Rob Brown - BBC

Birus beldurgarrienaren atzean ibili zen mediku gaztearen odisea

Ebola birusa 1976an deskribatu zuten lehen aldiz, Erdialdeko Afrikan izandako izurrite batean. Geroztik zenbait epidemia eragin ditu kontinente beltzean. BBC telebista kate britainiarraren webguneak birusa deskribatzeko medikuek bizi izan zuten odisea esplikatu berri du. Orain 38 urteko kontuak laburbildu ditugu.

Orain ia berrogei urte, Belgikako gazte bat Kongoko oihaneko urrutiko bazter batera joan zen. Gaixotasun ezezagun bezain beldurgarri batek horrenbeste pertsona zergatik hiltzen ote zituen argitzen laguntzea zen bere asmoa.

1976ko irailean Anberesko Medikuntza Tropikaleko Institutuan ezohiko pakete bat jaso zuten. Barruan botila termiko urdin distiratsu bat zegoen. Egun hartan laborategian lanean ari zen Peter Piot 27 urteko zientzialaria, Medikuntza Eskolan graduatua. «Botila normala eta arrunta zen, kafea hoztu ez dadin erabiliko zenukeen horietako bat», deskribatu du Piotek. Gaur egun Londresko Higiene eta Medikuntza Tropikaleko Eskola zuzentzen du.

Termo hartan ez zegoen kaferik ordea. Oso bestelako gauza bat aurkitu zuten zientzialariek. Izotz-koskor batzuen artean odol laginak eta ohar bat zeuden. Belgikako mediku batek sinatutako idatzia zen. Zairetik zetorren, gaur egungo Kongoko Errepublika Demokratikotik.

Oharrak azaltzen zuen odola Belgikako moja batena zela, gaixotasun misteriotsu batek jo zuen emakumearena. Ezohiko paketea Kinshasa hiriburutik etorri zen linea erregularreko hegazkin batean. Bidaiari batek zeraman. «Botila zabaldu genuenean ikusi genuen tutuetako bat hautsita zegoela, eta, odola, urarekin nahastuta», jakinarazi du Piotek. Ez berak ez berarekin lanean ari ziren ikerlariek ez zekiten zer motako arriskuaren aurrean zeuden: odolak birus ezezagun eta hilgarri bat zeukan.

Hasiera batean lagin haiek beste guztiak bezalaxe erabili zituzten, baina, zientzialariek odola mikroskopioan jarri zutenean, inolaz ere espero ez zutena ikusi zuten. Izan ere, ebola birusa ikaragarri handia da.

«Zizare itxurako egitura ikaragarri handia ikusi genuen. Birusa izateko oso egitura arraroa zen. Tankerako bakar bat ezagutzen genuen, Marburg birusa», esplikatu du Piotek.

Marburg birusa 1967an deskribatu zuten lehendabiziko aldiz. Orduan, Alemaniako Hesse estatuko Marburg eta Frankfurt hirietan eta Belgrad garaiko Jugoslaviako hiriburuan 31 pertsona sukar hemorragiko batek gaixotu zituen. Gaixotasunaren agerraldia laborategi batean Ugandatik ekarritako tximino kutsatu batzuekin lanean ari ziren pertsonekin lotu zuten ikerlariek. Zazpi paziente hil ziren.

Aurkikuntza betean murgilduta

Piot gazteak bazekien Marburg birusa oso kontu larria zela, baina mundu osoko adituekin hitz egin eta gero ondorioztatu zuen mikroskopioan ikusten zuena ez zela birus bera. Ezberdina zen, ordura arte ikusi gabea. «Orduan sentitu nuena deskribatzea oso zail egiten zait. Berotasun sinesgaitza sentitu nuela esango nuke. Pribilegio sentsazio bat neukan: aurkikuntza betean erabat murgilduta sartuta nengoen», adierazi du egungo Peter Piotek.

