Gorka Zozaia

Abordatzean hondoratutako piraten malkoak

Abuztuarekin batera Perseidak heltzen direlarik, beti akordatzen naiz gaztetxotan izandako abenturatxoarekin. Gidabaimena ateratzearekin bat batek bizilekutik ateratzeko joera izaten duenez –gero eta urrunago hobe–, abuztuko Aste Nagusi hartan ere hanka egin genuen Donostiatik. Perseiden maximoa zen egunean, argazki kamera hartu, ISO altuko karrete batzuk, gaua pasatzeko txirriren bat, eta han abiatu ginen, mendebaldetik sartzen ari zen frontetik ihesi. Bagenekien hodeitza Bizkaitik heldu eta laster zela Gipuzkoan, eta, beraz, Iruñerantz egin genuen ihes lehendabizi. Behin hara helduta, guztiz ziur ez eta Jakarako bidea hartu genuen, ekialderantz zuzen-zuzenean.

Halako batean, Ledeako bidegurutzean gelditu eta zalantza izan genuen, Jakarantz segi edota Zaragozarantz egin Sos del Rey Catolico herritik doan bidetik. Non izango ote genuen hodeitzaz libratzeko aukera gehien? Tira, minutu erdia ez zen pasako eta han heldu zen, Jaka aldetik, pikoletoen patrola gasolindegira. Gogotsu gainera, pikoleto gaztetxoa tankea betetzen utzita, beteranoa laster batean bide erdira irten baitzen bere linternarekin. Segundo gutxi haietan ez dakit oso ondo zer pasa zitzaion burutik nire lagunari, baina, kontuak kontu, zuzen-zuzenean abiatu zen, pausu sendo eta azkarrarekin, errepide erdian zen pikoleto harenganantz. Esan gabe doa, «gazte susmagarri» itxura peto-petoa genuen biok. Tira, bide erdia egina zuela –ni bost pausu atzerago nindoan–, pikoloak burua jiratuz begiratu zion unean bertan, oraindik hamar bat pausura zen lagunak tonua altxatu eta galdera bota zion lotsa gabe: «¿De dónde venís, de Jaca?». Pikoletoak betondoa zimurtu eta erantzun aski ezaguna pausatu zion: «identificación!». Eta lagunaren buruaren gainetik niri begira, «y usted también!» gaineratu zuen.

Poltsikotik nortasun agiria ateratzen zuen bitartean, laguna saiatu zen azaltzen hodeitzatik ihes gindoazela izarrak ikusteko asmoz, eta nora jo ez genekiela. Antza, baina, pikolo hark ez zuen espedizioarekin kolaboratu nahi. Tankea bete berri zuen gazteari keinua egin zion gure autoa miatzeko, eta guri, nortasun agiriak itzulita, galdera bat bera ere ez (igartzen zen buruan «malditos lunáticos vascos» moduko burutazioren bat zebilkiola).

Gaztearekin autora hurbilduta, hara galdera: «¿De dónde sois?». «De Donosti» erantzunda, «¡qué esquiroles!» bota zigun berehala. Gure harridura aurpegia igarrita, «¿pero no son fiestas allí?» galdetu zigun jarraian. «Sí, pero es que venimos a ver estrellas» erantzun xalo eta zintzoarekin erantzun genion guk. «¿Estupefacientes?». Eta guk «no» esan ostean, buruari eragin eta izarrak ikusteko leku apropos parea gomendatu zizkigun!

 

Ederki ikusi genituen izarrak. Lurrean etzanda, txirriari zupadak begiak itxita emanez, goriak begiak itsutu ez zitzan, gustura itsutzeko. Iruñeko argi kutsadura oraindik igarriagatik eta argazki asko lantzean behin pasatzen ziren autoek izorratu arren (portzierto, bide hartatik ordu txikietan halako trafikoa nora ote zihoan jakin gabe gelditu ginen), oraindik nire gela apaintzen duen argazkiren bat edo beste egiteko behintzat eman zuen espedizioak, eta, gaurkoan lez, interesa duen irakurleren bati istoriotxo bat kontatzeko.

Hau esanda, ez zaituztet animatzen gure balentria aurtengoan bederen errepikatzera. Oraindik ez dakit laino kontuak zehazki nola izango diren Perseiden maximoa den 12tik 13rako gauean, baina dakidana da ilargi betea bereziki handi eta argitsua izango dela bihar, bere Lurrarekiko orbitan minimoan kokatzen baita, perigeoan alegia. Lainorik ezean ere, datozen egunotan ilargiaren argiak oztopatuko du Perseiden izar iheskor zaparrada ongi ikustea. Dena dela, Swift-Tuttle kometak utzitako hauts arrastoa abuztu hasieratik hilak 22ra arte ari da zeharkatzen Lurra, eta, beraz, izango da, San Lorenzo egunetik urrun bada ere, bere malkoak ikusteko aukerarik. Ez dut gehiegi maite kristauen izendegia, eta, beharbada, Perseiden maximoa Donostiako Aste Nagusiko datekin hain ezkonduta egonik, jai herrikoien jarraitzaileok “Piraten malkoak” bezala berrizendatu beharko genuke fenomeno ikusgarri hau: “Abordatzean hondoratutako piraten malkoak”. •