Iker Barandiaran

Atzamarrak

Pasa den asteburuan Espainiari eta munduari erakutsi genion zer izan nahi dugun erabakitzeko gaitasuna daukagula. Indar handia du lortutakoak, emango diren beste pauso askoren asfaltoko abiapuntua denak. Baina lorpenak erakutsi behar digu, baita ere, askoren eskuak batuta ugari dela alda dezakeguna. Eta, era berean, esku bakoitzak, guzti-guztiek dutela berebiziko indarra. Izan ere, ekintza edo gauza txikiak dira errotak mugi ditzakeenak. Lortuko ote da egunean batean ditxosozko independentzia edo burujabetasuna, baina kezka ote daukat ordurako gure eskuetatik kanpo egongo diren herria osatzen duten ehunka eta ehunka gauza txiki. Oso gutxi direlako gaur egun herrian edo herritarrek eginak izanda, indartzen ditugun gailu zein ekimenak.
Euskararena da adibide argienetakoa. Ezagutza eta berau ikasi zein erabiltzeko aukerak gero eta ugariagoak dira, baina horren garrantzia barneratu ezean eguneroko erabilera ez da tamainan handituko. Horren burujabe ez bagara, alperrik gabiltza!


Eta, bestalde, “auzo lotsa” ematen dit bailarak eta probintziak eskuekin lotzeko gai den herri eredugarri eta borrokalari honetan gehien kontsumitzen den prentsa Vocentorena izatea. Gutako askoren izaera, ardura eta ametsen urrunen dauden “El Diario Vasco” eta “El Correo” egunkari atzerakoiak dira ugarienak, kirolaren, eskelen eta txutxumutxuen eskutik etxeraino sartu eta gu mamutzen ahalegintzen direnak.


Eskerrak musikaren esparrua poztasunak emateko gai den. Euskal Herriko (zein beste herrialdeetako) musika ekimen apalak babestuko dituen irratirik ez badago ere, badira zenbait ekimen aipagarri: Berriak bultzatutako Badok.info euskal musikaren entziklopedia batetik; eta oso baliabide gutxirekin baina konstantzia erraldoiaz Euskal Herriko musika zaleen erreferente den Musikazuzenean.com, hilabeteotan eraberritu eta komunitate bihurtzen ari dena. •