Jonebati ZABALA

Asaken, bere burua antolatzeko ahalmenean sinesten duen kooperatiba

Prekarietatetik eta enpresa eredu tradizionaletik alde egin nahian sortu zen Asaken. Kooperatibismoa alternatiba modura hartuta, autoantolaketaren aldeko apustua egin dute, eta ohiko enpresa eredutik aparte dabiltza. Sokak dituzte lan tresna, eta lan bertikaletan berezitu dira, IRATA nazioarteko ziurtagiriaren bermea jasota.

Kasik hamarkada bi darama lanean Asaken enpresak. Lan bertikaletan eta soka bidezko sarbideetan berezitutako langileek osatzen dute gaur egun kooperatiba, ohiko enpresa eredutik at. 2003an sortu zen ideia, gazte batzuk enpresa munduan aritu eta bertako antolaketa eskasa bizi izan ostean, euren burua antolatuz zerbait sortzea erabaki zutenean. Oskar Alvarez Asaken-eko zuzendaria da egun, eta kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen hastapenetan. «Gure aisialdian gauza konplexuagoak antolatzen genituen. Zelan ez ginen izango gai lan honetarako geure burua antolatzeko, beste inori lana eskatzen ibili beharrean?», azaldu du zuzendariak. Enpresa munduan barneratzea erabaki zuten, kooperatiba eredua aukeratuz, horrek «autoantolaketa bermea» ematen baitzien, eta erantzukizun eta aberastasunen banaketaren alde egin zuten hasieratik. «Antolatzeko dugun ahalmenean sinesten genuen. Gu ere langileak izandakoak ginen, baina, gure ustetan, lana, erantzukizuna eta irabaziak guztien artean banatu behar dira, zuzendaria izan nahiz eraikuntza-laneko langilea». Ideia sortu eta pare bat urtera eman zuten altan kooperatiba.

Zerotik hastea

Zerotik hasi zen Asaken; izan ere, enpresa munduari buruz ezer gutxi zekiten ideiaren inguruan bildu ziren gazteak. «Ez genekien zer zen balantze bat edo emaitza kontua, eta hainbat gauza ikasi behar izan ditugu, beti etorkizunera begira, eta gizarte eredu bat sortzeko asmoarekin. Guk lan bertikaletarako eredua sortu dugu, baina beste edozein arlora esportatzeko modukoa da. Gaur egun, internet bidez lor daitekeen informazioari esker eta gazte askok duten formakuntzari esker, maila handiko lanak egiteko antolatzeko gai gara», azaldu du Alvarezek.

Beti etorkizunera begira daude; hori dela eta, enpresaren hazkundean eta garapenean egiten duten inbertsioa nabarmendu du Alvarezek. «Asaken sortu zen garaian bazeuden hainbat enpresa txiki lan gutxi batzuk egin eta diru mordoa ateratzen zutenak; guk, ordea, diru hori inbertitu egiten dugu, askoz gutxiago irabazi, eta enpresa promozionatzeko, produkziorako baliabide onenak lortzeko eta lantaldea handitzeko erabiltzen dugu».

Kooperatibaren abantailak

Ingeniariak, igeltseroak, arkitektoak, soldatzaileak... 42 langilek osatzen dute Asaken eta bakoitzak bere ofizioko formakuntza izateaz gain, sokak erabiltzeko prestakuntza ere jasotzen du. Horietatik 34 dira bazkideak, eta, beraz, enpresa kudeatzen dutenak. Kooperatiba bat izanda, ez dituzte erabiltzen enpresa kapitalistetan aplikatzen diren politika berberak. «Enpresa baten jabeek urteko helburuak finkatzen dituztenean, orokorrean, helburu ekonomikoak izaten dira: diru kantitate bat irabaztea. Guk ere baditugu mota horretako helburuak, baina ez daude lehenengoen artean, eta horrek egoera guztia aldatzen du», azaldu du zuzendariak. Gainerako jomugen artean, honakoak daude, besteak beste: lanaren banaketa, lan falta dela-eta kooperatibatik inor ere ez kanporatzea, langileen denbora librea errespetatzea, segurtasun helburuak, profesionalki garatzea eta formakuntzan inbertitzea. Asakenen, horiek guztiak dira helburu garrantzitsuenak, eta ez urte amaieran «diru kopuru» bat irabaztea.

