Iñaki Soto

Argazki kamera, tiro, pun!

Azken asteotan gure lana bereziki latza izan da. Mundua nola dagoen ikusita, laztasun hori uztailaren erdian Mendebaldearen periferiako bulego batean lau katuren artean egunkari bat ateratzea den mirakuluaren mailakoa izan da, besterik ez. Baina maila horretan bereziki latza izan da. Mundua dagoen bezala dagoelako izan da latza, hain zuzen ere.

Egunotan Gazako sarraskia eta Ukrainako hegazkinaren aurkako atentatua batera eman dira eta egunero-egunero argazki agentziek irudi izugarriekin hornitu gaituzte. Ohikoa baino argazki basatiagoekin eta era horretako argazki kopuru handiagoarekin asaltatu gaituzte. Eta egunero horrelako hamaika irudi ikusi eta zein argitaratu eta zein ez erabakitzea gogorra egiten da amaierarako. Are gehiago egoerari amaierarik ikusten ez zaionean.

Gertaerok direla medio, agentzia horietako editoreek beraiengan ezohikoak diren hautaketak egin dituzte, egunero izugarrikeriaren alderdirik basatiena erakusten zuten irudiak nabarmenduz. Adibidez, France Pressek bere topshots delakoetan, alegia, egunero bere zerbitzua kontratatuta dugun komunikabideoi argazki bereziki on gisa bidaltzen dizkiguten hamar-hogei argazki hautatuak, bertan inoiz sartutako argazkirik basatienak aukeratu dituela iruditzen zait. Normalean, denboran tarte luzeagoan gertatuz gero ere, horrelako gertaerek horrelako zenbait argazki sortuko lituzkete, zalantzarik gabe. Baina batera gertatu direnez eta bi gertaerak zeharo basatiak izan direnez, bat-batean agentzien estandarrak mugitu egin direla esango nuke, gordindu egin direla. Egunotan, irudien gordintasunaz ohartarazten duen eta irudion erabileraren mugak azaltzen dituen oharra sartzeaz ere ahaztu egin dira maiz. Orokorrean, argazki hauen kalitatea oso ona da, eta ez dut uste morbo hutsagatik edo sarearekin eta gainontzeko agentziekin lehiatzeagatik sartu dituztenik. Baina egindako hautaketaz zer puntutaraino kontziente diren jakin nahiko nuke. Beste alde batetik, sare bidez gaur egun jasaten dugun saturazioa kontuan hartuta, nire iritzi hau egitateen edo pertzepzio okerraren fruitu ote den jakin nahiko nuke.

Horiek horrela, guk geuk ere salbuespenak egin ditugu, eta, adibidez, Gazako hondartzan Israelgo armadak hildako ume baten irudia atera dugu egunkariko lehen orrialdean. Irizpide orokor gisa eta salbuespenak salbuespen, umeak ez ateratzea hobesten dugu, areago gatazka baten testuinguruan. Aldi berean, hildakoen argazki espliziturik ez ateratzen saiatzen gara, morboa ekiditeko. Kasu honetan, nolanahi ere, palestinarren aurkako erasoa hain bortitza eta koldarra iruditu zaigu, gertatutakoaren larritasuna agerian utzi nahi izan dugula. Ez dakit asmatu ote dugun, baina erabakia hartu behar genuenon artean erabateko adostasuna izan zen salbuespena egiteko. Egunkari bat, besteak beste, tradizio bat da, denboran zehar metatzen joaten den gauzak egiteko era jakin bat. Nire esperientziaren arabera, tradizio horren idatzi gabeko arauak hausteko adostasuna dagoenean, kontuan hartu behar izaten da.

“The Guardian” egunkariko argazki-zuzendariak, Roger Tooth jaunak, honi guztiari buruzko artikulua idatzi du aste honetan bertan (hhttp://goo.gl/v6bP8k). Testuinguru hauetan honelako hautaketak egiteak dituen zailtasunez mintzo da, baita auzi zehatz honetan bere ustez hainbat komunikabidek egindako akatsez ere. Esperientziaren eta sen onaren arteko nahasketa proposatzen du irizpide orokor gisa. Ez da batere erraza, ordea.

Kazetaritzaz harago, politikaren esparruan, gerran irabazitako bataila batetik porrot politikoa etor daitekeela erakusten du honek guztiak. Kalkulu hori egin ezean, armaz gailen daitezkeen batzuek irudien gerra gal dezaketela argi geratu da. Nolanahi ere, azken egunetako tragediaren hamaika argazki ikusi ondoren, estrategaren sena ahuldu egiten zaizu eta gizatasunarena berpiztu, batzuetan etsitzeko eta beste batzuetan odola irakiten jartzeko bada ere. Gudaren gordina irudietan islatzen baita, ez geopolitikaren mapetan. •