Oihana Llorente Arretxea

Iñaki «stepi»

Musika du gudu-zelai eta badira hamabost urte Bad Sound System zigilupean batailan dagoela. Musikazale amorratuak paradisua aurkitu zuen haserretuen soinu banda den reaggearekin. Entxufea eta baflea nahikoa ditu giroa zabaltzeko, eta taberna zokoan ala txalupan aritzen da kontzertuetan, bai eta Manu Chaoren ondoan ere.

Nortasun agiriak Iñaki Etxeberria dela dio, musika munduan, ordea, inork gutxik ezagutuko du horrela, Selektah Stepi goitizena hartzen baitu nahasteko mahaiaren atzean ipini eta berehala.

Musikazale amorratua umetatik, paradisua deskubritu zuen reggaearekin batera. Haserretuen musika «pintxatzea» afizio du ordutik, musika eta gizarteari kritika egitea eskutik baitoaz beretzat.

Hamabost urte joan dira jende aurrean lehen diskoa ipini zuenetik. Bad Sound System izenarekin egin zuen estreinaldia, eta, izen horrek lagundu du gaur arte. Merkatuan hiru disko ipini dituen talde oparoa bihurtu da gainera, Bad Sound System marka.

Oholtza ala kamioia, tabernako zokoa edota Bilboko itsasadarra nabigatzen duen txalupa. Edozein agertoki dute musika ipintzeko egoki. Mahai bat, entxufe bat eta bi bafle nahikoak ditu-eta Bad Sound Systemek jai giroa nonahi hedatzeko.

Selektah da Stepi, eta ez DJa. Adituak ez garenontzat, lehena musika aukeratzailea da, eta bigarrenak musika hautatzeaz gainera teknika erabiltzen du. Stepirentzat beraz, teknika musikaren zerbitzura dago, eta ez alderantziz.

38 urte ditu irundar honek eta umetatik du musika gustuko. Solfeoa ikasi ostean, lagunek akordeoiaren eta pianoaren alde egin zutenean, biolina hautatu zuen Stepik. Pianoa nahi zuen berak ere, baina hamargarren solairuan bizita, ama ez zegoen tramankulua eskaileretan gora igotzeko prest. Arrazoi praktikoengatik beraz, biolinarekin konformatu behar izan zuen.

Biolinarekin musika klasikoa jotzeaz gogaitua, euskal taldeen eskutik bestelako musika bilatzeari ekin zion nerabezaroan. Ama tabernaria zuen eta hari laguntzeko asmoz barraren atzean pasa zituen orduak, biniloak deskubritzen eta, bide batez, txikiteroak erotzen.

Kortatu eta Hertzainak topatu eta horiek garraiatu zuten Reggaearen mundura. Oraindik abandonatu ez duen mundura. «Reggaeak influentzia handia izan du Euskal Rock Erradikalean, ‘Sarri Sarri’ kantak berak doinu jamaikar batean du oinarri», argitu digu. Ingalaterran 1976an sortutako The Clash taldeak ere berebiziko eragina izan du Stepirengan: «Langileen auzoetan jamaikar etorkinak eta Ingalaterrako gazteak elkartu eta krisi garai hartan gauza asko egin zituzten elkarrekin. Zuri eta beltzen arteko borroka hori hautsi zuten, mugimendu bat izan zen, ez musikala soilik, kulturala ere bai», dio bere talde maitatuenetakoa mintzatuz.

Auzoko txikiteroen osasunerako, Bad Depor tabernak kontratatu zuen Stepi. Irungo Mosku auzoan dagoen taberna mitikoan, garagardoa aparrik gabe ateratzen zuen erritmo berean ikasi zuen musika ipintzen. Eta orduko lankideak bidaide hartuta hasi zuen Bad Sound System izena hartu duen bidaia. 1998. urteko Irungo jaietan egin zuen Bad Sound Systemek bere lehen emanaldi publikoa, eta ordutik hamaika jira-bira eta lagun izan ditu proiektuak. DJ Martin, Joanes, Kenitra... jende asko pasa da Stepi komandante izan duen proiektu honetatik, baina egun Bad Sound System moduan ezaguna den taldea 2003an sortu zela esan daiteke; orduan igo baitziren Moro eta Masta tren honetara, Stepik ipintzen duen musika, oraindik ere, hitzez eta mezuz betetzen duten abeslariak.

