MAIDER EIZMENDI
Elkarrizketa
Fatima Djarra Sani
MUNDUKO MEDIKUAK ELKARTEKO LANGILEA

«Ablazioari aurre egiteko bidea ez da kriminalizaziora eta epaitzera jotzea, heziketa baizik»

Ondo daki genitalen erauzketak zer-nolako ondorioak dakartzan. Horregatik, Ginea Bisaun jaiotako emakumeak hezkuntza eta sentsibilizazioan tinko lan egiten du.

 «Ablazioari aurre egiteko bidea ez da kriminalizaziora eta epaitzera jotzea, heziketa baizik»
«Ablazioari aurre egiteko bidea ez da kriminalizaziora eta epaitzera jotzea, heziketa baizik»

Afrikar basati horiek» pentsatzeak ez diola ablazioaren aurkako borrokari mesederik egiten nabarmendu nahi izan du Fatima Djarra Sanik. «Bidea ez da kriminalizaziora eta epaitzera jotzea, heziketa eta sentsibilizazioa bultzatzea baizik».

Uda aurreko garaian bereziki lanpetua egoten da Fatima Djarra Sani Munduko Medikuak elkarteak Iruñean duen egoitzan. Ablazioa egiten den herrialdetako gurasoak dituzten neskatilak, izan ere, senideengana oporraldia igarotzera joan ohi dira, eta, «ohiturari jarraiki», genitalak erauzteko arriskua izaten dute. Osasun ondorioez mintzo da Sani, erauzketan hiltzeko, gaixotasun bat hartzeko edota etorkizunean osasun arazoak izateko arriskua larria baita.

Zer dela eta hasi zinen ablazioaren aurkako borrokan? Zerk eraman zintuen une zehatz batean erabaki hori hartzera?

Aitaren aldetik oso tradizionala den familia batetik nator ni, eta, beraz, ohikoa zen familiako emakumeei ablazioa egitea. Gaia oso-oso gertukoa zitzaidan, baita dakartzan arriskuak eta ondorioak ere. Jaso dugun heziketa halakoa izan denez, txikia zarenean ez zara gertatzen ari denaren jakitun, ohikoa den gauza iruditzen zaizu emakume guztiei ablazioa egitea. Handitzen joan nintzen heinean hasi nintzen konturatzen ohitura horrek dakartzan ondorioez. Gelditu eta zera pentsatu nuen: «Zer egiten ari dira? Zergatik hiltzen dira emakumeak? Zergatik sufritzen dute horrenbeste neskatilek?». Ablazioa arrazoi ugarirekin justifikatzen dute, baino bakar batek ere ez du oinarri objektiborik. Tradizioak indartzen du ablazioaren indarra. Orain milaka urte hasi ziren emakumeei genitalak erauzten eta kontserbadoreak diren familietan indar handia du oraindik orain tradizio horrek.

Nire azalean bertan bizi izan nuen genitalen erauzketa, eta arazoa gertutik ezagutzen dudalako erabaki nuen ablazioaren kontra lan egin behar nuela.

Ohitura eta tradizioez mintzo zara, baina horiek ere hasiko ziren aldatzen.

Egoera pixkanaka aldatzen ari da bai, baina ikusteko dago zer gertatuko den aurrera begira. Gure jatorriko herrietan ablazioa debekatzen duten legeak daude, baina ez dira betetzen, ez dagoelako hori zainduko duen inor. Une honetan nekazaritza gune askotan erauzketa egiten jarraitzen da.

Uda garaia gertu dago, oporretan gurasoen jatorrizko herrietara joaten diren neskatila askok ablazioa jasateko arriskua dute, hala nabarmendu du Bartzelonako Unibertsitateak egindako ikerketa batean.

Bai. Gurasoen jatorrizko herrialdeetako pertsona helduak dira ablazioa egiten dutenak, eta haurren gurasoek maiz ez dute ezetzik esaten.

Gurasoek ez dutela ezetz esaten diozu. Azken batean tradizioari uko egitea litzateke, ezta?

Bai, inolako oinarririk ez duen tradizioa izanik ere, jende askori zaila egiten zaio familiari eta haien tradizioei aurre egitea. Guri ere oso zail egiten zaigu ohitura horrekin hazi den pertsona bati ohitura hori ez dela ona azaltzea. Azken batean, genitalen erauzketaren kontrako lana oso mantsoa da eta pazientzia handia eskatzen du; egoera ulertzen lagundu behar zaie, eta, besteak beste, osasuna bera tartean dagoela nabarmendu behar zaie behin eta berriz.

