joseangel.oria@gaur8.info

Futbol talde profesional bat zuzendu behar zuen emakumearen bazterketa

Emakume bat da. Guri edozer gauza sinestarazteko gai dira», esan zuen prentsaurreko batean Claude Michy Clermont Foot 63 frantses Estatuko bigarren mailako futbol taldeko presidenteak, Helena Costa entrenadore portugesaren kargua uzteko erabakiaren berri ematean.

«Claude Michy matxista al da?», galdetu dute Metronews.fr webgunean. Hedabide horretan esplikatu dutenez, presidenteak Costaren erabakiaren inguruan sortutako arazoa «erlatibizatu egin nahi zuen, umore pixka bat eta matxismo puntu batekin».

Kontua erlatibizatzeko biderik okerrena aukeratu zuen ordea. Goian aipatutako esaldia «zalapartatsuki sexista» dela idatzi dute Euronews telebista kateko webgunean. Helena Costa frantses Estatuan futboleko talde profesional bat entrenatu behar zuen lehen emakumea izatekoa zen, baina beste norbaiti utzi dio ohore hori. Euronewsen arabera, Michyk adierazi zuen kluba uzteko Costaren erabakia «harrigarria, irrazionala eta ulergaitza» dela. Costak berak ez zituen hasiera batean argitu kargua uzteko arrazoiak. Erabaki «erabat pertsonala» izan dela besterik ez zuen esan lehen momentuan. «Presidenteak baino ez ditu ezagutzen arrazoiak», erantsi zuen, Euronewsen arabera.

«Mourinho gonaduna»

Maiatzean Helena Costak Clermont taldea entrenatu behar zuela ezagutzera eman zenean, berria bazter guztietara iritsi zen. Frantses Estatuko bigarren mailako taldea bat-batean ezagun egin zen. «The New York Times» egunkariak berak gaiari buruzko informazioa eskaini zuen, «gizonezkoen taldea gobernatzeko ardura beldurrik gabe» hartu zuela nabarmenduz. Agian hain ausart izateak eragin du begirale batzuek Helena Costari “Mourinho gonaduna” deitzea.

Benfica futbol taldeko harrobia entrenatu zuen, Odivelas emakume futbol taldea zuzendu aurretik. Ondoren Qatar eta Irango emakumeen futbol selekzioak zuzendu zituen. Gainera, Glasgowko Celtic talde ezagunarentzat ikuskatzaile lanetan aritu zen, Clermontera iritsi aurretik. «36 urte dituela, atzeko atetik joan da; Portugalera itzuli da esplikaziorik eman gabe eta ordainsaririk jaso gabe», Euronewsen arabera.

Helena Costak ez zuen gauza handirik argitu Clermonten bertan, baina asteartean agiri bat plazaratu zuen Facebook sare sozialean, jokalari berrien fitxaketak egiteko garaian ez ziotela jaramonik egiten jakinaraziz. Argentinako Terra atarian irakurri dugunez, «kargua uzteko erabakia ez da presazkoa izan, ondo pentsatuta baineukan. Azken asteotan izan diren gertakarien ondorio izan da», adierazi du Costak berak.

Oliver Chavagnon Clermonteko kirol zuzendariari leporatu dio Costak taldea utzi behar izana, Lusa Portugaleko berri agentziaren arabera. «Nire oniritzirik gabe, nik zuzendu beharreko taldearentzat jokalariak fitxatu zituen. Horrek haserretu egin ninduen», adierazi du. Bere ustez, onartezina da futbol egitura profesional batean entrenatzaileak fitxaketen berri aldez aurretik ez izatea. SMS mezuak zein posta elektronikoko mezuak bidali zizkion kirol zuzendariari, kontuak eskatzeko, baina oso berandu erantzuten zion, erantzunez gero. Halako batean, Chavagnonek mezu elektronikoa bidali zion: «Zure mezuekin nazkatuta nago, ez naiz zure mendeko», esan zion, Costaren arabera. Pasa den igandean jakinarazi omen zion presidenteari egoera horretan jarraitzerik ez zuela, baina Michyk telefonoa itzali egin zuen. Horregatik omen doa. •