amagoia.mujika@gaur8.info

Ablazioarekin eta neskatoen ezkontzekin bukatzea, larrialdia eta premia

Munduan 130 milioi emakumek jasan dute sexu-organoen mozketa. Munduan 700 milioi emakume baino gehiago ezkontzera behartuak izan dira 15 urte bete baino lehen. Zenbaki bakoitzaren atzean neskato bat dago, izena duena, bizitza bat duena eta bere etorkizunerako plan propioa. Unicefek larrialdi deia egin du aste honetan Londrestik.

13 urteko Sonamoni eta 11 hilabeteko bere alaba Anika
13 urteko Sonamoni eta 11 hilabeteko bere alaba Anika

Unicefek eta Erresuma Batuko Gobernuak antolatuta, aste honetan Londresen izan da Neskaren Gailurra, lehenengoz. Mundu mailan neskatoek bizi dituzten hainbat egoera eta errealitate gordinen inguruan jardun dute goi bilera horretan eta indarrak nagusiki bi norabidetara bideratzeko beharra nabarmendu dute: ablazioaren kontra eta neskatoen bortxazko ezkontzen aurka. Izan ere, egun milioika neskatori eragiten dieten bi errealitate gogor dira horiek biak.

Gailurrean herrialde ugariko ordezkariek, gobernuz kanpoko erakundeek eta biktimek parte hartu dute eta zuzenean jaso dituzte hainbat neskatoren testigantzak eta errealitateak. Behin informazioa jasota, neurriak eta moduak aztertu behar dituzte helburu bezala jarri dutena errealitate bihurtzeko: belaunaldi batean ablazioarekin eta neskatoen ezkontzekin amaitzea.

Unicefeko ordezkariek gailurrean nabarmendu dutenez, «praktika horiek oso modu larrian kaltetzen dituzte neskatoak. Neskak ez dira inoren jabetza, beren etorkizun propioa aukeratzeko eskubidea daukate. Eta hori egin dezaketenean, denon mesedetan izaten da».

Londresko gailurrean emandako datuen arabera, azken hiru hamarkadetan behera egin dute ablazioak eta neskatoen ezkontzek, baina oraindik praktika ohikoak dira herrialde askotan eta horietan lana ondo eta azkar egin beharko da praktika gogor horiek desager daitezen. Gainera, biztanleriaren gorakadak egoera txartu egingo duela aurreikusten dute.

Aste honetan ezagutzera emandako datuak nabarmenak dira oso. Aipatu praktika horiek ohikoak diren Afrikako eta Ekialde Hurbileko 29 herrialdetan 130 milioi neskatok eta emakumek ablazioa jasan dute. Sexu-organoen mozketak min fisiko eta psikologiko ikaragarria eragiten du, eta, horrez gain, bestelako arazo larriak ekarri ohi ditu bizitza osorako; odoljarioak luzaroan, infekzioak, antzutasuna eta, kasurik txarrenean, heriotza.

Haurren ezkontzak, berriz, ablazioa baino ohikoagoak dira, neskato gehiagori eragiten diete eta bizitza guztirako karga, desabantaila eta zigor bihurtzen dira. Munduan 700 milioi neskato ezkonarazi dituzte artean haurrak zirela. Horien artean herena baino gehiago 15 urteak bete aurretik. Hartara, 18 urte aurretik ezkontzen diren neskatoek ikasketak uzteko eta indarkeria matxista jasateko arrisku handiagoa izan ohi dute. Hori gutxi ez eta haurdun geratzen diren neskato gazteenek hiltzeko arrisku handiagoa daukate haurdunaldian zailtasunak askoz ohikoagoak izaten direlako. Eta erditzeko orduan ere neska gazteenen hilkortasun tasa handiagoa da. Horrez gain, beren seme-alabek hilik jaiotzeko edo lehen hilabetean hiltzeko arrisku handiagoa izan ohi dute.

Hiru aldiz arrisku gutxiago

Londresko goi bileran mahai gainean jarritako datuak eta errealitateak kezkatzeko modukoak badira ere, azken hiru hamarkadetan egoerak hobera egin duela nabarmendu nahi izan dute Unicefetik. Hartara, gaur egun neskato batek hiru aldiz arrisku gutxiago dauka ablazioa jasateko duela 30 urte baino. Kenyan eta Tanzanian sexu-organoen mozketak behera egin du. Esan bezala, hiru hamarkadetan heren batera jaitsi dira kasuak. Nola? «Komunitate mailako mobilizazioak bultzatu dira batetik, eta, bestetik, legeak aldatu eta betearazi dira», nabarmendu dute. Beste kasu batzuetan ablazio kasuak erdira jaitsi dira, Afrika Erdiko Errepublikan, Iraken, Liberian eta Nigerian kasu.

Jendartea ere aldatzen ari da eta ablazioaren aurrean orain arteko ikuskera moldatzen ari da. Duela gutxiko datuen arabera, ablazioa egiten den herrialdeetan herritarren gehiengoa praktika hori desagerraraztearen aldekoa da nabarmen. «Hala eta guztiz ere, eta presio sozial eta kultural ikaragarriaren ondorioz, herritar gehienek beren alabak ablazioa egitera derrigortzen segitzen dute», nabarmendu du Unicefek.

