amagoia.mujika@gaur8.info

Jende zoriontsua herri libre batean

Askotan ikusi ditugu poliziak, batzuk eta besteak, gaueko ordu txikietan kartoizko kaxak aldean hartuta gure etxeetatik ateratzen, beren etxean baleude bezala ibili eta gero. Ez, ez da egia, beren etxean sekula egingo ez lituzketenak egin eta gero ateratzen baitira gure etxeetatik. Eta han doaz, kartoizko kaxak hartuta, gauaren ilunean eta hainbeste bizitza ilunduz. Zenbat kartoizko kaxa bete ote dituzte hainbeste euskal herritarren bizitza txatalekin? Zer ez ote dute eraman? Argazki hau 2002ko apirilekoa da. Tamalez, beste egun askotakoa ere izan zitekeen. Kaxa horri 35/02 sumarioaren etiketa jarriko zioten, eta beste kaxen pilan utziko zuten. Aste honetan eman dute sententzia: auzipetu gehienentzat kartzela eta ia herriko taberna guztiak herritarrei kentzea. Arazoa da gauza asko ez direla kartoizko kaxetan kabitzen. Badira inon kabitzen ez diren gauzak. Herri izan nahi duen herriaren nahia handiegia eta askeegia da inon sartu eta tapa ixteko. Jende zoriontsua herri libre batean. Hori guztia, eta hori besterik ez.