Ruben Sanchez

Noari gutun irekia

Uztailaren lehen egunetan Gasteizko Jazzaldian kontzertu bat ematekoa zara Noa, eta honen aurrean zuri gutun ireki hau zuzentzen dizugu Euskal Herriko hainbat kulturgilek.

Irakurri genuen 2009ko Gazako sarraskiaren harira gazatarrei idatzi zenien gutuna. Irakurri eta entzun dizugu beste batzuetan bakearen alde zaudela, bi estaturen irtenbidearen alde, bi aldeetan egin direla gauza izugarriak berdin arbuiatzen dituzula...

Gu ez gara ausartuko zein irtenbide politiko, zein muga, zein gizarte mota behar den esaten. Hori ez dagokigu guri. Baina bai uste dugu, edozein dela ere konponbide hori, giza eskubideen errespetutik eraiki behar dela.

Horregatik eskatzen dizugu bat egin dezazun hiru aldarrikapen hauekin:

–Israelen palestinarrak beren jatorriagatik baztertuta bizi dira, apartheid-aren Hegoafrikan beltzak bizi ziren bezala. Apartheid hori eten egin behar da.

–Gaza eta Zisjordania militarki okupatuta daude, koloniez josita, apartheid harresiak zatikatuta: okupazioa bertan behera utzi behar da.

–Israel sortu zen egunetik, palestinarren Nakba gertatu zenetik, milioika palestinarrek utzi behar izan dute beren lurra, beren etxea… Itzultzeko eskubidea dute.

Antzeko kanpaina bat egin zen munduan Hegoafrikako apartheid-aren kontra. Orduan milioika herritarrekin batera, hainbat artistak ere babestu zuten. Gaur egun ere hala gertatzen ari da, eta gero eta artista, kulturgile eta akademiko gehiago ari da planteamendu honekin bat egiten. Guk egiten dugun moduan.

Kontzertu eta hitzaldietan hainbat aldiz mintzatu zara bakearen alde; bake hori palestinarren hiru aldarrikapen horien gainean eraiki behar dela uste al duzu?

Adeitasunez. •