Helburu horiek finkatu izanak ezohiko erabakiak hartzera eraman dituela kontatu du zuzendariak. Egunean sei ordu lan egitea, horrela arratsaldeak libre dituzte trebakuntza jasotzeko, familiarekin egoteko, edo nahi dutena egiteko. Urtero egun batzuk eta diru kantitate bat dute formakuntzan gastatzeko.

«Laburbilduz, norbera enpresaren jabe izatean, langile gisa onurak lor ditzake, eta horrek hobeto lan egitera animatzen du. Horrek guztian du eragina, aldartean, bizi kalitatean eta bezeroei eskaintzen zaien zerbitzuan ere igartzen da; izan ere, lantaldeak prestakuntza du, baita motibazioa ere».

Langileak jabe

Bazkideak dira enpresaren jabe eta bozketa bidez, errektore-kontseilua aukeratzen dute. Bazkide guztiak elkartzea oso zaila denez, talde hori astero biltzen da, enpresaren nondik norakoak eztabaidatzeko. Horiek izango dira enpresaren ordezkariak; dena dela, asanbladan beti alda daiteke taldea.

Kontseiluak zuzendaria aukeratzen du. Egun Oskar Alvarez da, eta bere betebeharra urteko plana diseinatu eta bazkideei aurkeztea da, beti aurretik jarritako helburuen arabera. Taldeak plana onartuz gero, zuzendariak enpresa egitura bat sortzen du, enpresa kapitalista baten antza hartuz, saileko arduradunak, eraikuntza-laneko burua, taldeko burua, etab. Dena dela, egitura piramidala egon arren, hierarkia horretako maila ezberdinetan aritzen diren langileek aginte maila berbera dute. Alegia, behargin guztiek bazkideen asanbladan parte hartzen dute, eta bertan erabakitzen da lan egiteko modua eta zein printzipioren arabera.

Talde lana eta kooperazioa, bezeroari orientazioa, zintzotasuna eta erantzukizuna, eta enpresarekiko konpromisoa; horiek dira Asakenen balioak, hurrenez hurren. «Eskuliburukoak» diruditen arren, asko pentsatutako ideiak direla dio Alvarezek. «Txorakeria eman dezake, baina balioak izatea oso garrantzitsua da; izan ere, horietan oinarritzen gara erabaki asko hartzeko».

Bezeroa, bigarren lekuan

Normalean, aurreneko balioa bezeroa izatea gomendatzen dute enpresa-ikastaroetan, baina Asakenek bigarren lekuan jarri du. «Logikoa da, baina guk ‘talde lana eta kooperazioa’ jarri dugu lehenengo lekuan, taldea ez bagara, ez baitugu etorkizunik».

Emaitzak txarto joanez gero, hainbat neurri hartzen dira kooperatibetan. Lehenengo eta behin, asanblada deitu eta gertatu dena aztertzen da, zer egin daitekeen, hain zuzen ere. Bazkide guztien artean konpondu behar da arazoa: soldatak jaistea, ordu gehiago lan egitea denbora tarte batean, zenbait estrategia norabidez aldatu, etab. «Ariketa komun hori egitea oso positiboa da, izan ere, erabakiak hartzeko orduan eskuratzen den informazioa askoz ere aberatsagoa da. Gainera, hartu beharreko neurriak langileek proposatzen dituzte; beraz, inork ere ez du ezer inposatzen. Hartu eta praktikan jartzen dira».

Krisia denon hizpide den garaian

«Nahiko ondo kudeatu ditugu azken krisi urte hauek». Oraindik krisia heltzear zegoenean, dirua «poltsikora» eraman ordez, inbertitu egin zuten, eta orain, sektore eolikoan sartu dira, krisirik ez dagoen arloan. «Horrek bizirauten laguntzen digu, eraikuntza sektorean geratu izan bagina, desagertu egingo ginen; hala ere, horrek ez du esan nahi krisiak eragiten ez digunik».