Zairen bertan mediku batek zaintzen zuen gaixotutako moja. Halako batean, hil egin zen. Heriotzaren berri izan zuten Anberesen bere odola ikertzen ari ziren adituek ere. Lantaldeak jakin zuen Zaireko iparraldeko urrutiko bazter batean gaitz misteriotsu berak beste pertsona batzuek kutsatu zituela. Sintomak ziren sukarra, beherakoa, gonbitoak eta, ondoren, odol-ateratzea eta heriotza azkenik.

Handik bi astera, Afrikan inoiz egon ez zen Piotek Kinshasara eramango zuen hegazkina hartu zuen. «Gauez egindako hegaldia izan zen arren, lo hartzerik ez nuen izan. Lehen aldiz kontinentea ikusteak eta birusa ikertzeko eta izurritea geldiarazteko aukera izateak ez zidaten lo hartzen utzi», esan du.

Bidaia ez zen Kinshasan amaituko ordea. Lantaldeak gaixotasunaren agerraldia izan zen lekura joan behar zuen, hau da, oihan tropikalean zegoen herri batera, 1.000 kilometro inguru, iparraldera. «Mobutu garaiko Zaireko presidentearen medikuak berak antolatu zuen hegazkinez egin beharreko bidaia». 4x4 ibilgailu batean gasolina eta beharrezko tresneria guztia kargatu eta hegazkinera igo zuten.

Heriotza edertasunaren atzean

Kongo ibaiko portu batean lur hartu zuen aparatuak, Bumban. Gaixotasun misteriotsuak eragindako beldurra begi bistakoa zen bertan. Pilotuak berak ez zuen leku hartan denbora gehiegi pasa nahi: gauza guztiak deskargatu bitartean ere, motorrak lanean eduki zituen, lehenbailehen abiatzeko. Berehala alde egin zuen.

«Nik ez nuen beldurrik, izurritea geldiarazteko gogoak beste sentsazio guztiak estali egiten zituen-eta. Hasiera batean uste genuen baino askoz ere jende gehiago hiltzen ari zela entzun genuen eta lehenbailehen lanean hasi nahi genuen», esplikatu du zientzialariak. Baina lanean hasi aurretik Bumba utzi eta Yambukura joan behar zuten, zeuden lekutik 120 kilometrora. Herri hartan aspaldiko misio katoliko bat zegoen: erietxe bat eta eskola bat, Belgikako apaiz eta mojek zuzenduta. «Tokia oso polita zen. Misioaren inguruan oihan oparoa zegoen eta lurra bera gorria zen. Bertako natura oso aberatsa zen, baina, jendea, ikaragarri pobrea».

Yambukuren edertasunaren atzean bertan bizi ziren pertsonak beldurtzen zituen arazoa zegoen ordea. Piot bertara iritsi zenean, etxe batean bizi ziren apaiz eta mojak ezagutu zituen. Osasun kordoi moduko bat jarrita zeukaten, gaixotasuna heda ez zedin erabilitako hesia. Txartel bat jarrita zuten bertan, lingala bertako hizkuntzan idatzita: «Mesedez ez zaitez sartu, pasatzen den edonor hil egin daiteke-eta».

Birusaren hedapena ikertu ahal izateko, mediku taldeak bisitatutako herrien mapa bat egin zuen. Piotek gogoan du etxe hartako egoera: «Ordurako lau kide hilda zituzten. Otoitz egiten ari ziren, heriotzaren zain». Piot ez zen zalantzan ibili eta osasun kordoia zeharkatu zuen. Bertakoei adierazi zien laguntzera zetorrela, izurritea gelditzera. «27 urte dituzunean, konfiantzaz beteta egoten zara», dio Piotek.

Mojek azaldu zieten iritsi berriei bertan gertatutakoa. Hildako beste kideei zer pasa zitzaien eta herriko biztanleei ere gauza bera gertatu zitzaiela esplikatu zieten. Baita beraiek ahal zuten guztia egin zutela ere, lagundu nahian.