Egoera horren aurrean zein da zuen elkartetik egiten duzuen lana?

Nafarroan bizi den afrikar komunitatea sentsibilizatzen saiatzen gara ablazioaren eta dituen osasun ondorioen inguruan. Jatorrizko herrietara joaten direnean neskatilei ablazioa ez egiteko aholkatzen diegu. Horregatik, oporretan doazenean, eskatzen duenari ziurtagiri bat ematen saiatzen gara, hara iritsitakoan familiari erakusteko. Ablazioak dituen osasun arriskuak eta lege aldetik ekar ditzakeen ondorioak azaltzen dira ziurtagiri horretan, askorentzat guztiz ezezagunak direnak. Noski, ziurtagiri hori jatorrizko herrialdeko hizkuntza ofizialetara itzultzen dugu bertan dituzten senitartekoek irakur eta uler dezaten. Garai zehatz hau, beraz, funtsezkoa da guretzat. Hitz egiten, sentsibilizatzen, ziurtagiriak ematen... aritzen gara, eta horretarako tailerrak ere egiten ditugu.

Jatorrizko herrialdeetan ere egin beharko da lan, beraz.

Bai, noski. Badira tokian-tokian ikaragarrizko lana egiten ari diren elkarteak, heziketan eta sentsibilizazioan ahalegin handia egiten ari direnak.

Sei urte daramatzazu jada lan hau egiten. Suposatzen dut aldaketak sumatu dituzula eguneroko lanean, ezta?

Bai noski. Hemen lanean hasi nintzenean, oso zaila zen Afrikatik etorritako herritarrekin gai honen inguruan lan egitea; niretzat, maila pertsonalean ere, ere ez zen batere xamurra izan. Azken batean, nire ohiturei muzin egin niela iruditzen zitzaien, nire herria eta familia ahaztu nituela. Gizon zein emakumeek epaitu egiten nindutela sentitzen nuen. Pixkanaka haietako emakume askok ulertu dute egoera, eta eurentzat gai tabua izan den ablazioaren gainean hitz egiten hasi dira. Txikitan ablazioa jasan zuten emakumeak etortzen dira niregana elkartera, medikuarengana lagun ditzadan, izan ere, diodan moduan genitalen erauzketa jasan duten emakumeek arazo handiak izaten dituzte.

Landu eta artatu beharrekoak, noski.

Bai. Maila pertsonalean bizitza guztian mantentzen diren hainbat arazo dakartza ablazioak: sexu harremanak izateko zailtasunak, erditzerako unean sortzen diren arazoak, hileroko mingarriak...

Buruan utzitako zauriak ere handiak izango dira, gainera.

Pertsona batek inoiz ere ez du ahazten ablazioa egin zioten momentua. Ni saiatzen naiz hark eragin zidan mina baino min handiagoa ez eragiten, baina, ahaztu, ez dut sekula ahaztuko egun hura.

Genitalen erauzketa egiteko adina murrizten ari omen da.

Bai, lehen 4 eta 7 urte bitarteko neskatilei egiten zitzaien, baina, praktika honen aurka gero eta gehiago egiten denez, goizago ere egiten hasi dira. Kasu batzuetan oraindik ere titi-ume diren haurtxoei egiten zaie.

Neskatila hauetako asko momentuan bertan hiltzen dira.

Asko dira odolustuta hiltzen dira neskak edota gaixotzen direnak. Material berdinarekin neskatila bat baino gehiagori erauzten zaizkie genitalak eta elkarren artean kutsatzen dira. Hori dela eta, emakume asko helduak bihurtzean ohartzen dira ablazioa egin zietenean gaixotu egin zirela.

Neskatila horien amekin lan egitea guztiz funtsezkoa da zuentzat?

Bai, oinarri-oinarrizkoa da, besteak beste, emakumezkoak direlako ablazioa egiten dutenak. Haiekin landu behar da gaia. Guk bideoekin, argazkiekin... egiten dugu lan, neskatilengan praktika horrek duen inpaktua ezagutarazteko. Asko egoera horretatik pasatu dira, baina irudiok ikustean konturatzen dira ez dutela hori beren alabek pasa dezaten nahi. Kontzientzia hartzen hasten dira pixkanaka-pixkanaka.

