Xole Aramendi
EUSKAL OKELA

Harakai-Urkaiko abeltzainen kooperatibak ekoitzitako milioi bat kilo inguru merkaturatuko ditu Eroskik

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 600 abeltzainek ekoitzitako haragia prest dago jada Eroski saltokietan. Lehendik ere aurki zitekeen, baina Eroskik merkaturatutako kopurua Harakai-Urkaiko kooperatibaren ekoizpen osoaren %33ra igoko da 2015erako Lakuarekin batera sinatu berri duten akordioari esker. Milioi bat kilo inguru guztira.

Euskal Okela
Euskal Okela

Eroski Natur Euskal Okela Ekain Behiki da marka berria. Lankidetza hitzarmena Eroskik, Hazi fundazioak –Lakuako Gobernuaren menpe dagoen Eusko Label ziurtagiriaren erakundeak– eta Ekain markarekin lan egiten duen Harakai-Urkaiko kooperatibak sinatu dute. «Euskal Autonomia Erkidegoko lehen sektorearekin egindako hitzarmen honen bitartez, erakutsi dugu gogor saiatzen garela tokiko produktuen alde egiten eta gure ekoizpen ehunaren aniztasunari eusten; gainera, kontsumitzaileari produktu hobeak eta freskoagoak eskaintzen dizkiogu horrela», nabarmendu du Mikel Larreak, Eroskiko idazkari nagusiak.

Bittor Oroz Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen esanetan lehen sektore profesionala, lehiakorra eta estrategikoa indartzea du helburu akordioak. «Era honetako egitasmoak ekarpen handia dira Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpena garatzeko sustatzeko eta merkaturatzeko», adierazi zuen hitzarmenaren aurkezpenean.

2013an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Euskal Okela izenarekin ekoitzitako behiki guztiaren %8 saldu zuen Eroskik. Hitzarmen berriari esker ekoizpen osoaren %33 merkaturatzera iritsiko da kooperatiba, ia milioi bat kilo. Horixe da asmoa.

Pixkanaka sartuko dute marka berria Eroskiren EAEko hipermerkatu eta supermerkatu guztietan. «Horrela, ekoizpen eta eskaera kopuruaren erritmoa behar bezala egokitu ahal izango dugu», adierazi dute. Martxoan Araban eman zen lehen pausua. Gipuzkoan zabalduko da orain eta 2015. urtearen hasieran Bizkaian saltzen hastekoak dira.

Estrategikotzat jo du Jose Angel Uzkudun Harakai-Urkaiko kooperatibako lehendakariak hitzarmena. «Sektorearentzat estrategikoa da gaur egun tokiko produktuen alde Eroski egiten ari den ahalegina; bereziki, kalitate ziurtagiria duten produktuei balioa ematen».

Merkataritza guneetan

«Gure produktuak merkataritza zentroetan egotea ahalbidetuko du. Eroski da gaur egun banaketa katerik indartsuena eta hor egotea garrantzitsua da guretzat», nabarmendu du Uzkudunek.

Pozik ageri da lortutako akordioarekin. «Toki gehiagotara iritsiko da gure haragia eta kooperatibaren ekoizpena ere igo ahal izango dugu», esan du.

Eguerdiko belar-ontze lanak bukatuta egin digu tarte bat Uzkudunek. Aurtengo udaberria doan bezala, eguzki uneak ez daude galtzeko.

Aiako Agerresoro Haundi baserriko semeak 45 urte ditu eta txikitatik ikusi ditu abereak etxean. «Aitona errezildarra zen. Hango baserria txikia zen eta hona, Aiara, etorri zen. Baserria erosi eta horrelaxe hasi zen. Nire aita ere beti ganadu artean ibili zen», kontatu du. Etxean bertan egin du beti lan. Aita hil ondoren berak hartu du haziendaren ardura. 200 abelburu inguru ditu gaur egun ukuiluan, gehienak esnetarako behiak. «Esnea Kaiku kooperatibari saltzen diot, eta, okela, Harakai-Urkaikori», azaldu du.

Gauzak dezente aldatu dira. «Fisikoki errazago egiten da makinen laguntzaz, baina kezka gehiago ditugu orain. Dedikazio handia eskatzen du. Lantegi txiki baten modukoa da baserria. Ekoizpenak ezin du etenik izan eta burua beti lanean ari da».

Euskal Okela labeldun haragia izanik kalitate kontrol zorrotzak gainditzen dituzte. «Pentsuaren formula oso kontrolatuta daukagu. Aberea ekoizpen tokian bakarrik ez, hiltegian eta harategian, berdin-berdin».

Hainbat buruhauste dituzte sektorean. «Ekoizpen kostuak izugarri garestitu dira eta ez du irabazi tarterik uzten. Errentagarritasuna lortzen dut, baina negozioa egitera ez naiz iristen. Beti inbertsioren bat egin behar, gainera», esan du.

Pentsuaren prezioa dugu hizpide. «Prezioa asko igo da. Lehen kiloak 0,24 zentimo balio bazituen, orain ia 0,36 zentimo balio ditu. Eta pentsu asko behar da...», dio. Bada utzi duenik. «Modu profesionalean aritzen ez zenak, lanaldi erdiz lantegian eta ondoren etxean txekor gizentzen aritzen zenak, utzi egin dio».

Elikagaiek, oinarrizko beharrak asetzeko ez, negoziorako bide ematen dute egun. «Mundu mailan 5-6 enpresa dira soja kontrolatzen dutenak. Burtsan kotizatzen du AEBetan. Lehen adreiluan inbertitzen zutenek orain soja alea aukeratu dute. Unescok eman zuen datua: munduko gosea beherantz zihoanean sojaren prezioak gora egin zuen eta sei hilabetetan gosez zeuden pertsonen kopurua izugarri igo zen berriz. Azkenean lehendik aberatsak direnak negozioa egiten ari dira. Eta ondorioz, elikagaien prezioak gora egingo du», ohartarazi du.

Uzkudun baserriarekiko eta baserriko bizimoduarekiko atxikimenduagatik ari da abeltzaintzan. «Gustatu ezean ez dago honetan jarduterik», esan du. Gehienak baserritarren seme-alabak dira. Izan ere, garbi dio: «Gaur egun guk daukagun ukuilua ezin da hutsetik hasita atondu. Lurra erosi, inbertsio egin, animaliak jarri... ez dago egiterik!».