www.lurberry.com

Fruitu txiki ekologikoen unibertsoa

Gozoak izateaz gain, fruitu txiki ekologikoak osasun iturri dira.
Gozoak izateaz gain, fruitu txiki ekologikoak osasun iturri dira.

Europa iparraldeko herrialdeekin alderatuz gero, Euskal Herrian fruitu txikien kontsumoan daukagun tradizioa nahiko murritza dela esan liteke. Ruben Sabalzak, fruitu txikien landare ekologikoen ekoizleak dioenez, ordea, susmo hori ez da guztiz zuzena, euskaldunok ere badaukagulako fruitu txikien inguruan sortutako ondare bat. Sabalzak aitortzen duenez, gazteon artean fruitu mota honen inguruan dagoen ezagutza oso txikia da; adindutako pertsonen artean, ordea, beste zerbait sumatzen da. «Feriatan, gazteez gain, adindutako jende asko ere hurbiltzen zaigu, fruitu txiki mota ezberdinak ezagutu eta gogoratzen dituena. Duela zenbait urtera arte, ez zen horren arraroa baserrietan magurdi, andere mahats edo arakatz landare bakanen bat egotea. Egia da hemen ez dugula Txekiar Errepublikan, Alemanian edota Ingalaterran izan dezaketen kultura. Europako iparraldean, berez ematen dira naturan fruitu txiki espezie asko. Hala ere, hemen badaude berezkoak dauzkagun hainbat espezie. Izan ere, bertoko klima eta lurrak, oro har pittin bat azidoak eta materia organikoan aberatsak diren lurrak behar dituzte, erabat egokiak dira fruitu txikientzat», gaineratu du lorezainak.

Nekazaritzako goi ikasketak burutu eta berehala, lorezaintzan hasi zen lanean Ruben Sabalza. Blas Enea ortuari landareen mintegi ekologikoko arduradunen familia kide zuzena izanik, han piztu zitzaion fruitu txikienganako interesa. Anaia gazteak Ingalaterran ezagututako “lorategi jangarri”-en kontzeptua aipatu zionean, landare mintegi ekologikoa martxan jartzeko proiektuari bueltaka hasi zen. Duela hiru urte, azkenean, proiektua gauzatu egin zen Lurberry mintegiaren zabalerarekin: 750 metro koadroko negutegia, 0,6 hektarea aire librean landareak garatu eta gogortzeko eta 1,5 hektarea landare-amak mantentzeko.

Estatu mailan, mota honetako landareekin lan egiten duen mintegi ekologiko bakarra da Lurberry. Bere maneiuaren berezitasunez galdetuta, landareari egiten zaion tratamendu guztia ezberdina dela aitortu du Sabalzak. «Guk ez dugu helburu ekoizpen maila handia duten landareak egiterik, orekatuak eta gogorrak diren landareak lortzea baizik. Horregatik, gure landareak denbora gutxi egoten dira negutegi barruan, segituan kanpora ateratzen ditugu, hor egotera ohitu daitezen. Landarea fruitu txikien ekoizpen ekologikora zuzenduko bada, ez dauka batere zentzurik negutegian behar baino denbora luzeagoz ‘behartzen’ ibiltzea. Beste aldetik, tratamenduak eta txertakak egiteko erabil daitezkeen hormonak gai naturaletatik eratorriak izan behar dira, noski».

Fruitu txikiena oso mundu zabala dela gaineratu du Sabalzak: «Espezie bakoitzarentzat dagoen barietate kopurua oso handia da. Guk geuk hainbat barietaterekin egiten dugu lan. Magurdiarenak, adibidez, 30 inguru dauzkagu. Ikaragarria da topa daitekeen aniztasuna. Hori bai, barietate askok copyrighta daukate eta guk ezin ditugu erreproduzitu; hazi bakarrik egin ditzakegu. Barietate ‘askeen’ landareak eskuratzeko, fruitu txikien inguruan kultura gehiago daukaten herrietara jo dugu: Austria, Ingalaterra, Txekia, Polonia... Askotan, milaka txertaka konpost pilora doa, ezagutzen ez duzun barietateekin lan egiteak hori dauka. Baina behin multiplikazio prozesua doitzea lortzen duzuenean, satisfazioa handia da».

Irizpide asko daude barietateak aukeratzeko: fruituaren ezaugarriak, landarearen itxura, baldintza jakin batzuetara egokitzea... Lurberry mintegian, irizpide nagusia sasoitasuna da. Izan ere, fruitu txikiak, oro har, oso denbora epe laburrean ematen dira (udarako pare bat astetik hilabetera), baina, barietate ezberdinak landatuta, epe hori luzatu egin daiteke. Fruitutxo hauen sasoitasuna ahalik eta gehien luzatzea ez da batere ideia txarra, batez ere, osasunarentzat dauzkaten onura guztiei erreparatuta: bitamina eta mineral iturri garrantzitsua dira, baina, bereziki interesgarriak egiten dituen zerbait badago, hori da izaten duten antioxidatzaile kontzentrazio handia. Gordinik, prestatuta, marmeladan... gozoak izateaz gain, mendian batu zein erositako fruitu txiki ekologikoak aparteko osasun iturriak dira.