Kalte fisikoak aipatu dituzu, baina maila sozialean ere eragina du, are gehiago tradizio hori ezagutzen ez duen gizarte batean bizita.

Ni ablazioaren inguruan hitz egiten hasten naizenean konturatzen naiz jende askok ez duela ulertzen zenbaterainokoa den tradizio horren indarra. Joera dago ablazioaren inguruan kriminalizaziora eta epaitzera jotzeko, zergatia galdetu gabe. «Afrikar basati horiek», esaten da.

Oker begiratzen dugu.

Konturatu beharko genuke herrialde guztietan daudela tradizioak eta guztiak ez direla beti onak izaten. Mendebaldetik, jendeak komunikabideetan islatzen dena bakarrik ikusten du, eta komunikabideek maiz oso itxura txarra eskaintzen dute Afrikaren inguruan. Nik tailerretan beti errepikatzen dut ezagutzen ez den gai bat ez dela epaitu behar. Hori egin ahal izateko, pertsona batek lehendabizi zer egiten den jakin behar du, zergatik egiten den, zein den oinarrian dagoen pentsaera. Azken batean, hemen ere sexualitateaz ez da modu zabalean hitz egiten. Hemen ere badira tabuak sexuarekin lotutako gaien inguruan. Jendea sexuaren gizartean bizi da sexualitatea ezagutu gabe.

Azken batean, hartu gaituen gizarteari erauzketaren gaiaren inguruan duen iritzia ez dezala estereotipoetan oinarritu eskatzen diot. Errealitatea ezkutatzeko baino ez du balio jarrera horrek, bai eta jendeak gaiaren inguruan lasai hitz egin ez dezan ere. Horrek kalte izugarria egiten digu gure lanean; atzera egiten dugu horrela.

Legedian izandako hainbat aldaketen gaineko kezka ere azaldu duzue, ezta?

Bai, zentzu horretan arduratuta gaude. Lehen aipatu dudan moduan heziketan eta sentsibilizazioan egin behar da lanik handiena, baina legeak ere lagungarri dira. Kezkatuta gaude justizia unibertsalaren lege erreformak zer eragin izango ote duen; atzera egingo ote dugun beldur gara.

Estatu espainolean izatez ezin da ablaziorik egin, baina oporretan egin eta hona itzultzen diren haurren kasuan zigorrak aurreikusten dira. Aldaketa horren ostean, baina, zer gertatu behar da? Orain arte, euren alabei ablazioa egiten zieten gurasoek sei eta hamabi urteko kartzela zigorra jasotzeko arriskua zuten. Orain, aldiz, erreformarekin, zer gertatuko da? Beldur gara justizia unibertsalaren lege erreformarekin aurrera baino atzera ez ote dugun egingo; azken batean, gurasoek bazutelako lehen euren kontrako justizia neurriak hartuko ote zituzten erreparoa.

Zuen lanarekin aurrera egiteko diru arazoak ere badituzue. Nafarroako Parlamentuan protesta egin zenuten orain aste batzuk, zuen lanean sakontzeko diru laguntzak beharrezkoak dituzuela aldarrikatuz.

Urte luzeko lanaren ostean, pasa den urtean lau ardatzeko protokolo bat onartu zen azkenean: genitalen erauzketa jasateko arriskua duten neskatilen identifikazioa, ablazioa jasan duten emakumeekin lana, arrisku taldeen prebentzioa eta hezkuntza. Era berean, alor desberdinetako profesionalek ablazioaren inguruan sentsibilizazio lana egitea zen asmoa; horretarako haiekin heziketa lana egin behar zen, zein modutan jardun behar zuten lantzeko. Baina lan hori oso mantso doa, ez dugu eta nahikoa aurrekonturik. Parlamentura horretara joan ginen, Nafarroako zonalde guztietan dagoen jendearengana iritsi ahal izateko. Nafarroa ez da Iruñea edota Tutera bakarrik.

