2014/05/30

Erregimen zaharra eta berria pultsuan dira Tunisian, borroka bide berriak jorratzen ari dira herritarrak sare sozialetan
GAUR8
Tunisia
TUNISIA

Pasa den maiatzaren 23an eman zen Azyz Amami eta Sabri Ben Mlouka gazte tunisiarren aurkako prozesuan behin betiko epaia. «Kalamu jabetza erabiltzeko asmoarekin», horixe egozten zieten delitua. Hamar ordu luzatu zen epaiketaren azken saioaren ondoren, bidea urratzen duen erabaki garrantzitsua hartu zuen epaileak: bi gazteak errugabeak zirela erabaki zuen, 52. Legean aurreikusitako deliturik egin izanaz kargugabetu zituen. Eta garrantzitsua da erabakia, aipatu 52. Legeak gaur egun milaka lagun dauzkalako kartzelan preso.

Tunisian marihuanaren aurkako lege oso zorrotzak daude indarrean. 52. Legea da, hain juxtu, drogekin zerikusia duten delituak arautzen dituena eta zigor gogorrak aurreikusten ditu, bai kartzela zigorrak eta baita isun garrantzitsuak dirutan. Lege horren kontrako kanpaina jarri dute martxan azken hilabeteotan, eta sare sozialetan hartu du indarra, “Al Sajin 52” lelopean.

Nazio Batuek duela gutxi emandako datuen arabera, Tunisian atxilotu ostean epaiketaren zain dauden 13.000 lagunetik erdiari baino gehiagori drogekin zerikusia duten delituak egozten dizkiete. Gainera, Tunisiako kartzeletan preso dauden 11.000 pertsonatik herena droga jabetzagatik daude zigortuta, bereziki marihuana tarteko.

Hartara, eta zenbaki kezkagarri horiek direla medio, ekintzaile talde batek aipatu “Al Sajin 52” ekimena jarri du martxan (“52. presoa”, Legeari erreferentzia eginez). Gizarte zibilak bultzatutako ekimenak 52. Legea deuseztatzea du helburu, «etorkizuneko belaunaldiak salbatzeko». Izan ere, talde horren arabera, «lege zapaltzaile horrek» kartzelak betetzeaz aparte, ez du lortu kalamu erretzaileen hazkundea geratzea.

Azyz eta Sabri kanpaina horretako aktibistak dira. Horregatik, euren atxiloketak oihartzun dezentekoa izan du Tunisian. Epaileak errugabe jo ditu orain, eta epai horren oinarrian arrazoi bat baino gehiago dago. Batetik, gazteen defentsa landu duen magistratu taldea dago. Guztira ehun abokatuk osatu du taldea, nahiz eta epaiketaren egunean 26k baino ezin izan zuten parte hartu saio desberdinetan. Baina epai hori ez litzateke posible izango epaituen senideek eta lagunek antolatutako mobilizazio eta protestarik gabe. Prozesuak iraun duen bi asteetan Azyzen etxea koordinazio gune bihurtu da, eta bertatik antolatu dira aktibisten askatasuna eskatzeko hainbat ekimen. Eta hitzordu horiek oso jendetsuak izan dira orokorrean.

Eta bada beste arrazoi garrantzitsu bat: nazioartean ere kasuak lortu duen oihartzuna eta babesa. Horretan guztian parte handia izan dute sare sozialek. Horiei esker eman da ezagutzera Azyz eta Sabriren kasua eta euren borrokaren ardatza: 52. Legea bertan behera uzteko kanpaina. Sare sozialen bozgorailu lana garrantzitsua izan da beraz, Tunisiako agintariak estu hartzeraino. Hain juxtu oso jendetsuak gertatu diren mobilizazio eta protestetarako deialdiak sare sozialen bidez egin dira nagusiki. Hartara, Azyz eta Sabri epaitegira eraman zituzten azken egunean 800 lagun inguru elkartu ziren epaitegiko atarian.

