ENEEK
NEKAZARITZA ETA ELIKADURA EKOLOGIKOA

Baratze ekologikoaren planifikaziorako koadroa

Hamaikagarren urtez jarraian, Bioterrak ateak zabaldu zituen atzo, Irungo Ficoba erakustazokan. Ostiralean hasi eta igande arratsaldera arte, bizimodu iraunkorra jarraitzeko gakoak eskaintzen ditu produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka handiak.

Aurten, ENEEK eta Biolurrek berrikuntza bat daramate azokara elkarrekin: urtarriletik prestatzen aritu diren “Baratzaren planifikaziorako koadroa”. Bertoko baldintza klimatikoetara egokitutako ereintza-landaketa-uzta egutegiaz gain, koadroan ortuari bakoitzari buruzko informazio teknikoa batzen da: ongarriztatze eta ureztatze beharrak, errendimendua, landaketa markoa, merkaturatzera arte pasa beharreko egunak, ortuariak ziklo osoan zehar lurrean ematen dituen egunak, arazo nagusiak eta kontuan izan beharrekoak...

Taula osatzeko, Berriz, Antzuola, Markina-Xemein, Astigarraga, Busturia eta Itziarko ortugile ekologikoekin elkarrizketak egin dira. Urte askotan pilatutako esperientzian oinarrituta, baserritarrek aire librean eta negutegian egiten duten maneiuaren datuak dira taularen oinarria. Bibliografia ere aztertu da. Bizkaian zein Gipuzkoan kostaldeko eta barnealdeko baldintzak eta sasoia aldatu egiten direla kontuan izanda, taulan tarteko egoera irudikatu nahi izan da. Azoka osoan zehar ENEEKren postuan izango dira eskuragai bai koadroak bai berau ulertzeko azalpenak ere.

Aurten, Bioterrako erakusketari kopurua 140ra arte iritsi da, hiru gune tematiko tradizionaletan banatuta: Bioterra, Naturall eta Geobat. Elikadura ekologikoa, nekazaritza ekologikorako produktuak eta osagarriak, kosmetika naturala, ehungintza, kudeaketa ekologikoa, terapia alternatiboak, bioeraikuntza, geobiologia, energia berriztagarriak, sukaldaritza tailerrak, produktuen dastatzeak, haurrei zuzendutako ekintzak... Asteburu batez, naturarekiko zein norbanakoon gorputzarekiko errespetagarriak diren produktuek eta jokabideek hartuko dute Ficoba.

Urteroko legez, Bioterran bizimodu iraunkorrari buruzko hitzaldi eta ekitaldi eskaintza zabala dago. Hitzaldi, tailer eta bestelako ekitaldi sorta oparoaren baitan, bisitari orok topatuko du zerbait azpimarragarria: izan daiteke elikadurarekin lotutakoa, izan daiteke osasuna eta terapia naturalei buruzkoa, edota bioeraikuntza, energia ereduak zein hondakinen kudeaketari buruzkoa. Oro har, “beste bizitzeko era” batekin lotzen diren ia osagai guztiak Bioterran daude. Ekintza praktikoek berriz ere pisu handia izango dute: baratzezaintza ekologikoari buruzko oinarrizko ikastaroak emango dira etengabe; bioeraikuntza tailerra egingo da isolamendu eta akabera ezberdinekin; haurrentzat birziklatze tailerrak egingo dira... Sukaldari profesional ezberdinek ere parte hartuko dute, tailer eta produktu dastatzeak antolatuz.

Atzoko egitarau beteari segida emanez, gaur eguerdian, 12.30ean, aurten osasungintza naturalaren arloan izango den hitzaldi azpimarragarrienetakoa emango du Elisabet Silvestrek. “Toxiko gabe bizi” liburuaren egilea izateaz gain, Silvestre “habitat osasungarrien” arloan aditua da, eta etxebizitzak zein bestelako eraikinak biobizigarritasunaren, habitataren biologiaren eta eraikuntzaren biologiaren arabera eraiki eta eraberritzen ditu. Etxe batek osasungarri izateko bete behar dituen irizpideak azalduko ditu, eraikuntzan erabilitako material eta tekniketatik hasi eta barruan topa daitezkeen altzari, ehun eta bestelako produktuetaraino.

Plataforma por un Nuevo Modelo Energético taldeko Cote Romerok, bere aldetik, beste energia eredu baten alde lan egiten duen ekimena aurkeztuko du gaur arratsaldeko bostetan. Ekimen horrek elektrizitatearen multinazionalek duten monopolioa salatzen du, aldi berean horri aurre egiteko proposamen zehatzak luzatuz. Larunbat arratsalde honetan moda iraunkorrari buruz egingo diren hitzaldi eta tailer praktikoak ere azpimarratu beharrekoak dira. Slow Fashion erakundearen eskutik arropa modu iraunkorrean erabili eta diseinatzeko gakoak emango dira.

Bihar iganderako ere, gai zerrenda zabala da oso. Osasungintza naturalaren arloan, Elena Corralesek gaztetxoen elikadura eta osasunaren arteko harremanaz hitz egingo du eguerdian, haurren hazkuntzan zein garapenean elikadura ekologikoak dauzkan onurak azalduz. Goizago, 10.30ean, Karmelo Bizkarra doktorea baraualdiaren onurez jardungo da, eta, 11.00etan, Ekaitz Uribe arkitektoak eraikinen eraginkortasun energetikoa handitzeko material naturalekin egindako zaharberritze teknikak azalduko ditu. Igandeko puntu gorena, eta feriaren nolabaiteko itxiera, hondakinen kudeaketaren inguruan Zero Zabor Europa ekimeneko lehendakari Jean Marc Simonek eskainiko duen hitzaldia izango da, arratsaldeko bostetan.

ENEEK ere, noski, Irunen izango da, Euskadiko nekazaritza ekologikoari buruzko informazioa eta azalpenak eskaintzeko prest. Horrez gain, zenbait ekitaldi ere antolatuko ditugu, hala nola, Euskadiko ardo eta gazta ekologikoen dastatzeak. Ardoak ezagutzeko aukera larunbat arratsaldean izango da, Show Cooking gunean, 17.30etik 18.00etara. Gazten txanda igandean izango da, toki berean eta ordu berean.