Ablazioa edo sexu-organoen mozketa normalean 4 eta 14 urte bitartean egiten da, nahiz eta herrialde batzuetan urtea bete aurretik ere egiten duten, Eritrean eta Malin esaterako. Eritrean neskatoen %44k sufritzen dute, eta, Malin, %29k. Gainera, azken urteotan Europan, Australian, Kanadan eta Ameriketako Estatu Batuetan ugaritzen ari dira ablazio kasuak, immigrazioa tarteko.

Ablazioaren oinarrian alor desberdineko sinismenak eta arrazoiak daude. Batetik, sexualak, emakumearen sexualitatea apaltzea eta kontrolatzea baita helburu nagusietako bat. Badauka alde soziologikoa ere, zenbait herrialdetan haurra emakume bihurtzearen errito modura ikusten baitute. Sinismen estetikoek eta garbitasunak ere badaukate beren partea, uste baita emakumearen sexu-organoa «zikina eta itsusia» dela. Eta osasun sinismen okerrak ere badira, sinisten baita ablazioa ugalkortasunaren mesedetan dela eta erditzean ere lagungarri izan daitekeela mozketa bortitz hori. Errealitatearen guztiz kontrakoa, hain juxtu. Eta erlijioak badu pisua honetan ere, agindu edo arau erlijiosoa baita ablazioa.

Txiroenak, goiztiarrenak

Neskatoen ezkontzen inguruan datu zehatzak izatea zaila da, maiz bikote horiek ez baitira erregistratuta egoten. Baina Unicefek 100 herrialde ingurutan egindako galdeketetan jasotako datuen arabera, garapen bidean diren herrialdeetan 20 eta 24 urte bitarteko 60 milioi emakume ezkonduta zeuden 18 urte bete baino lehen.

Etxe txiroenetan bizi diren neskatoak dira adin goiztiarrenetan ezkondu ohi direnak. Era berean, oinarrizko hezkuntza jaso duten emakumeen artean askoz ere gutxiago ematen dira haurtzaroko ezkontza horiek. Zimbabweko datua esanguratsua da: Lehen Hezkuntzara joan ziren emakumeen artean %48 ezkondu ziren 18 urte bete aurretik, eta, Lehen Hezkuntzara joan ez zirenen artean, berriz, portzentaje hori %87koa da.

Ezkontza goiztiar horien atzean askotariko arrazoiak egon badaitezke ere, Unicefen hitzetan, «familia txiroenetan maiz neskatoak karga ekonomiko modura hartzen dira. Horregatik, lehenbailehen ezkontzea familiaren biziraupenerako irtenbide modura ikusten dute. Badira, gainera, ezkontza horiek babes modura ikusten dituztenak ere: ezkonduta egoteak neskatoa eraso sexualen aurrean babestu egiten duela uste dute, eta, gainera, neskatoa zainduko duen gizonezko baten esku dagoela sentitzen dute. Generoagatiko diskriminazioa ere egon daiteke neskatoen ezkontza horien atzean: artean haurrak direla ezkontzen diren emakumeak otzanak eta obedienteak dira. Eta beren ugalkortasunari probetxu handiagoa atera dakioke».

Ahalegina bikoiztu beharra

Hartara, eta egoerak hobera egin duen arren, Londresko Gailurretik zabaldutako mezua garbia izan da: «Jendarteko eragile guztiek ekintza zuzenagoak eta eraginkorragoak bultzatu ezean, ehunka milioi neskatok min ikaragarriak, sendaezinak eta beharrezkoak ez direnak sufritzen jarraituko dute».

Izan ere, ablazioaren eta haurren ezkontzen beherakada oso erritmo mantsoan gertatzen ari da. Eta erritmo berdinean jarraitzen badu beherakadak, Unicefetik egiten duten kalkulua beltza da oso: «Demografiaren gorakada tarteko, orain arteko joerarekin jarraituz gero haurrak direla ezkontzera behartutako nesken kopurua berdin mantenduko da 2050. urtera arte. Eta 700 milioi baino gehiago izaten jarraituko dute. Eta beste 63 milioik ablazioa sufrituko dute 2050. urtera bitartean».

Horiek horrela, helburua da haurren ezkontzen eta ablazioaren beherakada bikoiztea datozen urtetan, aipatu zenbaki horiek benetan jaits daitezen. «Estatistikek eta datuek erakusten digute gure ahaleginak bikoiztu egin behar ditugula. Ez dezagun ahaztu zenbaki horien atzean benetako bizitzak daudela. Eta arazoa mundu mailakoa bada ere, irtenbideak tokian-tokian topatu behar dira». Unicefetik behin eta berriz nabarmentzen dute komunitateek, familiek eta neskatoek eurek lan egin behar dutela praktika krudel horien aurka, «jarrerak eta ikuskerak aldarazi behar dira ablazioa eta haurren ezkontzak ez daitezen betirako ohitura bihurtu».

Eta zenbakiak beldurgarriak badira ere, Londresko gailurretik zabaldu duten mezuan ez da etsipenik kabitzen: «Ezin dugu onartu estatistikek eta zenbakiek gu zapaltzea. Aurrera egiteko akuilu izan behar dute».