Kattalin Miner

«Xalala Riki Riki»

Berbenak hartu du martxa eta aurrera goaz, harrotuta, euskal kantagintzaren zurrunbilo azalekoenetan gorputza mugituz. Zelako «barregura, nostalgia eta usain udatiarra biltzen duten berbernek» pentsatu duzu, eta bitan pentsatu gabe, cowboy gisako pausuak dantzatzen ikusi duzu zure burua talde koreografia baldarrean.

Rantxeren ordua iritsi da bat-batean, ederrak horiek ere, eta, gurean hain errotuta dauden hainbat kantuen artean, ezezaguna zaidan baten letran ohartu eta, hara!, «mátala!» dio, emakume gaizto hark egindako mina emendatzeko. Inguruko lagun feministei begira halako bat-bateko dantza uzte bat gertatu da gure artean, eta ironiaz baina haserre samar errepikatzen dugu estribillo hilkorra.

Ezin izan dugu aipatu gabe utzi, hasieran dibertigarri suertatzen ari zen berbenaren tupusteko gainbehera, baina ez gara errenditu. Alboan lagunak honakoa esan dit irribarre maltzurrez: «Lasai, oraindik onena heltzear dago: Betizu eta Xalala!». Eta algaraka ari garela, zast! Hor hasi behar izan dugu «esponja hartu eta xaboitzen». Komentario are kuriosoagoa egin didazu atzetik: «Eta orain fijatu zaitez, ‘igurtzi, garbitu, zilbor eta titi’ dioenean zenbat neskek igurtziko dituzten titiak ganoraz». Eta arrazoi osoa duzu, titirik ukitu gabe titiak igurztearen keinuak soilik nabari ditut inguruan.

Hala, aurreko gauera egin dit salto buruak. Nola, bart lo sakon egin dudan dantzaz lehertu eta izerditu ostean. Nola, bart, Goseren doinuen aurrean lizunki eta dibertigarri norberaren titiak ez ezik, albokoarenak ere gogor estutu ditugun besterik gabe.

Testuingurua bera ez, baina antzekoa izan liteke, eta, han gauden asko, bart Goseren doinuetan dantzan ibilitakoak gara. Baina gaur titiak igurzteak halako «ez-dakit-zer» bat ematen digula dirudi, berbena dezentzia aura batek hartu izan balu bezala.

Dekadentzia horretan berbena uztea erabaki dugu, «emakumea gizakia da» entzun behar izan aurretik (komentariorik ez kantu honi, bere horretan artikulu oso bat merezi baitu); eta horrekin batera etxerako bidea hartu dut, nekatuta gaur ere, baina ez hustuta. Egia esan, gauaren sargoria dela agian, edo «paraba-pa-pa-paraba, perebe-pe-pe-pere» buruan errepikakor geratu zaidalako, goizaldea ikusi dut leihotik sartzen, begiak zabal-zabalik ditudala oraindik.

Gustuko ditut dantza tontoak, gustuko berbenak eta jai giro nerabeak, baina zerbaitek esan dit jada ezin ditudala hainbat gauza egin gertatzen ari denari erreparatu gabe. Ezin ditudala hainbat gauza disfrutatu lehen bezala.

Hain sentitzen dut nire burua zorioneko nahi dudanekin nahi dugun bezala aritzen garenean, hain zorioneko inork zer nahi eta behar dudan esaten ez didanean, hain zorioneko gizontasunaren babesaren beharrik gabe... gero eta drastikoagoak zaizkidala kontraste horiek.

Goseren doinu eta hizki ezin lizunagoek, ezin feministagoek eta ezin inpertinenteagoek, agertokian hartzen duen presentziari gure uda gauetako lizunkeria eta askatasun haizeak batuta (eta esan dezagun gustura), gure dantzakera nobenteroak nahastuta, geldiezin egiten gaituzten sentsazioa lortu zuten bart nire baitan.

Eta jada ez dugu «xalala»-rik behar gure bularrak estutzeko, ezta saturdaynight-ik aldakekin mugimendurik egiteko. Behar ditugu lagunarte lizun eta feministak, nahiko bolleroak egia esan, eta kontundentzia eta ziurtasun bakarra: zorioneko garela gure ipuinean, zorioneko gure aukeretan, zorioneko gure asmakizunetan, eta elkarri gogotsu eta ozen esaten diogula: baietz da baietz!

Udako guda dantzek har diezazutela gorputza “amigas”, gero eta argiago nabari baitut irabazi dugun sentsazioa. •