Nagore Amondarain

«Barbau hamalau»

Ikuskizuna egingo den herriaren bila zoazela, kamino kontrako egurrezko iragarkiak soilik ikusten dituzu, noizbehinka bidea markatzen. Eta handik gutxira, Zuberoan ikustea zaila den auto ilara, ordu berean eta norabide berdinean. Ez da dudarik orduan denok Ozaze herrira goazela. Hantxe estreinatzen baitzen uztailaren hondarrean uztailaren hasieran egin beharreko eta uholdeen eraginez bertan behera utzitako ikuskizuna. Ez pentsa Ozazen adreilu garestiz eta kristal dirdiratsuz eraikitako kultur etxe baten bila genbiltzanik, ikuskizuna erreka bazter batean baitzen ematekoa, hau da, kanpoan, aterperik gabeko zuhaitz arte batean. Autoak aparkatzeko soro batera gidatzen zaituztenean eta autoak ilaran plegatuta ikusi, jabetzen zara espero den jendetza handia izango dela.

Ilunabarrekin hasi eta ilunpetan bukatzeko emankizuna izan zen “Barbau hamalau”; hori ere ondo pentsatuta zuten, hasiera ordua eta beharrezko argitasuna eszena bakoitzaren intentsitatean. Sarrerak erosteko tokia egurrez eginiko petril xume bat zen eta, agertokia jarrita zegoen tokiraino iristeko, lastategi batetik igaro beharra zegoen, traktore eta gainontzeko lanabesak agerian zirela. Lagun batek esan zidan: «Ikuskizuna Hegoaldean balitz, lotsak hau guztia estaltzera eramango gintuen». Zeri lotsa ordea? Lanabes haiek erakusketa baten agertoki izateko baliatu zituzten, bertako arte sortzaileek beren obren instalazio batzuk tartekatu zituztelako guztioi erakusteko agertokirako bidean. Erreka kontrako agertokiak ez zuen gauza handirik, ikusleentzat oholezko harmaila txiki batzuk eta umeentzat lurrean botatako maindire beltz batzuk. 100 urte atzera egin beharko genuela soilik genekien, 1914an hasitako I. Mundu Gerrari buruzkoak kontatzen omen zituelako obra multidisziplinarrak. Ipar Euskal Herrian I. Mundu Gerrak izan zuen eraginaren berri topatuko genuela uste genuen, hau da, nola guda hark herri honen zati bat frantsestea lortu zuen, nola eraiki zen orduko hartan batasun nazional bat frantsesekin bat. Baina haratago eraman zuen Ttittika Rekaltek kontakizuna; egungo botereari kritika zorrotza, artaldeak legez kontrolaturiko Urdintegi izeneko alegiazko aberri bat… Eta hori guztia tradizioaren eta modernitatearen arteko nahaste batean, antzerkiaren molde klasikoena hip hop erakustaldi batekin uztartu baitzen inongo arazo barik. Musika, interpretazioa, testuak…

 

Euskalkia ulertzeak izan ditzakeen trabez gaindi, burlatik eta irribarretik tragediarako saltoa erraz egin genuen han bildutakoek; ikuskizunaren gordintasuna eta intentsitatea erraz sumatu ziren suzko eztanden unean, gerra irudikatzeko interpretazio harrigarrian, adibidez. Eta zelan ez, ondoren etorri zen Gorka Knörren “Azken agurraren negarra” abestia, askoren negar anpuluak zein hortzen arteko talka lehorra ekarriz «Morts pour la patrie, euskuara baitzik etzakiten haiek morts pour la patrie» entzutean zein aho txikiarekin abestean.

Biziraun nahi duen herri batek ez du asko behar, esateko duen hori benetan sendoa eta zabaldu beharrekoa denean, berdin-berdin dio zoro baten erdian izanda ere. Hegoaldean alimaleko kultur etxe eta instalazioak ditugu, aurrez inoiz eduki gabeak sarri, baina hustuak. Azala eta mamiari maila bereko garrantzia emanez gero, oskol bigunagoa lukete gure kultur espazioek, eta, ateak, berriz, parez pare irekiak. •