Unai Gorrotxategi

Palestina: elkartasuna eta gorrotoa

Israelgo armada Gaza erasotzen hasi zenetik hiru aste baino gehiago pasa dira. Israelgo Estatua egiten ari den sarraskia izugarria da. Eztandaz eztanda eta txioz txio, gorpu birrinduz bete dira sare sozialen jarioak. Israelen krudelkeriak Gaza deuseztatu ez ezik, Internet ere aztoratu du. Egunetik egunera, Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako mezuak biderkatu egin dira. Jendearen amorrua handitu ahala, oihartzuna areagotu egin da. Eraso hau gelditzeko gai direnen konplizitateak, gainera, inpotentzia eta amorrua handiagotu ditu jendearengan, eta, horrek, Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako kanpainak mobilizatu ditu.

Euskal Herrian barrena, herri guztietan ikusi ahal izan ditugu Palestinaren aldeko kontzentrazio eta manifestazioak. Manifestazioak, Tel Avivetik New Yorkera, mundu osoan ikusi ahal izan ditugu. Dagoeneko existitzen ziren Palestinaren aldeko mugimenduek edota sare sozialetan espontaneoki antolatutako mobilizazioak izan dira orokorrean.

Beharbada, ekintza solidario garrantzitsuena informatiboa izan da. Medio asko egiten ari diren desinformazio kanpainari aurre eginez, albiste, irudi eta datu esanguratsu andana jaso ahal izan dugu. Kanpaina honetan ere irudia da protagonista. Argazki gordin asko ikusi ditugu, baina baita infografiak, bideoak eta muntaia grafikoak ere. Bereziki indar handikoak izan dira palestinar artista eta diseinatzaileek egindako muntaia grafikoak. Misilen leherketen hodeiak ageri ziren argazkiak hartu eta hodeien formak palestinarren duintasuna eta erresistentzia goraipatzen dituzten ikurrekin bete dituzte.

Baina palestinarrak ez dira irudiekin muntaiak egiten dituzten bakarrak. Berria ez den arren, Handala izeneko marrazkiak indarra hartu du berriz ere. 1969an Naji Salim al-Alik sortutako 10 urteko haurra da Handala, Palestinaren askatasuna iritsi arte haziko ez den haur palestinarra. Samintasuna adierazten duen marrazki hori artista ugarik erabili izan dute Palestinaren aldeko elkartasun lanetan. Zarauzko Azken Portu auzoan, adibidez, ikusi ahal izan dugu berriki sortu duten kaleko mural batean.

 

Palestinarren alde bakarrik ez, Israelgo Estatuaren aurka mobilizatutako kanpainak ere ugaritu egin dira. Horien artean ezagunena boikot kanpaina da. Boikot ekonomiko, politiko, kultural eta akademikoa aspalditik bultzatu da. Israelgo Estatuarekin harreman zuzena duten erakunde, talde eta enpresei egiten zaie boikota. Boikot ekonomikoari dagokionez, adibidez, supermerkatuetako produktuen barra kodea begiratzea eskatzen dute Israelgoak diren produktuak ez erosteko –hau da, 729 zenbakiarekin hasten diren produktuak–.

Ziber espazioan ere izan dira Israelen aurkako erasoak. Interneteko hacker talde askok indarrak batu dituzte Israelen aurka egiteko: Anonymous, Izzah Hackers, Tunisian Hackers Team, the Indonesian Cyber Army, the Middle East Cyber Army, the Muslim Liberation Army, Anonymous Arab... Orokorrean, azaleko erasoak izan dira, enpresa eta erakunde publikoen webguneen itxuran eragin dutenak. Eraso horietan, webguneak desitxuratu eta Palestinaren aldeko mezuak txertatu ohi dituzte. Kasu batzuetan, erasotzen den zerbitzua etetea lortzen bada, kalte ekonomikoak eragitera ere irits daitezke, baina orokorrean oso epe murritzean lortzen dira ondoriook. Hala ere, azkenengo urteetan egindako erasoen artean, badira inteligentzia militarra lapurtu duten saiakerak ere, Israelen Misile Dome (misilen aurkako ezkutua) proiektuaren datu lapurreta, kasu.

Elkartasun keinu asko ikusi ditugu azken asteetan, baina horiek guztiek ez dute Israelgo misil bat bera ere geldiarazi. Hala ere, ezinbestekoa izaten jarraitzen du elkartasunak. •