Naiara Garzia

«O céu azul»

Foi um dia, e outro dia, e outro ainda. / Só isso: o céu azul, a sombra lisa, / o livro aberto. / E algumas palavras. Poucas, / ditas como por acaso. (Egun batean izan zen, beste batean, baita beste batean ere./ Hori besterik ez: zeru urdina, itzal lisoa, irekita dagoen liburua./ Eta hitz bakan batzuk. Gutxi batzuk,/ kasualitatez esan izan bagenitu bezala).

Eugenio de Andrade (1923-2005) poeta portugaldarraren urtarorik maitatuena uda izan zen, eta urtaro honen eta haurtzaroaren inguruan eraiki zuen bere poesia. Bi zutabe horien adar txiki guztiak ere aintzat hartu zituen: natura, ura, eguzkia eta argia, gorputza eta zentzumenak, hauek guztiak hizkuntza xume baten bitartez azalduz, Machadok bezala, ezinbestekoak ziren hitzak soilik erabiliz (as poucas palavras).

Haurtzaroan gorputzari ematen zaion garrantzia aldarrikatu zuen, zentzu batean heldutasuna gugandik urruntzen gaituen bidaia bat bezala marraztuz. Udan gure azalak arnasa hartzen du eta gorputza beste plano batera pasatzen da, itsas ertzean olatuek gure orkatilak ukitzen dituztenean. Heldutasunak beste erritmo batera bizitzera behartzen gaituen arren, atsedenaren garaia da uda, nagitasunarena, naturarekin bat egitekoa, gu geu izatekoa.

Finalmente disponho de tempo (...), posso fazer o que quiser dos meus dias, por exemplo, estender-me ao sol e aguardar a chegada das formigas. (Azkenean badut denbora (...), nire egunekin nahi dudana egin dezaket, eguzkitan etzan, adibidez, eta inurrien heldueraren zain egon). •