Josu Imanol Unanue

EITBko «debate» programa

Aurreko batean, EITBko “Debatea” programa ikusten egon nintzen. Solaskide gisa han egon ziren, besteak beste, Joseba Beloki, Garbiñe Biurrun, Ion Telleria eta Manu Aguirre. Barka nazatela beste biek baina ez naiz euren izen-abizenekin akordatzen.

Hasieran, eztabaida edo saioa bera interesantea iruditu zitzaidan, baina halako batean Manu Aguirreren presentzia sumatzen hasi nintzen. Zehatzago, bere irainak entzuten, eta harritu egin nintzen edozer esateko daukan ausardiarekin.

Han hasi zen liburuxka bat astintzen, denaren irtenbidea han zegoela esanez. Geroxeago jakin nuen bere baitan «egia berdaderoa» jasotzen zuen liburuxka konstituzio espainiarra zela. Egia esan, orri gutxi horietan baldin badaude guztiaren azalpenak eta denerako irtenbideak, irakurri egin beharko dugu! Tira, egiari zor, une honetan nahiago dut beste edozer irakurri...

Manu Aguirreren berben etorriarekin harrituta nengoela betiko erretorika maltzurrera nola hurbiltzen zen sumatu nuen, bere ideien kontra dagoena ETAkide bihurtzeko jokora. Eta horretan hasi zela Ion Telleria GARAko kazetariaren izena eta «tiro en la nuca» espresioa elkartu zituen esaldi berean. Solaskide gutxik esan zuten ezer; Garbiñe Biurrun izan zen horrelakorik inori esan zaiola besterik gabe leporatu nabarmendu zuen bakarra. Zelan ez, Manuk ez zuen zuzendu esandakoa eta bere lekuan eta betiko aurpegiarekin jarraitu zuen. Lotsagarria iruditu zitzaidan solaskide bati era horretan eraso egin eta moderatzaileak ezer ez esatea. Badirudi estilo liburu berrian ez dela zehazten horrelakoetan zer egin behar den, baina, asko eskatzea al da solaskide bat programatik kanporatzea? Zer gertatuko zen Manuk neurri bereko erasoa jaso izan balu? Ez dut pentsatu ere egin gura!

Nik argi daukat ez dudala horrelako programarik ikusi nahi, are gutxiago gonbidatuen artean Manu Aguirre baldin badago. Gomendio bat EITBkoei: Manu Aguirrek esku artean astindu zuen liburuxka horren moduko bat egin dezakete, beren programetan horrelako erasoak gertatzen direnean zer egin zehazten duena. •