Oihana Llorente
Eskola Txikien Festa

Bidania-Goiatz sorterrira itzuliko da jaia bihar 27 urteko ibilbidearen ostean

Biharkoa egun handia da Bidania-Goiatzen, Gipuzkoako Eskola Txikien Festa aldarrikapenari hasiera eman zion herrira itzuliko da-eta. Eskola txikiak bizirik eta osasuntsu mantentzearen aldeko eguna Gipuzkoan dauden 26 eskola txikietatik pasa ostean bueltatuko da Tolosaldeko udalerrira, eta, bertan, dena prest dute bigarrenez ospatzeko.

Bidania-Goiatz sorterrira itzuliko da jaia bihar 27 urteko ibilbidearen ostean
Bidania-Goiatz sorterrira itzuliko da jaia bihar 27 urteko ibilbidearen ostean

Gipuzkoako Eskola Txikien Festak 27 urteko ibilbidea du. 1988an Bidania-Goiatzek –Bidegoain izena zuen garai hartan herria–, estreinatu zuen “Eskola txikiak bizirik, herri eta auzoak bizirik” lelopean egiten den jaialdia, eta, igandean, Gipuzkoako eskola txiki guztiak zeharkatu ostean, sorterrira itzuliko da.

Pozarren hartu dute hitzordua Bidania-Goiatzeko bizilagunek eta kirioak dantzan dituzte igandea noiz iritsiko zain. Haur eta gaztetxoak inoiz baino protagonistago izango direlakoan da Iban, GAUR8rekin aritu den antolatzailea. Nabarmendu duenez, umeen gozamena helburu, mimo handiz josi dute biharko egitaraua.

Festa gunea Txinkorta eskolaren inguruan kokatu dute; eskola da-eta, bidaniarren eta goiaztarren iritziz, festaren eta herriaren bihotza. Tolosaldeko udalerriak beti izan du eskola, eta, herritarren ustez, hori da hain zuzen ere herria bizirik mantendu izanaren arrazoia. Egun, eskola gisa erabiltzen duten eraikina 2000. urtean eraiki zuten eta egunero 52 ikasle eta 10 irakasleri egiten die harrera.

Saioa Urdangarin Txinkorta eskolako zuzendaria da orain dela bi ikasturtetik. Ez da beti eskola txikietan aritu, baina urteen eta esperientziaren poderioz, eskola txikien onura eta ezaugarriak deskubritu ditu: «erabat euskaldunak dira, naturarekin harreman zuzena dute eta adin aniztasunean oinarritzen dira».

Txinkorta eskolak bost ikasgela ditu gaur egun eta haietan adin ezberdinetako haurrak biltzen dira. Adin aniztasuna «benetan aberasgarria» da Urdagarinen begietara, elkarreragina eta lankidetza sustatzen dituela sinetsita baitago: «Txikiek handien eredua dute, eta, helduak, aldiz, txikiekiko errespetuan hezten dira». Iban Txinkortako ikasle ohia da eta erabat ados dago zuzendariarekin; eskolan sortzen diren harreman horiek, gainera, eskola eremua gainditu eta luzerako izaten direla gaineratu du.

Zuzendariaren arabera, eskolako pareten artean sortzen den «etxe giroa» da eskola txikien balio preziatuena; «familia harremana da irakasle, ikasle eta gurasoen artekoa, oso estua da, eta beste maila bateko konfiantza sortzen da era honetan», dio pozarren.

Urdangarin ez da Bidania-Goiatzekoa eta harrituta dago Eskola Txikien Festa antolatzeko herrian topatu duten babesarekin. «Jende guzti-guztiak eman digu laguntza, eskolarekin hartu-emana izan edo ez. Izugarria da! Eta eskertzekoa, noski, halako festa bat ezingo baikenuke eskolako 36 familiekin antolatu!», dio pozez zoratzen.

Zuzendariaren arabera, eskolak ez du behar berezirik uneotan. Hori bai, Eskola Txikien Festarekin aterako duten dirua zerbitzuak mantendu eta patioa apur bat atontzeko erabiliko dute.

Korrika abiatuko dute biharko eguna, izan ere, 10.30ean egingo den harrera ekitaldiaren ondoren, kros txikiak egingo dira. 0 eta 6 urteko haurrek 200 metroko ibilbideari ekingo diote, eta 12 urte bitartekoek, aldiz, 450 metro izango dituzte helmuga bitarte. Arratsaldean izango da ekitaldi izarra, izan ere, Euskal Herriko pailazo ezagunenek, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek emanaldia eskainiko dute 16.00etan. Haur eta gaztetxoei zuzendutako puzgarri eta tailerrak egun osoan izango dira.

Aurtengoan Eskola Txikien Festak Gure Esku Dago ekimenarekin egiten du bat. Bidania-Goitzera hurbiltzen diren herritarrek ez dute Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katean parte hartzeko aukerarik izango, baina, aldiz, erabakitzeko eskubidearen alde agertu nahi dutenek Eskola Txikien Festaren barruan ere argazkia ateratzeko aukera izango dute.