Gorka Elejabarrieta

Eskoziaren ordua

Bost aste baino ez dira geratzen Eskoziako erreferendumarentzat. Urte eta mendeetan harturiko erabakirik garrantzitsuena izango da eskoziarrentzat, eta, emaitza jakin aurretik ere, badira prozesu horretan guztian garaile argiak nire ustez: Eskoziako zein Ingalaterrako herriak. Txalogarria eta eredugarria da Eskozia zein Ingalaterrako biztanleek izan duten eta daukaten jarrera erreferendumari begira, normaltasun osoz bizi baitute ariketa demokratiko hau. Oro har bertako instituzioek eta bereziki Eskozia zein Erresuma Batuko gobernuek izandako jarrerak eta praxiak erabakia normaltasun osoz gauzatzea ahalbideratu dute.

Eskoziako prozesuaren bigarren garaileak estaturik gabeko herriak gara, orokorrean. Eskoziak eta Erresuma Batuak urteetan aldarrikatu duguna posible dela erakutsi digute. Eskoziako erreferendumak irakasgai aparta beharko luke, bai jarrera ez demokratikoa daukaten estatuentzat bai nazioarteko erakundeentzat ere, tartean Europar Batasuna eta Nazio Batuak. Erabakitzeko eskubidearen gauzatzea, horrelako egoeren aurrean irtenbide demokratikoena izateaz aparte, gatazka politiko eta armatuak ekiditeko eta jada existitzen direnak konpontzeko gailu eraginkorrena da.

Badira atera beharreko zenbait ondorio garrantzitsu ere. Herrien erabakitzeko nahia ezin da geldiarazi. Estatuen jarrera ez demokratiko ankerrak guztiz normala izan beharko lukeen prozesu bat zailtasunez bete dezake, bidea gatazkatsu bilakatu, eta, ondorioz, erabakitzeko eskubidearen gauzatzea atzera dezake, baina, aldiz, herritarren borondatea ezin da betiko gelditu eta herri orori iristen zaio nahi duena izateko erabakitzeko aukera eta eguna. Bideak badu garrantzia, noski, etorkizuneko herri independente horien arteko harreman oro baldintzatuko baitu nahi ala ez. Erresuma Batua ez da bat-batean %100ean demokratiko bilakatu, bere izaera eta bere jardunaren ondorioak askok pairatu behar dituzte oraindik ere etxean zein kanpoan. Erreferendumaren aldeko Erresuma Batuaren jarrera aldaketak izaera estrategikoa dauka nire ustez. Winston Churchillek adierazi bezala, ez dira harreman estrategikoak existitzen, interes estrategikoak baizik. Eta Erresuma Batuak harturiko erabakiak bere interes estrategikoen arabera hartu izan ditu beti. Kasu honetan, nire ustez, bi dira interes nagusi horiek. Lehena eta garrantzitsuena, epe ertain zein luzera Eskoziak Erresuma Batuko kide izaten jarraitzeko bide bakarra eskoziarren erabakitzeko eskubidea errespetatzea dela uste dutela britainiarrek –nik ere arrazoia daukatela uste dut–. Erreferenduma debekatzeak eskoziar independentisten kopurua handituko luke, prozesua “demokrata” vs “ez demokrata” parametroetan banatuko luke, eta, nahiz eta epe laburrera erreferendumaren gauzatzea atzeratu, epe ertain zein luzera indar korrelazioa independentisten alde jarri lezake. Bigarren interes estrategiko nagusia, nire ustez, honakoa da: Erresuma Batuak, Eskoziak gauza bat edo bestea erabaki, harreman komertzial, politiko, militar... onak izan eta ziurtatu nahi ditu etorkizunera begira Eskoziarekin. Independentziarako bide gatazkatsuak epe erdi zein luzera Erresuma Batuak Eskozian duen eragina txikiagotuko luke. Beraz, Erresuma Batuaren ikuspegi eta interesetatik begiraturik agertoki okerrenean ere, hau da, Eskoziak independentzia aukeratuko balu, Erresuma Batuak bere interesen araberako agertokirik hoberena ziurtatu nahi du. Lurraldea galdu eta Eskoziarekiko harremana zein eragina galdu beharrean, auzia beste agertoki batera eraman nahi du: emaitza edozein delarik ere, Eskoziarekiko harremana zein eragina irabazi edo ahal den heinean behintzat mantendu.

Eta azkenik, Eskoziar prozesuak eta bereziki Erresuma Batuaren jarrerak Estatu espainolaren izaera ez demokratikoa inoiz baino ageriago utziko dute. Katalunia zein Euskal Herriko prozesuek ezinbestekoa eta garrantzitsuena den ezaugarria betetzen dute: herritarren gehiengoaren babesa. Egunez egun, gainera, babes hori handitzen doa, bai erabakitzeko eskubidearen harira bai gatazkaren konponbide demokratikoaren harira. Irabazteko aukera paregabe baten aurrean gaude, eta, horrela egiteko, guztion lana eta konpromisoa beharrezkoak dira. •