Naiara Garzia

Desertua, gure etorkizuna

Garapena, aurrerapena, eboluzioa... hitz hauek gizakiaren historia islatzen dute, Erdi Arotik aurrera bereziki. Baina bilakaera horretaz gainera, dagoeneko gudu bat galdu dugula onartu beharko genuke gizakiok. Hau da, zentzu batean aurrera egin dugun bitartean, beste zentzu batean atzera egin dugula onartu, eta ez garela gai izan erdibideko puntu bat aurkitzeko.

Gizakiak gure planetan utzi duen zantzuaz ari naiz. Izan ere, aldaketa klimatikoa jada ez da mehatxu bat, 80ko hamarkadan bezala, non ekologistek eta “Integral” aldizkariak behin eta berriro mezu bera azpimarratzen zuten. Etxean irakurtzen genuen aldizkari horren iragarpenen ondorioz munduaren amaieraren inguruko nire lehenengo amesgaiztoak izan nituen: lurra lehertu eta gizakia (bereziki nire familia) unibertsoan galtzen zen, elkarri eskutik heldu ezinik itotzen ginen bitartean, flotatzen, grabitate eza zela-eta, betiereko bakardade batera kondenaturik.

Aldaketa klimatikoa errealitate bat da, ama lurrak gure lehentasunetako bat izan beharko lukeen arren. Gauza bera esan zuen Seattle buruzagi indiarrak 1855. urtean, AEBetako presidenteari bidalitako mezu batean, hain zuzen honek Washington eraikitzeko haien lurrak “erosteko” nahia azaldu zuenean.

Hona hemen Seattle buruzagiak esandako hitzak: «(Gizon zuriak) erosi eta lapur daitezkeen ardiak edo perla dirdiratsuen antzera sal daitezkeen gauzak bezala tratatzen ditu ama lurra eta zeru senidea. Gosez, lurra irentsi eta ez du ezer ere utziko, basamortua besterik ez. (...) Gizakiak tu egiten dionean lurrari, bere buruari egiten dio tu”. •