amagoia.mujika@gaur8.info

XIX. mendean bizikletara igo eta askeago sentitzen hasi zen emakumea

Bizikletan norberak markatzen du pausoa eta norabidea. XIX. mendean emakumea bizikleta gainera igotzen hasi eta segidan konturatu zen askeago egiten zuela; mugimenduan, pentsamenduan eta janzkeran. Hartara, emakumea bizikletan ibiltzearen kontrakoek ere azkar altxatu zuten ahotsa.

Bizikletak, bere xumean, ekarpentxoa egin du parekidetasunaren bidean. Hori bistaratzen dute XIX. mende bukaerako zenbait testuk eta gertaerek. 1890eko hamarkadan emakumea tokia egiten ari zen ordura arte erabat gizonena zen espazio publikoan. Hezkuntzan bere presentzia gero eta nabarmenagoa zen, elkarte sozialetan mugitzen hasia zen eta baita erakunde politikoetan ere. Eta lan horietan ari zela, bizikletarekin egin zuen topo.

Bizikletari esker, emakumea espazio berrietara iritsi ahal izan zen. Batetik, mugitzeko askatasuna eman zion, eta, bestetik, bere eremua zabaldu zuen. Gainera, emakumeak hasieratik erakutsi omen zuen gizonezkoek adina abildade pedalei emateko. Eta horrek gizon askoren haserrea piztu zuen, artean gizonezkoak baitziren nagusiki jarduera fisikoetan trebezia erakusten zutenak –txirrindularitza, futbola...–, batez ere emakumeak ez zirelako horrelakoetan aritzen.

Hartara, ordura arte bere autonomia garatzeko edo adierazteko bide oso estuak izan zituen emakumearentzat arnasa izan zen bizikleta. Bizikletari esker bakarrik joan zitekeen nahi zuen tokira, eta, gainera, ordura arte ez bezala, ez zuen behar gizon baten babesa. Susan B. Anthonyk, emakumeen eskubideen alde lan handia egin zuen feministak, esana da: «Bizikletak beste ezerk baino lan gehiago egin du emakumearen burujabetzaren alde».

Emantzipazio horrek alderdi desberdinak izan zituen. Esaterako, bizikletak eragin handia izan zuen emakumearen janzkeran. Ordura arteko soinekoak deserosoak ziren, pisu handia zuten, gorputza erabat estaltzen zuten, kortse itogarriak zituzten... ez ziren batere egokiak bizikletan ibiltzeko. Hartara, bizikletaren erabilera zabaldu zen neurrian emakume askoren janzkera moldatzen joan zen; arropa erosoagoa, kortserik gabea, eta, gona luze eta pisutsuen ordez, bonbatxo moduko galtzak. Bloomers deituriko galtzak oso zabalak eta erosoak ziren, belaunean estutzen ziren, eta garaiko kontserbadoreak sutan jartzen zituzten.

Parean sortu zen rational dress (arrazoizko soinekoa) mugimenduaren ardatza bihurtu ziren galtza bonbatxoak. Mugimendu horren estatutuek hala zioten: gorpuzkera desitxuratzen duten, gorputzaren mugimendua eragozten duten edota era batera edo bestera osasuna kalte dezaketen janzkera guztien kontra gaude. Gainera, mugimendu horrek emakumeak protesta egitera animatzen zituen, «egin protesta estuegi lotutako kortse itogarrien kontra, takoi altuak eta estuak dituzten zapata eta boten kontra, gehiegi pisatzen duten gonen kontra...».

Bloomers galtzek azkar egin zituzten etsaiak eta bonbatxoak janzten zituzten emakume askok salatu zuen barregarri uzten zituztela eta isunak jartzen zizkietela maiz herriko agintariek. Areago, «prostituten modura» tratatzen zituztela ere salatu zuten.

Kontrako kanpaina

Gero eta emakume gehiago animatu bizikleta erabiltzera, kontrako ahotsak ere gero eta ozenago entzuten ziren. Izan ere, gurpil gainean pedalei ematen zien emakumea ordura arte ondo sustraituta zegoen eta gizonaren nagusitasuna ardatz zuen sistemarentzat mehatxu larria zen. Hartara, azkar salatu zutenez, «bizikletak orden soziala hankaz gora jarriko du, familiak irauliko ditu, kaltea besterik ez du ekarriko, emakumea askeago eta urrunago joan ahal izango da bere senarraren kontroletik kanpo, emakume gazteak ere aukera izango dute gizonezkoekin toki ezkutuagoetara joan eta moralaren kontra jarduteko...».

Hori guztia gutxi ez, eta gaixotasun bat ere asmatu zuten emakumeak bizikletatik jaits zitezen. “Bizikleta aurpegia” deitu zuten eta nagusiki emakumeei eragiten ziela zabaldu zuten. Hauexek, omen, gaixotasunaren sintomak: «ezpainak zargalduak, begi-zuloak, begi irtenak, neke aurpegia, masailezurra estutua...». Garaiko zenbait sendagilek kanpaina bortitza egin zuten asmatutako gaixotasun horren kalteak gizarteratzeko eta emakumeek bizikletak erabiltzeari uzteko. Sintoma horiek, izatekotan, inoiz ariketa fisikorik egin ez eta lehenengoz bizikletan ibiltzen denarenak izan zitezkeela esan zuten beste batzuek.

Baina emakumea bizikletan ez ibiltzeko kanpaina garrantzitsua eta indartsua izan zen. Bizikletak askatasuna ematen baitzion, bai noranahi mugitzeko eta baita libreago pentsatzeko, eta hori ez zen askoren gustukoa. 1896ko “Munsey” aldizkarian esaten zutenez, «hasiera batean gizonarentzat bizikleta jolasa izan zen, baina emakumearentzat mundu berri batera abiatzeko garraiobidea».