Krisiarekin badirudi kooperatiben diskurtsoak indarra hartu duela. «Fabriken itxieraren kontrako protestak ikusten ditugunean, geure artean pentsatzen dugu... Zergatik ez ote duzue kooperatiba bat sortzen eta fabrika aurrera ateratzen? Kooperatibak alternatiba izan daitezke, fabrikak egon badaude, makinak eta langileak ere bai, baina antolatzeko ahalmena falta da. Bestalde, langileek hainbat urte daramatzate lan-eskema berberarekin funtzionatzen eta antolaketa modu bat barneratzea ez zaie erraza egiten».

Alvarezen ustez, instituzioen aldetik laguntza bat egon beharko litzateke enpresak kooperatibizatzeko. Langileak kooperatiban bilduz gero, «ahaldundu» egin daitezkeela deritzo eta antolaketa mailan salto bat eman. «Baina horretarako, antolatzen jakin behar da, eta kooperatiba oso tresna ona da. Dena dela, merkatutik libratzerik ez dago; kontsumo merkatuan eta merkatu ekonomia honetan bizi garen artean, presioa hor egongo da, eta kooperatiba ez da konponbidea». Zuzendariaren esanetan, kooperatibagintzak badu oraindik bidea egiteko, baina baditu mugak ere.

Bestalde, heziketari garrantzia ematen dio Alvarezek; haren ustez, ez gaituzte hezi kooperatiba batean lan egiteko. «Kooperatiba eredurik egon badago, eta gizarte aldaketa gauzatzeko indar itzela dute, baina kontzientzia eta giza-garapena beharrezkoak dira eraginkorra izateko», nabarmendu du.

Soka bidezko sarbidea

Sokekin lan egiten dute. Oso tresna balioaniztuna da, eta askoz ere modu seguru eta azkarragoan lan egiteko aukera ematen du. Aldamio eta jasogailuak baino askoz ere seguruagoak dira sokak, eta hala diote istripuen estatistikek. Horrez gain, berrikuntza faktorea ere badago, ingurumen arloan abantaila mordoa ditu soken erabilerak; ez dira makinak produzitu behar, garraioa, kamioiak, zarata, muntaia. Garapen profesionalari dagokionez, langilea aditua da ofizio batean eta horrez gain, soken profesionala ere bada. «Segurtasuna kontuan hartzea ezinbestekoa da, eta sokak erabiliz, gure segurtasunaren erantzule zuzenak gara, guk dugu kontrola, ez beste norbaitek diseinatu duen makinak, edo muntatuta dakarten aldamio batek».

Asaken ez da soken bidez lan egiten duen enpresa bakarra, baina baditu hainbat ezberdintasun antzeko lana egiten duten taldeekin. Hainbat lan-lerro dituzte: ingeniarien lana da oinarria, proiektu fasean hauek bezeroarekin zuzenean egiten dute lan bulegoan. «Bezeroak ez ditu sokak ezagutzen, beraz, proiektuan azaldu egin behar zaio zeintzuk diren horiek erabiltzearen abantailak, zein neurri hartu behar diren, nola egiten den... Hori oso garrantzitsua da, eta enpresa askok ez dute kontuan hartzen», azaldu du Alvarezek. Ostean, gauzatzea dator, eta fase horretan lehia handiagoa dute, batez ere eraikinak birgaitzean. Altuerako segurtasunean ere egiten dute lan; hau da, segurtasun sistemak instalatzen dituzte gainontzeko enpresetako langileek erabil ditzaten. Industria sektorean ere lan espezifiko batzuk egiten dituzte, haize-errotetan, edo petrolio-plataformetan, esaterako. Orokorrean, gainontzeko enpresek egiten ez dituzten lanak dira horiek, teknikari eta akreditazio faltagatik. «Lan bertikalak egiten dituen enpresa arrunt batek ez ditu izaten lan horietan eskatzen dituzten akreditazioak. Hainbat iragazki pasatu behar dira, kalitatearena, segurtasuna, langileen prestakuntza...».

Segurtasunaren bermea ere kooperatiba horren tasun garrantzitsua da. IRATA (Industrial Rope Access Trade Association) taldearen ziurtagiria dute Asakeneko langileek. Nazioarteko akreditazio estandarra da; langileak eta enpresa akreditatzen ditu sokak erabiltzeko. Horretarako formakuntza berezi bat jaso behar dute eta enpresak auditoria bat pasatu behar du.