Une horretako lehentasuna izurritea geldiaraztea zen. Baina hori egin ahal izateko, mediku taldeak jakin behar zuen birusa nola pasatzen zen pertsona batetik bestera, alegia, airearen bitartez, janarien bidez, harreman zuzena izateagatik edo intsektuen eraginez pasatzen ote zen. «Herritarrei galdezka hasi beharra izan genuen. Detektibe istorio baten tankerakoa izan zen», esaten du Piotek.

Detektibe istorioa

Hiru galdera egin zizkieten herritarrei. Alde batetik, izurritearen bilakaera ezagutu nahi zuten, hau da, pertsona bakoitza nola kutsatu zen argitu nahi zuten, zein infekzio mota zen jakin ahal izateko. Hortik aurrera birusaren historia itxura hartzen hasi zen. Nondik datoz kutsatutako herritarrak? Mediku taldeak inguruetako herri guztiak bisitatu zituen, gaixotutako pertsonen berri izateko. Argi geratu zitzaien agerraldia bertako erietxeak eragina zuen eremuekin lotuta zegoela.

Nor kutsatzen da? Ikerlariek ikusi zuten kutsatutako pertsona gehienak emakumeak zirela, batez ere 18 eta 30 urte bitartekoak. Konturatu ziren kutsatutako emakume asko haurdun zeudela eta horietako asko misioko erietxera joandakoak zirela. Birus misteriotsuaren nondik norakoa argitzen hasita zegoen.

Ondoren ikerlariek jakin zuten erietxe horretara joaten ziren emakumeei ohiko injekzio bat jartzen zietela. Goizero bost xiringa banatzen zituzten, eta behin eta berriz erabiltzen zituzten. Horrela zabaldu zen birusa pazienteen artean.

«Horrela hasi ginen ulertzen birusarekin gertatutakoa. Horretarako gaixotuekin hitz egin behar da, eta estatistikak aztertu eta dedukzio logikoa erabili», azaltzen du Piotek.

Gainera, ikerlari taldeak ikusi zuen pertsona gehienak hiletetara joan eta gero kutsatzen zirela. Izan ere, ebola birusaren eraginez pertsona bat hiltzen denean gorpua birus horretaz josita dago. Edozein kontaktu zuzen, hildakoa garbitzea edo prestatzea esaterako, izugarri arriskutsua izan daiteke babes egokirik gabe eginez gero. Hurrengo urratsa birusa kutsatzeko arriskua geldiaraztea zen. «Herriz herri joaten ginen. Norbait gaixotuta bazegoen, koarentenan ipintzen genuen», azaldu du Piotek. «Gainera, gaixotutakoekin kontaktu zuzena zuten pertsonak ere koarentenan jartzen genituen. Herri batetik joan aurretik, birusaren eraginez hildakoak era egokian ehorzten guztiek zekitela ziurtatzen genuen».

Izenik gabeko gaitza

Erietxea itxi izanak, koarentenaren erabilera egokiak eta komunitateak beharrezkoa zen informazio guztia zuela bermatzeak lortu zuten izurritea geldiaraztea. Hala ere, 300 pertsona inguru hil ziren.

Piotek eta bere lagunek birusari buruz asko ikasi zuten Yambukun egin zituzten hiru hilabeteetan, baina izenik ez zioten jarri. «Ez genion Yambuku herriaren izena jarri nahi, oso iraingarria izango litzatekeelako. Inork ez du nahi bere izena horrelako zerbaitekin lotzea», esan du Piotek.

Ikerlari taldeak erabaki zuen ibai baten izena ematea birusari. Zaireko mapa bat zeukaten, oso zehatza ez bazen ere. Bertan azaltzen zenez, hurbilen zegoen ibaia Ebola izenekoa zen. Une horretatik aurrera, Anberesera termo batean hilabete batzuk lehenago iritsitako birusari ebola deitu zitzaion.

Aurten itzuli da Piot Yambukura. Otsailean joan zen, 65 urte betetzen zituela-eta. Bertan aurkitu zuen Sukato Mandzomba, 1976an birusak kutsatu eta bizirik atera zen pertsonetako bat. «Bera berriz ikustea benetan ederra izan zen, oso une hunkigarria izan zen», dio.

