Oreka
Soka lotu dut munduko ertz galdu honetan. Zuk, urrutiko beste alde batean katigatu duzu sokaren beste muturra. Zutoin honek gainean zutik nagoela, soka zeruertzean desagertzen dela ikusten du. Zure oihuaren oihartzuna iritsi da, isiltasuna hautsiz, itxaronaldia etenez. Prest gaudela dio, aurrera egin dezakegula.
Pauso bat egin dut lehenengo, beste bi segidan. Irmo. Haizeak alde batera bultzatu nau, nire bidea oztopatuz, grabitatea ekiditeko nire saiakera antzutuz. Haizealdiak nire ibilbide narea oztopatzen jarraitzen du, grabitatea desafiatzeko saiakera honetan jarraitzen dudan bitartean. Etsipenez betetako iraganetik ihesi gabiltza; itsasontziak urperatuta zeuden iragan hartan; eta, gu, behaztopa eginez, anabasan galduta genbiltzan. Ezin genuen han luzaroan iraun.
Aurrera jarraitu dut, pauso bat, eta beste bi pauso txiki ondoren. Urduritasunez, gelditu naiz, bat-batean. Urrutira, ozta-ozta mundu berri bat ikusten dut. Beltza eta zuria nahas daitezke han. Mundu hartan, egun batean nik hitz egingo dut eta zuk entzun egingo didazu; beste egun batean, nik emango dizut zuk eskatzen duzun hori. Esan didate, leku hartan dikotomiak ez direla existitzen. Esan didate, elkarbizitza, ulermena eta elkarrizketa direlako eguneroko bizitzako bereizgarri. Joko guztiak bidezko epaiek gidatzen omen dituzte; badakizulako batzuetan nik irabaztea zilegi dela, eta horregatik onartuko duzu zure porrota; agian, beste egun batean, zu izango zarelako podium gainera igoko dena. Finean, sakrifizioak egitean datza. Sormena eta adierazpen askatasuna, mugarik gabeko eremu batean gailentzen dira. Partiturarik gabeko melodiek gelak dotoretzen dituzte, interpretazio ezberdineko liburuak eta nobelak daude gelako apaletan. Anbiguotasunaren definiziorik ez dago hiztegietan, baina bi esanahi izatea posible da, gauzak bi leku ezberdinetakoak izan daitezke. Sentimenduak eta hitzak nahasten dira, neurri egokian. Dramatismoak azaleratzen dira barre algara artetik eta dantzan gabiltza, kristalezko basoen gainean oin puntetan. Negar egiten dugu, barreari deskantsu emanez, maite zaitudala esatera arinegi ibili gabe. Denbora dago, sokaren gainean besarkatuta egoteko.
Hemen goitik, lurretik berrehun eta berrogeita hamar metrotara dagoen soka honen gainetik, itsasontziak ikusten ditut. Ekaitzen aurka borrokan dabiltza, egunak eta gauak eman dituzte atsedenik gabe, ozeano batetik bestera ausardiaz bidaiatuz. Hemen goitik, distantziak ematen duen perspektiba objektibo honetatik, arau zehatzak jarraituz doan armada bat dirudite. Helburu bakar bat daukate: helmugara iristea, helmuga bakar hori zeharkatzea. Itsasontziek ehunka botila daramatzate bidaiariak bailiran. Mezu bat dago botila bakoitzaren barruan. Mundu berrirako mezuak dira. Irletara, hirietako portuetara eta herri txikietako hondartzetara iristen direnean, marinelek botila batzuk ateratzen dituzte, oreka mantentzeko, itsasontzia ez hondoratzeko. Gaur, iraganeko oroitzapenak utzi dituzte portuan, zapalketa gailendu zen garai haietako oroimenak ziren. Lurrean utzitako mezuetan injustizia eta inpartzialtasunaren ahotsak zeuden gordeta. Bihar, akaso, maite genituen haien arrastoak alde batera utzi beharko ditugu, hainbeste asebetetzen gintuzten memoria horiekin giltzaturik, lurrean. Baina, denok dakigu, hori dela naufragioa saihesteko modu bakarra.
Aurrera jarraitzen dugu, pixkanaka, bide bakar honetan. Berdin da non gauden. Mundu berri horretara iritsi behar gara.
(Testu hau, Donostia 2016 Gunearen irekiera jaialdirako ingelesez idatzi nuen testuaren itzulpena da. Gaur hiru urte beteko dira Donostia Europako Kultur Hiriburu izendatu zutenetik. Hori ospatzeko, Donostia 2016ren egoitza berriak ateak zabalduko ditu eta Kultur Hiriburutzaren erreferentziazko espazio bihurtuko da 2016. urtera arte). •

