman zaitu?
Beno, beharrak... Erraz topa dezakezun lana da hau. Ez da lan erraza, ezta diru errazekoa ere, hori prostituzioari lotzen zaion beste aurreiritzi oker bat da. Baina murgiltzeko erraza da, hori bai. Lan honetan aritzeko prest egonez gero, eta bertan mugitzen badakizu, lana azkar topatzen duzu. Eta garrantzitsuagoa dena, lan baldintza onak lortzeko aukera ere badago. Gainera, zauden lekuan zaudela aritu zaitezke. Hori bai, sen onarekin aritu behar da!

Kalean aritu zara?

Inoiz ez.

Zergatik?
Horrek dakartzan arriskuengatik. Ez zait burutik pasa ere egiten kalean aritzea. Nik ere baditut nire beldurrak eta lotsak.

Eta klubetan zer-nolako esperientzia izan duzu?
Ez nuke berriz egingo. Buenos Aireseko kluba oso elitista zen, turismoari begirakoa eta oso segurua, baina, besteetan, giro oso desberdina topatu dut: drogak, alkohola... Giro hori ez dut batere gogoko, nik zigarroak ere ez ditut erretzen! Bezero mota ere ez dut atsegin! Ez dakit horiek toreatzen, oso neketsuak dira.

Zenbat denboraz aritu zara klubetan?

Donostiara etorri berritan hiru hilabetez, eta gerora, beste bi hilabete edo. Ezer gutxi.

Ondoren pisutan aritu zara?
Bai. Hasieran pertsona baten agindupean egon nintzen pisu batean, eta oso gaizki! Nire zerbitzuetan irabazitakoaren %50 eramaten zuen, edo gehiago! Esplotatzaile bat zen eta oso gaizki tratatzen gintuen. Astebete ere ez nuen iraun!

Nola funtzionatzen dute pisuek?

Ezartzen dizuten ordutegian egon behar duzu. Batzuk 24 ordukoak dira, baina ni ez naiz sekula horrelako batean egon. Alabarekin egonda, nik beti eskola orduetan egiten dut lan.

Gerora zure pisuan aritu zara?

Bai nik neuk jarri nuen pisua eta nire erara hasi nintzen lanean. Are gehiago, etxe horretan zeuden neska batzuk hartu nituen nirekin, baita Aukera elkartearen bidez ezagututako batzuk ere; kaletik ateratzeko aukera ematen nien. Nik bi pisu izan ditut lanerako eta guztira hiru bat urte egon naiz.

Orain zertan zabiltza?

Orain masaje lokala dut. Pisuak utzi ditut, lan asko da eta irabazi gutxi. Nik neskei ez nien apenas kobratzen. Nik lanerako nire lekua nuen eta laguntzearren egiten nuen. Orain ere, masaje lokalean hiru neska gehiago daude, baina sinbolikoa da haiek ematen didatena.

Nori zuzendua dago?
Orain beste bezero mota bati zuzendua nago. Beno, berdina delakoan nago ni, baina bezeroek, penetrazioa ez dagoenez, adarrak jartzen dituztenik ez dute uste. Amaiera zoriontsua duten masaje erotikoak edo felazioak egiten ditut. Bikoteekin ere egiten dut lan. Eta emakumeei ere masaje erotikoak egiten dizkiet. Ez dago gizonen eskari bera, baina badago. Ezgaitasunen bat dutenekin eta garun paralisia dutenekin ere egiten dut lan.

Nola hasi zinen ezgaitasunen bat dutenekin?
Orain hiru urte bezero baten bidez lortu nuen lehen lana. Telefonoz hitz egiteko modu berezia sumatu nion eta berak esan zidan gurpil aulkian zela. Zerbitzu horren ostean, ikasten jarri nintzen, formatzen... Egun zortzi bat ditut, pertsona zoragarriak denak! Hori bai, Down sindromea dutenekin ez naiz ausartzen, nirekin engantxatuko diren beldurra dut.

Batik bat ezgaitasunak dituztenekin lanean aritzea al duzu helburu?

Haiekin bai, baina ez bakarrik. Bikoteekin aritzea ere izugarri gustatzen zait. Ohikerian sartu eta fantasia galdu dutenekin.

