Eleno Alkain eta Saioa Aginako

«Mort pour la patrie»

Aste honetan Gazan hartutako irudia. Bilal TELAWI|AFP
Aste honetan Gazan hartutako irudia. Bilal TELAWI|AFP

Egun edo hilabete gutxi batzuk iraungo zituela iragarri zuten. Hildako eta zaurituen kopurua txikia izango zela. Gaur egun, jakin badakigu iragarritakoa hutsean gelditu zela. 1914ko uztailaren 28an errealitateak bere aurpegi gogorrena erakutsi zigun. Lehen Mundu Gerra piztu zen. Gerrak lau urte iraun zituen, 16 milioi pertsona hil ziren, 21 milioi pertsona zauritu. Gorrotoa, samina, ezina, tristura, krudeltasuna… dira lubakietan ereindako sentimenduak, nahiz eta historia liburuetan gehien agertzen diren datuak hildakoak, zaurituak eta kalte ekonomikoak izan. Hain agerikoak ez diren beste ondorio batzuk ere izaten dira gerretan: ondorio psikologikoak.

Gerrate baten ostean gauzak ez dira lehen bezala izaten. Gudan gure azal eta bihotzean bizitakoa, ikusitakoa, entzundakoa, usaindutakoa, gurekin daramagu hil arte. Nola ahantzi gau eta egun bonba hotsen burrunbak, haur, gazte eta zaharren garrasiak. Nola ahantzi odolezko errioak, haragi puskez zipriztindutako mendi, herri eta kaleak. Nola ahantzi kearen usaina, hildakoen eta haragi ustelaren usaina, etengabe gurekin daudenean, gure bizitzaren parte direnean. Lekuak leku eta garaiak garai, Lehen Mundu Gerran, Espainiako 36ko gerran, Bigarren Mundu Gerran, Vietnamen, Israel eta Palestinan…lekukoen testigantzak antzekoak dira. Hezur-muineraino barneratu eta inoiz ixten ez diren zaurien garrasiak. Kontzentrazio eremuetan egondako Victor Frankl psikiatrak honakoa zioen: «Gure gerlako bizipenez hitz egitea ez dugu gustuko; egoera hori bizi zutenei ez diegu ezer azaldu beharrik, eta han egon ez zirenei gure baitan gertatzen zena ulertaraztea ezinezkoa izango litzaiguke, gaur egun oraindik gugan gertatzen dena ulertaraztea bera ere ezinezkoa zaigun bezala».

Gatazka armatuetan gizakiaren alde basatiena ikusteko aukera dugu. Basakeria guztiak egiteko eta jasateko gai garela historian zehar maiz ikusi dugu: emakumeen bortxaketak, haurrek pairatutako biolentzia edota erbesteratze masiboak dira horietako batzuk. Emakumeen bortxaketak ohikoak izaten dira gerrate garaian. Nazio Batuen Erakundearen arabera Ruandan 250.000 emakume bortxatu zituzten, Bosnian 60.000, Kongo Errepublika Demokratikoan 200.000…. Biktima horiek traumak eta sufrimenduz beteriko ondorioak pairatzen dituzte, bizitza osorako gorputzean zizelkatuta gelditzen direnak, askori gaindiezinak egiten zaizkienak: buruko nahasmenak, lotsa, erru-sentimendua, loaren desorekak, beldurra, herstura, bortxaketan oinarritutako flashback etengabeak, sexu-desira desagertzea, bihotz-palpitazioak, amesgaiztoak... Nola jasan eta bizirik iraun duintasuna bortizki suntsitu, makurtu eta kendu dizutenean?

Unicefen arabera, azken hamar urteotan gatazka armatuetan bi milioi haur zendu dira, 12 milioi haur gelditu dira elbarri edo zauritu dituzte, 300.000 haur soldadu gisa erabili dituzte. Haurtzaroa irria, poza, jolasa, maitasuna jasotzeko aroa da, baina haur ugariren eguneroko ogia buruko eta sabeleko minak, loaren desoreka larriak, shock traumatikoak, izaera-aldaketak, umezurtz gelditzea, bortxaketak... dira. Gerratearen infernuak gupidarik ez du. Gatazka armatuari berdin zaio emakume ala gizon, zahar ala gazte, suzko sabel mugagabe horretan dena eta denak irensteko prest dago, baita populazio osoak ere. Gerra eta garbiketa etnikoa sarritan eskutik hartuta doaz. Garbiketa etnikoaren ondorioz milioika pertsona daude desagertze fisiko masiboak, suntsiketa kulturala eta erabateko ahultze psikologikoa bizitzera behartuta.

 

1914an hasitako Lehen Mundu Gerrako lubakietan ereindako gorrotoa eta mendekua gaur egungo gatazka armatuetan aurkitzen dugu oraindik ere. Triskantza humano honekin guztiarekin zer egin? Isilarazi, ukatu, izkina batean baztertuta utzi? Espainian, Txilen, Tibeten… horixe bera egin da. Irabazle eta galtzailearen formula zaharra, zaharkitua. Horren ordez, Hegoafrikako ereduak, esate baterako, beste bide bat zabaltzen digu: akordioetara iritsi, ikertu, samina onartu eta ardurak hartu. Gatazka armatuen biktima guztiei gizarte eta gobernuen onarpena, laguntza, adiskidetzea, eragindako kaltea aitortzea eta zauriak sendatzea zor zaie. Akaso zauriak ez dira inoiz itxiko, baina horrela egiteak gizartearen heldutasuna behintzat erakutsiko luke. •

durundia@gmail.com