Garai hartan Mandzomba erietxeko erizaina zen eta frantsesez egiten zuen. Beraz, bi gizonek elkarrekin asko hitz egiteko aukera izan zuten. «Bera Yambukun bizi da oraindik ere eta erietxean egiten du lan. Bertako laborategiko arduraduna da. Langile bikaina. Zirrara ikaragarria egin zidan», adierazi du zientzialariak.

38 urte pasa dira agerraldi hura izan zenetik. Gaur egun inoiz izan den ebola izurriterik larriena daukagu. 800 pertsonatik gora hil dira jada Mendebaldeko Afrikako Ginean, Liberian, Sierra Leonan eta Nigerian. Adituek esan dute egungo egoerak ez duela aurrekaririk. Gaixotasuna lau herrialdetara zabaldu izanak zaildu egiten du izurritearen aurkako borroka.

Ez txertorik ez tratamendurik ez dagoenez, agerraldi honi aurre egiteko aholkuak 1970eko hamarkadan ematen zirenen antzekoak dira. «Xaboia, eskularruak, pazienteak isolatzea, xiringak ez berrerabiltzea eta gaixotutakoekin kontaktua izan duten pertsonak koarentenan jartzea. Teoria hutsean, oso erraza izan beharko luke ebolari eustea», esan du Piotek.

Gaixotasuna, sorgin kontua?

Baina beste faktore batzuek ere badute eraginik eta lan hori oso zaila bihurtzen dute. Gaixotutako pertsonak eta beraien familiak estigmatizatu egin ditzakete komunitateek, eta horren eraginez kasu batzuetan nahiago izaten dute laguntza bila ez joatea. Lekuko kulturek eta tradizioek ere badute zerikusirik eta pertsona batzuek uste dute gaixotasuna sorgin kontua dela. Beste batzuek osasun langileei eraso egin izan diete.

«Inoiz ez dugu ahaztu behar hau pobreziaren gaixotasun bat dela, mesfidantza eta gaizki diseinatutako osasun sistemen gaitza», uste du Piotek. Horrexegatik, medikuen betiko lanaz gain, oso garrantzitsuak dira informazioa, komunikazioa eta komunitateetako buruen esku hartzea.

Ebolak Pioten bizitza aldatu egin zuen. Birusa deskribatu ondoren, hiesaren izurritea Afrikan ikertzen hasi zen. Horrela bihurtu zen Unaids Nazio Batuen hiesari buruzko egitasmoko lehen zuzendari. «1976ko bidaiak nire ustez liburuetan baino gertatzen ez ziren gauzak egitera eraman ninduen. Nire bizitzari misio bat eman zion: garapen bidean dauden herrialdeetan osasunaren alde lan egitea. Ez zen birus baten aurkikuntza bakarrik izan, neure burua ere aurkitu nuen».

Euskal erietxeak, ebola epidemiarik txarrenaren aurkako borrokan

Euskal Herriko ospitaleek Joan Jainkoarenaren anaien ordenako Juan Ciudad gobernuz kanpoko erakundeak Mendebaldeko Afrikan ebolaren kontra borrokatzeko egindako premiazko deiari erantzun diote. Zehazki osasun materiala biltzeko kanpainan lagundu dute (erabili eta botatzeko arropa: mantala, maskarak, eskularruak, oinetako babesak, txanoak, eta abar). Laguntza Sierra Leonako Lunsar hiriko St. John of God Hospital erietxera eta Liberiako hiriburuko St. Joseph Catholic Hospital eta Ahizpa Ospitalarien Osasun Zentrora bidali zuten atzo eta herenegun.

 «Zentro horiek ebola eraginik handiena izaten ari den eremuetan daude. Osasun laguntzaren eskaera gero eta handiagoa da leku horietan», jakinarazi dute euskal erietxeek.