Kanpainaren arrakasta

Aktibisten izaerak ere merezi du nabarmentzea. Han bildutako jendetzarekin pozik agertu arren, Azyzek ozen adierazi baitzuen borroka horren indarra ez zela bideratu behar beraiek askatzera, «52. Legea deuseztatzera baizik». Eta izaera berezi horrek ere izan du eragina beren kasuak lortu duen oihartzunean. «Azyz ezaguna da bere militantziagatik eta izaera indartsuagatik. Ez balitz hala izan, bere atxiloketa bortitza isilpean pasatuko zen, 52. Legearen ondorioz kartzelan dauden beste milaka lagunena bezala», idatzi dute sarean azken egunotan. Kanpainak ez du kalamu kontsumoa sustatu nahi, baina garbi dauka kartzela zigorrek eta isunek ez dutela laguntzen kontsumoa jaisten. Eta orain arteko datuek hori adierazten dutela.

Sare sozialetan askotariko babes mezuak bildu ditu kanpainak, mediku eta politikari ezagun zenbaitek ere bat egin dute ekimenarekin eta drogen kontsumoaren inguruko eztabaida serio bat bultzatzeko eskatu diete agintariei.

«#SELFIEPOUBELLA», TUNISIAKO KALEETAKO ZIKINKERIA SALATZEKO KANPAINA

Azken asteotan tunisiar asko aritu dira hain modan dauden selfie edo autoargazkiak egiten. Badute, baina, berezitasun bat: argazkiaren atzealdean zaborra ageri da. Eta sare sozialetan zintzilikatu dituzte argazkiok #SelfiePoubella (selfiea zaborrarekin) etiketarekin. Ekimen horren helburua herrialdeko kaleetan pilatzen den zikinkeria norainokoa den salatzea da.

Sua piztu duena Amel Karboul Turismo ministroa izan da. Duela aste batzuk Karboulek zenbait selfie argitaratu zituen herri hedabideetan Afrikako iparraldean turismoa sustatu nahian. Ministroaren selfietan paisaia ederrak agertzen ziren atzealdean, herrialdearen edertasuna nabarmendu nahian. Baina, nonbait, errealitatea ez da hain polita eta postaletakoa, eta hori salatu nahian jarri dute martxan #SelfiePoubella ekimena.

“Tunis garbia” izeneko Facebook orrialdeko administratzaileei bururatu zitzaien ideia eta maiatzaren erdialdean sareratu zuten proposamena: «Gure kaleetan eta herrialdean oro har jasaten dugun egoera kezkagarria agertzeko zure selfien zain gaude. Gure errealitate tristea ezkutatu nahi dute Tunisiako paisaia eder eta idilikoak agertuz. Eta, bitartean, bada zabor artean bizi den jendea. Turismo ministroaren selfiek interes eta helburu turistikoak badituzte, #SelfiePoubella kanpainak interes eta helburu turistikoak ez ezik, gizalegezkoak ere badauzka. Gauza xumea eta erraza eskatzen du: garbi dezatela Tunisiako kaleak kontaminatzen dituen zaborra. Hartara, tunisiarrek eta turistek espazio publiko garbiak gozatu ahal izango dituzte».

Izan ere, kanpainaren bultzatzaileek Tunisiako benetako egoera eman nahi dute ezagutzera, benetako argazkia agertu nahi dute. Joan den apirilean gobernuak egindako kalkuluen arabera 300.000 tona zabor daude Tunisiako kaleetan pilatuta. Datua ematearekin batera, errua zabor biltzaileena zela esan zuten agintariek, «gaixotasunagatik gero eta baja gehiago hartzen dituztelako». Geroztik garbitasunaren aldeko kanpaina ugari jarri dira martxan, bai erakundeen aldetik eta baita eragile sozialen aldetik ere, baina zaborrak pilatzen jarraitzen du. Eta bitartean, #SelfiePoubella ekimenak selfie ez oso turistikoak biltzen segitzen du.