Iker Barandiaran

Arrazista izan nahi dut

Sestaoko eta Gasteizko alkateen adierazpen publikoak (eta ez publikoak) icebergaren muturra besterik ez dira. Denbora luzea daramagu Europan eta beste herrialde batzuetan agintarien, eskuineko alderdien eta hurbilagoak egiten zaizkigun eragile batzuen mezu arrazista subliminalak jasotzen, poliki-poliki eta ia oharkabean gutako asko blaitzen ari direnak. Lehenetarikoa eta agian hedatuena errumaniarrena izan zen.

Orain dela zazpi bat urte abuztuan Errumaniara oporretan nindoala esan nuenean, Sodoma eta Gomorrara joango banintz bezala begiratzen zidaten hurbileko askok. Herrialde txiroa zen orduan eta oso korruptoa, baina preso gaituen Espainiako Estatuan familia ugari daude pobrezian, korrupzioa sistema osoan zabalduta dago eta gaur egun Errumaniak aipatutako estatuak baino langabezia tasa askoz txikiagoa dauka.

Orain herrialde arabiarretatik etorritakoak daude batez ere jomugan. “Lehen Mundua” deritzon honetan jaio garenok eta gure aurrekoek mendeetan zehar Afrika eta Asiako lurraldeak eta herritarrak muturreraino espoliatu ditugu. Horren ostean, gobernu burujabeak eratzen hasi direnetik aldika-aldika interes geopolitikoak, lehengaiak edo arma salmenta dela medio, bukaezinak diren gerra odoltsuetan murgiltzen ditugu. Nahiz eta hori guztia justifikatzen dugun sinestarazi digutelako “fanatiko” (edo “terrorista”) ezaugarri hori jarrita guztiak balio duela eta beraien errua dela.

Espolioak eragindako gosetik, “Lehen Munduko” gobernuek baimendutako diktadoreen atzaparretatik eta aldika-aldika gerratan murgildutako lurralde horietatik ihesi gurera datozen afrikar eta asiar horiek omen dira gurean bizi dugun krisi estrukturalaren errudunak, “bertako” lanpostuak eta “bertakoentzat” diren gizarte laguntzak “kendu” egiten dizkigutenak. Sasoi batean –eta agian oraindik– guk bete nahi ez genituen lanpostuak hartzen zituzten: garbitasuna, nagusien zaintza, ostalaritza…

Azkar ahaztu dugu gure ahaideetako askok ere erbestera jo behar izan zutela, soldadutza, gerrak, politika eta miseria zirela medio. Nire aitona-amonen etxeetan askok, eta baita gerora beste belaunaldi batzuek ere. Horri esker pertsona askok larrua salbatzeaz gain, familia askok oraina eta etorkizuna bermatu ahal izan zuten, eta, bide batez, bertan gelditutakoei urrunetik lagundu. Ahaztu al dugu hori guztia?

Ziur gurera etorritako batzuk nagiak izango direla eta inork lapurretak egingo dituela, baina horrek eskubidea ematen digu jatorri zehatzetako pertsona multzo horiek guztiak zaku berean sartzeko? Ez izan zalantzarik banku-erreskate, herrialdeen espolio, arma salmenta, korrupzio sistematiko eta antzeko ekintza antisozial eta bidegabeen erantzuleek erabateko interesa dutela guk etorkinak cabeza de turco bilakatu eta haien kontra egin dezagun, guri falta zaigun diruarekin nor ari den benetan aberasten pentsatzen gelditu gabe.

Joko zikin honetan sartu nahi ez dudalako tematuta nago inongo herrialdeko gizakiei multzoan errurik ez botatzeko, inola ere ez kriminalizatzeko, banakako ezaugarri ezkorrak direnak ezjakintasunez inori ez eransteko. Nazkatuta nago kalean etorkinen kontrako esamesa eta kritikak entzuten. Egia da kultura eta bizimodu desberdinetakoak izanda batzuetan talka egin ahal dugula, baina egiaztatuta dago bizkarra erabat ematen badiegu eta ghettoetan pilatzen badira epe luzera mesfidantza eta ezjakintasuna areagotu eta desberdintasuna benetako arazoa bihur daitekeela.

Hau guztia esanda, onartu beharra daukat israeldar guztien kontra egin nahi dudala. Bai, gobernu eta herritarren artean beti bereizten saiatzen banaiz ere, kasu honetan ez dut halakorik egin nahi. Israelgo Estatuak, 1948an eratu zenetik, eta lehen egunetik gainera, helburu bakarra izan du: palestinar guzti-guztiak deuseztatzea. Gerra guztiak dira gupidagabeak, baina hau ez da gerra bat: hau nazioarteko gobernuek baimendutako eta Israelgo herritar askok babestutako estatu hiltzaile batek gidatutako hamarkadatako masakrea da eta gelditu egin behar da. Israeldar guztien kontra egin behar dugu, edozein ekitaldi eta negozio boikotatuz. Premiazkoa da horiekin arrazista izatea. •