San Juan de Dios ospitaleak (Santurtzi, Donostia eta Arrasatekoak), Aita Menni ospitalea, Poliklinika Gipuzkoa, Donostiako Virgen del Pilar Klinika eta Tolosako Asuncion Klinika, Quiron taldeko Bilboko, Donostiako eta Gasteizko zentroak, Vithas San Jose, IMQ Zorrotzaurre Klinika, Bilboko IMQ Virgen Blanca eta Osakidetzako zentro sarea dira kanpainan laguntzen ari diren Euskal Herriko osasun zentroak. Mikel Tellaeche Aita Menniko zuzendari gerenteak sustatu du kanpaina euskal erietxeen artean. Berak harreman estua du ebola epidemiak gogor kolpatutako eremuarekin, 2012an urtebete egin baitzuen Monroviako St. Joseph Catholic Hospital ospitalea zuzentzen. Tellaechek oso hurbiletik jarraitzen du antzinako kideekin eta Liberiako Osasun Ministerioarekin epidemiaren bilakaera.

Osasunaren Mundu Erakundearen azken datuen arabera, 800 pertsonatik gora hil dira jada ebola birusak jota Ginean, Sierra Leonan, Liberian eta Nigerian. Izurritea kontrolatu gabe dute Liberian, esaterako. Nazioarteko laguntza jaso badute ere, osasun langileak babesteko baliabide gutxi egoteaz gain, gaizki antolatuta ere badaude. «Hiru unitate berezi daude herrialdean diagnostikoa eta tratamendua egiteko, baina egia esan, ospitale eta osasun zentro guztietan daude sintomak dituzten pazienteak», dio Tellaechek.

Patrick Nshamdze Monroviako St. Joseph’s Catholic Hospitaleko zuzendariak «egoera oso zaila eta kontrolaezina» dela nabarmendu du. Beherako eta gorako kasuak ez dira onartzen ospitaletan. «Ministerioak zenbait jantzi berezi ekarri dizkigu osasun langileak isolatzeko, baina ez da nahikoa. Anbulantzia bakarra dugu eremuan ebola duen jendea hartzeko eta unitate berezietara eramateko, baina azkenean ez dira heltzen».

Mendebaldeko Afrikak egun bizi duen ebola izurritea orain arteko txarrena da, lehen aldiz lau herrialdetara heldu baita: Gineako Errepublika, Sierra Leona, Liberia eta Nigeria. Lehen kasuak 2014ko urtarrilean agertu ziren, eta martxoan, ebola epidemia zegoela aitortu behar izan zuen Osasunaren Mundu Erakundeak. Geroztik, gainera, kasu kopuruak gora egin du. Kontuan izan behar da gaixoen heriotza-tasa izugarri altua dela: %90 ingurukoa zen hasiera batean, eta egun apur bat txikiagoa dela diote adituek. Jada 800 lagun baino gehiago hil dira. Orain artean inoiz antzeko egoerarik bizi gabeak ziren ebolak oraingoan kolpatutako herrialdeak, aurreko epidemia guztiak Kongoko Errepublika Demokratikoan, Ugandan eta Gabonen emanak baitziren. Gainera, orain arte, nekazaritza eremuetan eta oihanean izaten ziren izurriteak, hau da, hedapena saihesteko erraz kontrola daitezkeen lekuetan. Egungo epidemia, aldiz, hiriguneetaraino ere heldu da, eta bertan askoz zailagoa izaten da gaixoak eta haiekin egon diren pertsonak kontrolatzea.

Nigeriara joan den astean iritsi zen birusa, hegazkinez. Liberiar batek eraman zuen bertara eta Nigerian hil zen. Aire konpainiak Sierra Leona eta Liberiara egiten zituen hegaldiak bertan behera utzi ditu. Kutsatua hartu zuen erietxea koarentenan ipini dute. Agintariek uste dute aireportuan eta osasun zentroan 30.000 pertsona ingururen ondoan egon zela. Horien artean egin behar dute ikerketa, izurritea gehiago heda ez dadin. joseangel.oria@gaur8.info