Koldo Sagasti

Ekidistantzia

Demagun herriko jaien testuinguruan gertatu ohi diren eraso sexista baten harira hedabide bat erasotzailearen jarrera justifikatzen saiatzen dela. Eman dezagun argudiatzen duela bortxaketa biktimaren probokazio batek eragin duela, bere janzkeraz eta jarreraz oldartzailea zirikatu duela, eta horrek probokazioei erantzutea beste irtenbiderik izan ez duela, eta, gainera, erasotakoak ere indarkeria baliatu duela defendatzeko. Imajina dezagun komunikabide horrek erantzukizun maila berbera leporatzen diela borreroari eta biktimari, eta jazarpen sexistak amaitzeko euren jarrerei amore eman diezaietela eskatzen diela bi alderdiei. Nekez irudika dezakegu argudiatze lizunagorik. Iritzi publikoak gurutziltzatu egingo luke baieztapen higuingarri horien egilea.

Eta bortxaketaren biktima bat izan beharrean 1.700.000 izango balira? Eta erasoa bat-batekoa izan ordez egunerokoa balitz azken 66 urteotan? Eta garbiketa etniko estrategia kalkulatu eta sistematiko baten emaitza izango balitz? Bihur ditzagun ekuazioaren aldagaiak eta eman dezagun borreroa Israelgo Estatua dela, eta, biktima, Gazako herritarrak. Jo dezagun bortxatzaileak indarkeria bortitza baliatu duela ihesbiderik gabeko harrapakina garbitzeko. Eta hedabideek, aho batez, argudio berberak baliatzen dituztela: Israelek gazatarren probokazioei erantzunez burutu dituela erasoak, palestinarrek ere bortizkeria baliatu dutela bortxaketari aurre egiteko, eta alderdi guztiek erantzukizun maila berbera daukatela... Orduan argudiook ez dirudite hain tokiz kanpokoak, ez dirudite hain lizunak, aitzitik, baieztapen horien egilea kazetari objektibo eta zentzuduntzat hartuko dute askok, profesional peto-petoa. Baina kazetari hori ez da objektiboa, jarrera argi bat hartu du: bortxatzaileari zilegitasuna ematea. •