Berezia da oso Bad Sound System taldeak bafleetatik zabaltzen duen musika. Pertsonalitate propioa duen soinu banda da, handik eta hemendik edandakoa. Stepik reggaeren munduan nabigatzen zuen bitartean, hip-hop eta rapean murgilduta zeuden Moro eta Masta. Stepik kaskoak belarrietan musikarekin bidaiatzen zuen bitartean, hitzekin hegan egiten zuten besteek. Denak, baina, metro karratu berdinetan, musika lokalak atea atearen kontra zituzten-eta.

Morok eta Mastak euren terrenora eraman zuten lehenengo, rap DJ moduan oholtzara igo baitzuten Stepi behin baino gehiagotan. Bueltan etorri zen mesedea eta rap hitzak zirenak reggae erritmora ekarri zituzten, Bad Sound System berritua sortuz.

Hamaika urteko bideak hiru diskoko uzta ekarri du, –“Buiaka 2004, “Kalean” 2008an, eta “Aldaketa” 2012an–. Gogoan du oraindik lehen diskoa argitaratuko zutela jakin eta ezin sinetsita igarotako egunak. «Zuzeneko bat egitera gonbidatu gintuen Fermin Muguruzak. Gure bosgarren edo seigarren kontzertua izango zen ordukoa, eta dena grabatu zuen. Hiruzpalau hilabetez entzuten egon ondoren publikatzeko baimena eskatu zigun; oso gustukoa zuela zioen», ekarri du gogora Stepik.

Metak-en zigilupean ateratako diskoari esker iritsi ziren hainbat irrati eta bozgorailutara. Lagunarteko esperimentu bat zena proiektu serioagoa bihurtu zen orduan.

Bad Sound System ontzen joan den heinean, Euskal Herriko hip hop eszena bera ere sortzen joan da. Begirada atzera bota eta, Selektah Kolektiboaz gainera, garai hartan Reggaeren munduan inor gutxi gehiago zebilela aipatu du Stepik. Urteen poderioz, baina, ezinezkoak ziruditen egitasmoak loratu dira. Bereziki gogoan du Infozazpi irratiak bultzatuta, Euskal Herriko 17 rap taldek osatutako “Rapherria” diskoa, euskarazko aurreneko rap bilduma. «Gu hasi ginenean pentsaezina zen halako zerbait, baina, eszena honen bilakaera bizi ahal izatea oso polita izan da», dio hunkituta Stepik.

Entzuleak ere gaitzen joan direla uste du irundarrak eta «gozamena» deritzo orain jotzeari. «Jendeak gure musika ezagutzen du eta zer nahi duten jakinda datoz orain. Reggaeren kultura dago eta sekulako aldea da», azaldu digu. Gogoan ditu oraindik Bad Sound Systemen lehen kontzertuak: «Ordu erdiko saioa egina genuenean behin baino gehiagotan etorri zaizkigu kontzertua noiz hasiko genuen galdezka –ekarri du gogora barre artean–. Bateria eta gitarrarik gabe zein kontzertu klase ote zen zur eta lur uzten genituen denak». Sorpresaz hartu arren, giro ezin hobea hedatzen zutela ikusita, oholtza gehienetan behin baino gehiagotan errepikatu dute irundarrek.

Espazio txikitan moldatzeko aukera izanik, taberna ugari izan dituzte agertoki. Euskal Herrian barrena dauden tabernetan abiatu zuten euren ibilbidea, eta egun ere ez diete agertoki berezi horiei muzin egiten. «Azpiegitura handien beharrik ez dugunez, ondo moldatzen gara taberna zokoetan, eta horiek izan dira gurekin konfiantza hartzen lehenak», aitortu digu.

Bidea ibiliz egiten da, eta Bad Sound Systemekoak oholtza handietarako eskailerak ere igo dituzte behin baino gehiagotan. Agertokietako soinu kalitateak zirrara eragiten badio ere, Stepik ez dio inoiz jendearen gertuko bibrazioari uko egingo, hori du-eta energia iturri. «Zuzenekoak tren bat dira, oso azkar pasatzen zaizkigu; are gehiago, jendearekin konektatzea lortu eta dantzan jartzen ditugunean. Hori mundiala da!», esan du.

Entxufea, pare bat bafle eta mahaia nahikoa izanik, batailarako prest dira beti Bad Sound Systemekoak. Irungo sanmartzialetan edota Iruñeko sanferminetan Udalaren baimenik gabe askotan aritu dira, «gure ekipoa ezkutatu edo korrika alde egiteko modukoa izaten da-eta», dio barrez. Argi dute gainera, musika dela euren gudu-zelaia, eta tresna horren beharra duten guztien eskura jartzeko arazorik ez dute. •