80ko hamarkadan, Eskozian sokak erabiliz hasi ziren lanean. Iparraldeko itsasoan, hainbat petrolio-plataforma zeuden eta espeleologo eta eskalatzaileak eskegi egiten ziren konponketetan aritzeko. Espainiar Estatuan bazeuden aldamioaren ordez sokak erabiltzen zituztenak ere. Baina ez zegoen batere kontrolatuta, eta eraikuntzaren boom-a iritsi zenean, arriskutsutzat hartu zen praktika hori eta debekatu egin zuten. Britainia Handian, ordea, horrela lan egitean diru asko aurrezten zela ikusi zuten, eta debekatu beharrean, gauzak ondo egiteko protokolo batzuk sortzea erabaki zuten. Guztia finkatu ondoren, Gobernuak protokoloa derrigorrez jarraitu behar zela ezarri zuen. Beste herrialde batzuetan ikusi zuten ondo antolatuta zegoela, eta euren herrialdeetan aplikatzea erabaki zuten; IRATA akreditazioa izan gabe ezin da lanik egin sokekin. Hau munduan barrena hedatu zen, eta gaur egun hainbat herrialdek eskatzen dute: Europa osoan, Espainian eta Portugalen izan ezik; Ameriketako Estatu Batuetan; Australian; Zeelanda Berrian...

Horren aldeko apustua egin zuten Asakenen. «Arazoak izan genituen. Inbertsio handia egin genuen akreditazioa lortzeko eta hemen ez da eskatzen. Baina Gamesa, SGS edo petrolio-plataformak dituzten enpresa handietan lan egiteko ezinbestekoa da ziurtagiria izatea. Legeak behartzen ez dituen arren, ez dute lan-istripurik izan nahi, eta hor gu gara prestakuntza egokia dugun bakarrak».

Prekarietatea eta lan-istripuak askotan izaten dira berri garaiotan, baina langileen segurtasuna da kooperatibaren lehentasunetariko bat. «Modu sinple batean azalduta, argi dago kontu politikoa dela. Legeak egiten dituztenek ez badute zorrotz arautzen, obrak egiten dituztenentzat erraza da kostuak murriztea, eta horren guztiaren ondorioa istripua da», azaldu du Alvarezek. Legedia egon badagoen arren, segurtasun neurriak betearaztea ez dela batere kontrolatzen kritikatzen du zuzendariak. Horrela, segurtasun baliabideetarako diru gutxien jartzen duena da lehiakorrena, eta gainontzekoak, prezio altuagoak dituztenez, desagertu egingo dira. «Prekarioenak du abantaila handiena».

Egin dituzten lanetatik, ETBko Basque Country Vertical saioan egindakoa iruditzen zaie «politena». Soken laguntzaz leku ezagunetan eskegitze saioak agertzen zituen Erresuma Batuko BBC telebista kateko programa bat eredu hartuta, Asakenekoei deitu zieten Euskal Telebistatik, antzeko ikuskizuna egin nahian. Hogei bat tokitan grabatu zuten: Arantzazuko santutegian, Zumaiako flysch-ean, Nerbioiko jauzian, Baionako katedralean... «Lan handia izan zen, baina oso ondo pasatu genuen giroz aldatu eta leku ederrak ikusi genituelako», kontatu du Alvarezek.

Toki ezagunekin jarraituz, Portugaleteko Bizkaia Zubia margotzen aritu ziren, «ikusgarria» izan zen egun batean bukatu baitzuten tenkagailuetan egin beharreko lana. Bilboko eraikin altuenetarikoetan, Iberdrola eta Isozaki dorreetan hainbat lan egin dituzte, baita Etxebarria parkeko tximinian, edo San Mames futbol zelaiko estalkian, obretako lehenengo fasean ibili ziren.

Euskal Herritik kanpo ere aritu da lanean kooperatiba; izan ere, haize-erroten proiektuak izan dituzte Irlandan, Frantzian, Suedian, Dinamarkan zein Eskozian.