Iñaki Altuna
asteari zeharka begira

Adierazpen demokratikoa, Durangotik Iruñera

Gure Esku Dago giza kateak sekulako arrakasta izan du. Pixkanaka-pixkanaka hedatu eta indartu den dinamikak gorputza hartu du. Orain, egindakoaren balorazioa egin eta hemendik aurrera jorratu beharreko bidea marraztea tokatzen da. Horixe nabarmendu nahi izan zuten antolatzaileek. Giza katea ez da ekintza soil bat, ez da ezeren amaiera, bide baten hasiera baizik. Hasiera indartsua. Bestela, komeriak. Kaskar hasi izan balitz, gutxieneko ziren 50.000 lagun horiek ozta-ozta lortuta, garapen aukera eskasa izango luke.


Horrenbeste bazekiten giza katearekin bat egin duten pertsona eta eragileek, eta baita ekimenari begi txarrez so egin diotenek ere. Esanguratsua izan zen oso Espainiako Konstituziotik eratorritako amaraun juridiko-politikoa defendatzen duten hedabideek eskaini zioten tarte eskasa. Ez zen gertaerak, kazetaritza ikuspuntutik, merezi ez zuelako. Arrazoi politikoa da nagusi jokabide horietan: Kataluniaren ondotik, bigarren fronte bat ireki daitekeenik ere ez du azalarazi nahi Estatuak. Horregatik gutxietsi eta ezkutatu nahi izan dute giza katea. Baina itsasoaren orroa, bare-bare egonda ere, ezin daiteke isilarazi. Estatuarentzat bigarren fronte bat da, eta Euskal Herriarentzat ibilbide luzeko adierazpen demokratikoa, Durangotik Iruñera zabaldu zena joan den igandean.


Faktore garrantzitsua da erabakitzeko eskubidea dela-eta eraiki daitekeen mezu demokratikoa. Beharbada, Lizarra-Garaziko garaian horixe izan zen arazo handienetakoa: jende askok fronteen arteko talkatzat jo zuela orduan gertatutakoa. Horregatik da inportantea prozesuaren izaera demokratikoa nabarmentzea, are gehiago Estatuan, monarkia eta estatu eredua direla-eta, justu kontrako bidea inposatu dutenean, eztabaidari zirrikitu txikiena ere utzi gabe. Aldea egon behar du Euskal Herrian abiarazi den prozesuaren eta Estatuan dagoen errealitatearen artean, ez soilik abertzaleentzat, baita bere burua beste eremu batzuetan kokatzen dutenentzat ere.


Euskal Herrian Podemosek katearekin bat egin izana faktore positiboa izan da. PSEtik eta PSNtik agertu ziren aurpegi ezagun bakanen adibidea beste batzuek ere jarraitu izan balute, are eta positiboagoa litzateke giza katea. Bistakoa da Gure Esku Dago dinamikak, Euskal Herriko soziologia dena delako, abertzaleen arteko topagunea indar dezakeela (askok zioten igandean, «horrela bai, denok elkarrekin»), baina akats larria litzateke sektore ez abertzaleekiko jokabide irekia ez izatea. Denok dena dugula irabazteko barneratzea beharko luke helburu nagusi dinamika berriak.


Aldaketa prozesua egituratu behar da Euskal Herrian eta herri protagonismoa ez da soilik prozesu baten balizko emaitza babesteko izan behar. “Aurrena alderdien akordioa, gero herri babesa” eskema beste batzuetan saiatu izan da eta ez du aurrera egiterik izan. Herri aktibazioak elikagai izan behar du hasiera-hasieratik.


Datozen hilabeteetan alderdi politikoek eta beste eragileek, norberaren lan politiko, sozial eta instituzionalean, nola jokatuko duten ikusteko dago. Eztabaida politikoa eta etorkizuna erabakitzeko beharko litzatekeen akordio gaitasuna mugatuta daude oraindik.


Argazkia osatzeko gatazkaren ondorioen gaineko eginbeharrak daude. Muturreko itxikeriak (Guardia Zibilak euskal herritarrak inkomunikaturik daramatza oraindik eta kartzela zigor gogorrak izan dira Parisen) urrats guztiak nekezak, zailak bihurtu ditu. Halere, ahalegina begien bistakoa da: iheslariek etxerako bidean segitzen dute, presoen aldeko eragile berri bat sortuko da aurki, ETAko militanteek borroka armatuaren gaineko erabakiaren irmotasuna berretsi dute, epaiketa politikoen bidegabekeria agerian geratu da, nazioartean konponbidearen aldeko mezua hedatu egin da Uruguaiko foroan... Seguru asko udako oporrak inoiz baino beranduago etorriko dira aurten, hainbat ekimen burutzeke baitaude oraindik. •