Nola egiten da lan bikoteekin?
Lehengo beti emakumearekin hartzen dut kafetxo bat, normalean haiek daude-eta baldintzatuen. Haren enpatia eskuratu behar dut, eta gero, elkarri masajea egiten irakatsi eta gauza berriak aurkitzen laguntzen diet, bikoteen arteko truke lekuak proposatzen dizkiet... Dena naturalagoa ikusten irakasten diet, zer du txarra sexualitateak? Jende askok galdetu bai, baina ez dute etortzeko pausua ematen!

Arriskuak ekidin behar dira?
Neurri batzuk hartu behar dira. Zure espazioan egotea da hoberena. Gainera oso desberdina da egunez edo gauez lan egitea. Gaueko bezeroa arriskutsuagoa da. Nik klubetatik aparte ez dut inoiz gauez lan egin. Kolokatuta edo edanda etor daitezke, eta, edozein ezezkoren aurrean, auskalo nola jartzen diren! Niri ez zait inoiz ezer pasa, baina baditut lagunak gaizki pasa dutenak.

Jende gehienak lanbide hau aukeratu egiten du?
Eztabaida hori pil-pilean dago gure artean ere. Nik uste gehienek behintzat, aukeratu aukeratzen dutela, nahiz eta ez onartu. Beharrak eraman ditu noski, baina, beste aukeren artean, hau hautatu dute.

Jendeak emakume salerosketa eta drogarekin lotzen du prostituzioa.
Ez du zerikusirik. Ez du zertan, behintzat! Egia da gauez ari direnek erritmoa jarraitu behar dutela, baina bestelako lanetan ere gerta daiteke. Emakume salerosketa egongo da, baina baita nekazaritzan eta ehungintzan ere!

Derrigortuta aritu denik ezagutu al duzu?

Kasu bakarra ezagutu dut. Brasilgo neska bat zen; familia mehatxatua zuen eta bezero on batek lagundu zuen. Albisteengatik dakit bestela. Hemen, hala ere, ez dut uste asko dagoenik.

Nola eramaten da estigma?
Batzuek hobeto besteek baino, baina gehienek ez dute sexu langileak direnik onartzen. Horiek dira okerren daramatenak. Oso tristea da hori. Onartu ezean, gainera, ez dute euren lana ondo egiten. Oso kritikoa naiz horrekin; urteak daramatzate lanean, ez dute lanbidea uzten, baina ez dituzte gauzak ondo egiten ere.

Zer da lana ondo egitea?
Ahalik eta denbora gutxienean ahalik eta diru gehien ateratzen saiatzen dira, eta hori ez dago ondo. Zuk zerbitzu bat eskaintzen baduzu, bete adostutakoa! Denborak, zerbitzuak... ez abusatu! Gero bezeroa bera da hau guztia estigmatizatzen duena. Batzuk gaizki aritzea denen kalterako da.

Zure familiak badaki?
Nik ez dut familia zuzenik, baina nire inguruak badaki.

Alabak ere?

Alabak oraindik ez, umea da. Badaki sexuarekin lan egiten dudala, baina esango diot. Esateko desiratzen nago! Bakoitzak bere estigmekin hausten ez badu, nork hautsiko du? Ez diot une horri beldurrik, harreman estua dugu eta edozer gauza galdetuko dit.

Krisia nabari da?

Bai nabari da, asko gainera. Baina lana beti dago.

Bizitzeko aukera eskaintzen dizu lanbide honek?

Diru nahikoa ateratzen da. Zaila da dirua kudeatzea, bihar eta etzi berdin joango zaizula uste duzu, baina agian garai txarra dator... Umea bakarrik heztea baimentzen didan lan bakarra da hau.

Egoera erregularizatuan egiten duzu lan?
Garai batean autonomo gisa alta eman nuen, baina epigrafea existitu ere ez da egiten! Bestelako aktibitateetan eman nuen izena. Baina baja eman dut, dirua botatzea da.

Abolizioa ala erregularizazioa?
Erregularizazioa, zalantzarik gabe. Salerosketaren kontra nago, eta, lanbidea erregularizatua egongo balitz, desagertu egingo litzateke.

Nola ezagutu zenuen Aukera?

Ez dut gogoratzen ere, aspaldi izan zen eta nire ekarpentxoa egiten dut. Oso garrantzitsua da euren lana, eta euren ikuspegia guztiz beharrezkoa da.