Iratxe Esnaola

Askatasun digitalaren lau aurpegiak

Askatasun digitala eta pribatutasunaren paradoxa lotuta daude.
Askatasun digitala eta pribatutasunaren paradoxa lotuta daude.

Askatasun digitalaren lau aurpegiak dira F-Secure erakundeko Mikko Hyppönen eta David Hasselhoff kideek argitaratu duten manifestuaren oinarriak. Maiatzaren 6tik 8ra bitartean Berlinen egin konferentzia batean eman zuten ezagutzera manifestua. Mugimendu honen helburua askatasun digitalaren eta bere egungo egoera ahularen gaineko kontzientzia areagotzea da. Horretarako kanpaina ezberdinak antolatuko dituzte eta fundazio bat ere sortuko dute, askatasun digitalarekin arduratuta dauden beste erakundeekin elkarlanean aritzeko. Manifestuak lau puntu nagusi ditu:

 

Lehena. Masen zainketaren askatasuna. Azken urteotako zaintza-teknologiarik erabilienak smartphoneak, mugikorrak eta Internet sarea dira. Zaintzarako erabiltzen dituztenek, gaizkileen kontrako neurriak direla diote, zaintza hori herritar ororengana irits daitekeela nabaria den arren. Baliabideak sortuta eta jendartean erabat banatuta daude, masa-zainketarako erabiltzeko. Manifestuaren lehen puntuak masa-zainketa horren aurka egiten du.

 

Bigarrena. Pertsekuzio digitalaren askatasuna. Ahanzturarako eskubideari hertsiki lotuta dago askatasun hau. Informazioa gordetzea informazioa deuseztatzea baino merkeagoa eta errazagoa den garaiotan, egun argitaratzen den informazioa gerora gure aurka erabiltzeko aukerari egiten dio erreferentzia puntu honek. Hortaz, egun argitaratzen dugun hori askatasun osoz argitaratu eta etorkizunean gure aurka ezin erabiltzea defendatzen du.

 

Hirugarrena. Kolonizazio digitalaren askatasuna. Puntu honek teknologiek jendartean eragin duten eraldaketa du oinarri. Eraldaketa hori zer neurritan onartu edo ez onartu aukeratzeko askatasuna eskatzen du.

 

Laugarrena eta azkena: Mugimendu, eztabaida eta atzitze digitalerako askatasuna. Modu pribatuan idazten duguna maila pribatuan mantentzearen alde egiten du askatasun honek. Hau da, idatz ditzakegun mezu pribatuak, pribatuak izatea, eta nahi dugun hori idazteko askatasuna izatea.

Manifestua, bere osotasunean, ekarpen positibotzat hartzen dut. Edozein kasutan, iruditzen zait askatasun digitalaren kontua erabat lotuta dagoela pribatutasunaren paradoxekin (horretaz aritu nintzen txoko honetan duela lau aste). Esaterako, eraman dezagun pribatutasunaren lehen paradoxa, «dena nahi dugu», manifestu honen lau puntuetara.

 

«Dena nahi dugu», hau da, teknologien onura guztiak nahi ditugu. Beraz, nahi dugu smartphone bat gure poltsikoan modu erraz, bizkor eta “merkean” komunikatzeko, baina ez gaitzatela masen zainketan sartu, guk komunikatzeko behar dugu-eta (askatasun digitalaren lehen puntua).

 

Nahi dugu ere, nahi dugun hori argitaratu, gogoa ematen digulako, orain hori erabaki dugulako, baina gerora ezin zaigu aurka etorri, ez. Argitaratzen dugu eta une horretan bertan bukatzen da argitaratu dudan horren gaineko nire ardura guztia (askatasun digitalaren bigarren puntua).

 

Oro har, teknologien onurez baliatu nahi dugu, eta erabiltzen ditugu, modu masiboan jendartean. Horrek jendartea eraldatzen du, noski, abiadura bizian gainera. Baina ez, guk eraldaketa hori kolonizazio gisa ulertzen dugu eta ez zaigu bere osotasunean interesatzen. Teknologien eraldaketa kontrolatu nahiko bagenu bezala, egunero teknologiekin nahi dugun guztia egin eta gero (askatasun digitalaren hirugarren puntua).

 

Eta azkenik, pribatua dena pribatua izateko aukera. Sare sozial batean pribatutasuna konfiguratzen badugu ere, sare sozial batean gabiltza, hau da, enpresa batek sortutako tresna batean. Hor ezin dugu pribatutasun totala exijitu. Pribatutasuna nahi baldin bada, modu seguruan nabigatzeko neurriak hartu behar dira gutxienez (askatasun digitalaren laugarren puntua).

 

Iruditzen zait, askatasun digitalaren manifestua egokia izan daitekeela, baina aurrez norberak arduraz jokatu eta gero. Teknologiekin nahi dugun guztia egin eta gero askatasun digitala eskatzea, gehiegitxo da. •