Antton Izagirre

Bai baina ez

Egin berri diren Europako hauteskundeen harira frantses Estatuan eskuin muturrak izan dituen emaitzek arreta berezia jaso dute komunikabiderik gehienetan, eta beldurra eta kezka eragin dituzte ildo desberdineko alderdi politikoengan. Kezkagarria da nonbait Europak eskuinera alderatzeko izan duen joera.

Zergatia galdetzen hasita, krisi ekonomiko larriak, dagoen ziurgabetasunak, eta etorkinen aurkako jarrera xenofoboen gorakadak eman omen dio eskuin muturrari halako itzala. Hala diote, behinik behin, analistek.

Gurera etorrita, Josu Bergara Sestaoko alkateak egindako adierazpenak kanpaina betean ginela aditzera eman zirenean, antzeko erreakzioak izan ziren: arreta mediatikoa, gaitzespen politikoak, politikoki zuzenak diren erantzunak... Baina, aldi berean, alkate mihiluzeak babes pertsonala eta herritar askoren atxikimendua ere jaso zituen.

Komunikabideetan ikusi denaren arabera, iritzi kualifikatu ia guztiek Sestaoko alkatearen hitzak errefusatu dituzten arren, askoz gehiago izan dira alkatea babestera eta txalotzera kalera irten direnak, etorkinen eskubideak babestera kalera irten direnak baino. Zer irakurketa egin dezakegu gertatutakoaz?

Egun bertsuetan, lagun arteko tertulia batean, gertuko lagun batek eginiko komentarioak arreta eman zidan. «Ni ez nauk xenofoboa, etorkinak onartzearen alde nagok, baina etorkin suediarrak nahi dizkiat!». Joño –pentsatu nuen– egun gure gizartean ere txertatu den pentsaera bati bide emateko oso modu sinplea; busti gabe igeri egiteko politikoen artean gailendu den joera. Hau da, gauza bat dela une bakoitzean zer defendatzea tokatzen den jakitea, eta, bestea, urte garaia heltzen denean “gereziak” ematea. •