Gorka Zozaia
Kimikaria
zientzia

«Eman ta zabal zazu?»

Universidad del Pais Vascok duen leloak joko asko ematen du. Nire unibertsitateko garaian lotura erraz egiten zen, adibidez, campusetan nahieran ibiltzen ziren poliziek borrekin eman eta izua zabaltzen zutenean. Leioako campuseko kafetegi handiko komunetan bazen lotura hori jasotzen zuen pegatina polit askoa. Gaur, egunkariak irakurtzea besterik ez da behar lotura hori ikusteko. Noski, gai kezkagarria da askatasuna zimendu beharko lukeen eremuan pentsamendu eta ekinbide jakin baten aurkako razzia bat izatea, baina ez da hori gaur gaia. Gaur gaia da laster ez dela poliziekin babestu beharreko unibertsitaterik ere izango, jakintzaren instituzio hau oraindik unibertsitate kontsidera badaiteke.

Pasa den asteazkenean eman du berria Iñaki Goirizelaiak berak: UPV-EHUk abian jarri du ikastegiak berrantolatzeko prozesua. Ez nituzke nik bere hitzak desitxuratu nahi eta hitzez hitz kopiatuko ditut hemen prozesu honen helburuak:

1.- Lehiakortasuna eta ikusgaitasuna hobetzea, toki- nahiz nazioarte-mailan.

2.- Graduko tituluen eskaintzak graduondokoarekin duen erlazioa hobetzea.

3.- Irakasle guztiak ikerketa-jardueran sar daitezen bultzatzea.

4.- Ikastegien kanpo-proiekzioa hobetzea.

5.- Jarduera akademikoa hobetzea pizgarrien politika egoki baten bitartez.

6.- Atlantikoko arkuko unibertsitateekin eta inguruko ehun sozio-ekonomikoarekin loturak ezartzen direla bultzatzea.

7.- Gobernantza-eredu berri baterantz aurrera egitea, irakasle onenak kontratatzeko eta ikasle onenentzat unibertsitaterik erakargarrienetako bat izateko.

Helburuokin batera, ikastegien murrizketa plana bera ere ezagutarazi da, egungo 31 ikastegietatik 20ra igarotzeko plana baita aurkeztu berri dena. Bizkaian 13tik 9ra, Gipuzkoan 11tik 7ra eta Araban 7tik 4ra.

Bere garaian, Bolonia Prozesuarena saltzen saiatzen zirenean sikiera hitz politak erabiltzen zituzten, eta Goirizelaiak berak 68ko maiatzeko ikasle eskariekin lotzen zuen prozesu neoliberala. Hamar urte geroago ez dute inor limurtzen eta zuzenean mintzatzen dira lehiakortasunaz eta honek eskatzen duen jarduera unibertsitario-merkantilaz, hots; finantzabideak bermatu eta gastuak murrizteko jardueraz. Finantzabideak enpresa parte hartzaileak, ikasleen tasak eta finantziazio publiko “lehiakorra” (hots, finantziazio pribatu gehien duenari diru publiko gehiago) direla jakinda, berehala ulertzen dira helburuok. Finean, unibertsitatea –eta segidan hezkuntza sistema osoa– ez da dagoeneko (inoiz izatera heldu bada) herritarren hezkuntza eskubideak eta gerriaren garapen kultural-intelektuala bermatzeko tresna, baizik eta merkatu zehatz batean jokatzen duen enpresa.

Asko luza ninteke hemen unibertsitatearen enpresaratze prozesuaren ondorioekin, eta, zentratzearren, normalean bigarren plano batean gelditzen den faktore garrantzitsu batean jarriko dut arreta: zientzia komunitate edo unibertsitateen ikasketa jardunaren enagerazioan. “Nature” aldizkariaren editore Philip Balli egindako elkarrizketa bat irakurri berri dut eta hark ere oso larritzat ikusten du egun nagusi den jarduera zientifikoa: ahalik eta paper gehien eta azkarren idaztea, eta kito. «Egungo ikerlari gazteek presio handiegia dute paperak idazteko, eta horrek ultraespezializatzera daramatza, zientziak diziplinartekotasuna behar duenean», iritzi dio.

UPVrentzat Eduardo Chillidak egindako logotipoak, zientziaren arbola irudikatzen du, enbor beretik hamaika adarretan zabaltzen dena. Nik ere oroitzen dut kafetegi berean batzen ginela lehen karrera ezberdinetako ikasleak, denbora luzez, elkartrukean. Gaur, ordea, polit-polit apaindutako esparru gero eta espezializatuago eta atomizatuago bat ikusten dugu, jarduera zientifiko okerrean sakontzeko prest dena, tamainako erakunde batek beharko luken printzipio zientifikoetatik erabat aldenduta. Lema aldatzeko ordua heldu zaio herritarren sosekin altxa den erakunde honi. Ez da eman, jaso da. Ez da zabal, itxi da. Zientziaren arbola, gaur, abailduta dago, eta oholetarako prest. •