ABLAZIOA. IMMIGRAZIOAK GURERA EKARRI DU TRADIZIOAN OINARRITUTAKO EMAKUMEEN AURKAKO ERASOA
Emakumeen aurkako eraso bortitza da ablazioa. Kasu askotan heriotza dakar eta ia beti bizimodua baldintzatzen duten ondorioak.  Tradizioa oinarri hartuta, emakumeen genitalen erauzketa oraindik orain hainbat herrialdetan egiten da. Migrazio prozesuek gurera ere ekarri dituzte praktika honen oihartzun eta arriskuak.
 
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, genital femeninoen erauzketaren ondorioak 140 milioi lagunek pairatzen dituzte munduan, besteak beste, gernu infekzioak, sexu harremanak izateko zailtasunak edota erditzean arazo larriak izatetik eratortzen direnak. Jada jasan duten emakumeei, urtero-urtero ablazioa jasateko arriskua duten 2 milioi neskatilak gehitu behar zaizkie.
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren baitan sortutako Wassu-UAB fundazioak urteak daramatza praktika honen kontra lan egiten, Afrikako hainbat estatutako herritarrekin eskuz esku lanean. Gambian egin dute lanik handiena orain arte, bertako Osasun Ministerioarekin lortutako akordio bati esker. Hori bai, Gambian osatu eta garatutako metodologia Kenya eta Tanzaniako beste zonalde batzuetara ari dira zabaltzen uneotan, Wassu-UAB fundazioko kide den Adriana Kaplan antropologoak nabarmendu bezala.
Praktikak jatorria duen herrialdeetan lan egitea ezinbesteko bada, immigrazio prozesuek lan egiteko premia geurera ere gerturatu dute.
1.140 neska Hego Euskal Herrian
Wassu-UAB fundazioak aurten kaleratu duen Estatu espainoleko Emakumeen Genital Erauzketaren Mapan jaso denez, Hego Euskal Herrian, 1.140 dira genitalen erauzketa pairatzeko arriskuan dauden neskatilak –818 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta 321 Nafarroan– . Kasurik gehienetan euren jatorrizko herrialdeetara oporretan joaten direnean egiten diete erauzketa oraindik ere nerabezarora iritsi gabeko neskatilei.
Maila desberdinetako prozedurak daude sailkatuta, eta ablazio muturrekoenek klitoriaren eta ezpainen erauzketa eta baginaren itxiera eragiten dute –Sudan, Somalia, Djibuti edota Yemenen ohikoagoak dira horrelako ablazioak–. Emakumeengan sortzen dituzten arazo larriei erditzean sortzen diren arazoetatik eratorritako haurtxoen hilkortasuna tasa handia gehitu behar zaio kasu honetan.
Afrikako hogei bat estatutan mantentzen dira genitalen erauzketarekin lotutako errituak eta Wassu-UAB fundazioko kide eta maparen egile den Adriana Kaplanek aditzera eman duenez, praktika hau diasporara ere eraman da immigrazioaren eraginez. Bere ustez, horregatik, jatorrizko herrialdeetan ez ezik, emigratu duten pertsonak hartu dituzten lekuetan ere lan egitea oinarrizkoa da.
Inposiziorik ez
Fundazioak egin duen bidean   argi ikusi dute praktika honen aurkako iritziak inposatzea ez dela aldaketa soziokulturala bultzatzeko bidea; eta hori oinarri-oinarrizkoa dela irizten dute. Maiz kontrako eragina lortzen dute horrelako jarrerek, ohitura indartzea eta klandestinitatera eramatea ekar dezaketelako. «Benetako aldaketa barrutik lortzen da», nabarmendu dute elkartetik.
Pertsonei erabakitzeko benetako aukera ematea da, izan ere, iraungo duen aldaketa bat lortzeko modua. «Eta erabakiak pertsonek benetako informazioa dutenean hartzen dira»,  uste dute Wassu-UAB fundazioko kideek, euren testuingurua errespetatuta, dagokienei ablazioaren ondorioak jakinarazi behar zaizkiela nabarmenduta.
Modu berean jardun behar da, horregatik, euren jatorrizko herrialdeetatik irten eta egun gure herri eta auzoetan bizi diren herritarrekin ere. Nazioarteko hainbat dokumentu eta hitzarmenetan jaso den moduan, emakumeen aurkako eraso larria da emakumezkoen genitalen erauzketa, eta, beraz, haren kontra egitea funtsezkoa da, baina betiere, fundaziotik nabarmendu dutenez, ahalduntzearen bidea lantzea da estrategiarik baliotsuena.